Aralarko ondare kultural eta naturala bildu dituzte liburu batean

Aralar, mundua leku den lurra liburua aurkeztu dute gaur goizean. Izen bereko dokumentalerako egindako testua da liburuaren oinarria. Lorea Agirre eta Idurre Eskisabel dira testuaren egileak, eta Iban Toledorenak dira irudiak. 

Liburuaren egileak gaur goizean egindako aurkezpenean. EREIN ARGITALETXEA
Ainhoa Larretxea Agirre.
2020ko maiatzaren 27a
13:00
Entzun

2018ko irailean aurkeztu zuten On Produkzioak eta Landarlan elkarte ekologistak Aralar, mundua leku denlurra dokumentala. Dokumentalerako espresuki sortutako testua eta irudi esanguratsuenak liburu batean bildu dituzte orain. Erein argitaletxeak argitaratu du lana, eta gaur aurkeztu dute, Donostian. Lorea Agirre eta Idurre Eskisabel dira testuaren egileak, eta Iban Toledo arduratu da alderdi grafikoaz. Liburuaren zein dokumentalaren helburua Aralarren ondare natural eta kulturala gizarteratzea da.

«Magia du testuak; Aralarrerako sortua da, baina aldi berean unibertsala da». Aloña Jauregi dokumentalaren sustatzaile eta Landarlan elkarte ekologistako kidearen hitzak dira. Jauregik kontatu duenez, dokumentalaren 80 emanalditik gora egin dituzte, eta horietako anitzetan eskatu diete testua bere horretan ere argitaratzeko. Orain, liburua argitaratuta, idazleek liburuaren irakurraldi publikoak egingo dituztela aurreratu du Jauregik, ziur aski dokumentaleko zuzeneko musikarekin batera. 

Agirrek eta Eskisabelek onartu dute liburua egiteko eskaria «oparia» izan dela beraientzat. Goierritarrak dira biak, eta txikitatik Aralarrekin harreman estua dutela kontatu dute: «Aralar, guretzat, mundua leku egiten den lurra da. Aralar ume-umetatik gure bizitzan egon da, eta gure aurrekoak ere Aralarretik datoz. Gure mendiaren irudia Aralar da», nabarmendu du Agirrek. Eskisabelek ere Aralarrekin duen harreman berezia kontatu du: «Guk Aralar gure lekutzat dugu. Aralarrekin harreman estua izan duen genealogia baten parte gara».

Eskisabelek nabarmendu du hasieratik argi ikusi zutela zein zen testuaren noranzkoa: «Aurrerabideak eta deshazkunderako premiak dakarren tentsioa. Aralarren balioaz hitz egitean, tentsio horren aurrean sentitzen ginen». Tentsio hori irudikatzeko, testu poetiko baten hautua egin dute bi idazleek.«Asmo orokor horrekin, adituen ahots polifonia bat zegoen, gure beste hizketa bat eskatzen zigun. Testu poetiko bat egitea eskatzen zigun, kultura zientifiko hori beste bide batetik helaraztea. Metaforak erabiliz, zer pentsatua emanez..», azaldu du Agirrek. Hala, testu «politiko-poetiko» bat ondu dutela azpimarratu du. «Aralarko artzainaren esaldi batek laburbiltzen du poetikotasun eta politikotasun hori: 'Larreak lortuko baditugu, Lizarrak eman behar dizkiogu', esaten du berak. Ideia hori testura ere ekarri dugu. Bertako bizi esperientzia handia duen batek nola ulertzen duen tentsio hori. Hortxe dago ideia politiko eta poetikoa». 

Testuaz harago, dokumentalean azaltzen diren fotogramek osatzen dute liburua. Dokumentala egitean buruan iltzatuta geratu zitzaizkion irudiak sartu ditu liburuan Toledok, eta, adierazkorrak izan litezkeen fotograma gehiago ere badauden arren, emaitzarekin «gustura» gelditu dela nabarmendu du: «Gozatzeko liburu bat da», nabarmendu du.  

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.