xabier martin
Analisia

Euskal bozen fokua, Madrilen

2020ko maiatzaren 27a
16:34
Entzun

Igarlerik onenak ere ez zuen asmatuko koronabirusak eragindako egoerak nolako ariketa politikoak ekarriko zituen azken egunetan euskal alderdiei dagokienez. EAJk pozarren iragarri du PSOErekin akordioa duela Hego Euskal Herriko administrazioek kudea dezaten Espainiako gutxieneko errenta. Beste transferentzia bat poltsikora. Uztailaren 12ko hauteskundeak gogoan hartuta, euskal gizarteari eskuzabal luzatzen ari zaion mezu nagusi horrek badu beste hartzaile jakin bat: EH Bildu.

Pentsa daiteke Madrilek egun gutxiren buruan onartuko duen gutxieneko errenta hori Hegoaldeko administrazioen bidez kudeatzea zela logikoena, haiek kudeatzen baitituzte dagoeneko bai diru sarrerak bermatzeko errenta eta bai errenta bermatua, eta, laguntza horiek osagarri izango direnez, arazo larria zatekeen onuradunentzat bikoizketa administratibo bat eragitea. Baina Andoni Ortuzarrek eta Carmen Calvok asmatu dute logika horren aplikazioari izaera politikoa ematen, eta «transferentzia berria» aurreko astean EH Bilduk gainontzeko alderdien harrigarri lortutako itunari erantzun gisa plazaratzen: Moncloak argi utzi du nor den bere «lehentasunezko bazkidea», Ortuzarren «konfiantzaren biltegia» betez, eta EAJk, berriz, nor den transferentzien txapelduna.

PSOErekin eta Unidas Podemosekin lan erreforma erabat baliogabetzea adostu baitzuen koalizio abertzaleak, eta EAJ jokoz kanpo harrapatu zuen ezker abertzaleak Madrilen eragiteko zuen gaitasun berri horrek. EH Bilduk abstentziora jo zuen alarma egoera luzatzeko bozketan, eta, trukean, gobernuko bi alderdien zigiluak eta koalizioarena batera dituen agiria erakutsi zuen Arnaldo Otegik; izenpetu eta minutu gutxira, PSOEk adostutakoa apaltzeko ahalegin beteari ekin zion, baina agiria hor dago, eta, Podemosentzat, indarrean jarraitzen du «hitzez hitz».

Luze gabe jakinaraziko dute zenbat euskal herritar izango diren laguntza berriaren onuradun, eta onura hori zenbatekoa izango den dirutan. Aldagai horiek dira benetako albistea koronabirusaren ondorio ekonomikoek jotakoentzat, eta ez hauteskunde batzuei begira lortutako garaipen politiko txiki-handiak. Ez baita ahaztu behar porrotez ere hitz egin daitekeela izurriteak ekarritako egoera honetan. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen fokua Madrilen egotea ez baita besterik, erabakigunea Euskal Herrian egotea nahi luketenentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.