Zuzenekoa

Mugak irekitzeko eskariak ugaritu egin dira

Edouard Philippek aipatu du mugako kontrolak kentzeko aukera. Ekainaren 15etik aitzinera izanen litzateke. Iñigo Urkulluk eta Alain Roussetek eskari horixe egin dute; Urkullu Espainiako presidenteari zuzendu zaio, eta Rousset, Frantziakoari, gutun bidez. «Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdean mugaz gaindiko mugikortasuna errazteko» eskatu diete. Nafarroako Gobernuak ere bat egin du eskari horrekin.

Baionako ospitalea, artxiboko irudi batean.
Baionako ospitalea, artxiboko irudi batean. Guillaume Fauveau Tamaina handiagoan ikusi

Berria -

2020ko maiatzak 28

* Ipar Euskal Herria bigarren fasera igaroko da ekainaren 2an. Aldaketak zein izango diren aurreratu du Philippek.

* Baionako erietxean ez da gehiago COVID-19ak gaixotutako pazienterik, Eric Spitz prefetak jakinarazi duenez. «Berri ona da, eta erakusten du konfinamendutik ateratzeak ez duela birusaren hedapenean eragin».

* Latinoamerikan atzematen dituzte positibo berri gehien egunean. Osasunaren Erakunde Panamerikarra kezkatuta dago Brasilgo, Peruko eta Txileko egoeraz.

* Asko dira larrialdi egoera ezarri zenetik atzerritik Euskal Herrira bueltatu diren euskal herritarrak. Beste hainbat, berriz, atzerrian harrapatuta daude oraindik, bi hilabeteren ondoren.

* Bruselak 750.000 milioi euroko funtsa proposatu du, eta zerga berriekin ordaindu nahi du hartuko duen zorra. Harrera beroa izan du hegoaldean, baina hotza iparraldean.

Zuzeneko kontakizuna

21:19

Bizkaiko udal bakoitza bere neurriak hartzen ari da hondartzen denboraldirako. Muskiz eta Zierbenako Udalak, adibidez, hala erabaki du Areetarako. «Hondartza dinamikoak» izango dira, Lapurdikoak bezalakoak. Ekainaren 15era arte, gutxienez. Paseatu, bainatu edo kirola egin ahalko da, baina egonean egon, ez.

19:46

Herbehereetan, koronabirusak kolpaturiko Europako herrialdeei dirua «oparitzearen» kontra

Herbehereetako 'Elsevier' astekariak Europako hegoaldeko herritarrak eta iparraldekoak irudikatu ditu gaur azalean argitaraturiko ilustrazio batekin. «Ezta zentimo bat ere gehiago Europako hegoaldeari» izenburuarekin lagundu dute ilustrazioa. Europako Batasunak COVID-19 izurriak gehien kaltetu dituen herrialdeak laguntzeko, 500.000 milioi euroko «baldintzarik gabeko oparia» ematea ideia «gaiztoa» dela adierazi du aldizkariak, eta horietako 30.000 milioi euro herbeheretarren poltsikoetatik aterako direla ohartarazi die irakurleei.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

18:29

Muskiz eta Zierbenako udalek (Bizkaia) debekatu egingo dute Areeta hondartzan eguzkia hartzeko geldirik egotea ekainaren 15a arte. Hondartza denboraldia hasi arte paseatu, bainatu eta banakako kirolak egiten ahalko dira hondartzan, baina ezingo da hareatan geldirik egon. Ibarrangeluko eta Eako udalek ere gauza bera erabaki dute.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

17:53

Muga zabaltzeko aukera aipatu du Philippek

Ekainaren 15ean Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko muga zabaltzeko aukera aipatu du Philippek. Osasun baldintzek ahalbidetzen badute baizik ez dute irekiko.

Oihana Teyseyre Koskarat

Oihana Teyseyre Koskarat

17:50

Ostatu eta jatetxeak irekiko dituzte ekainaren 2tik aitzina Ipar Euskal Herrian

Gehienez, 10 pertsona biltzen ahalko dira mahai berean, eta, mahaien artean segurtasun distantzia errespetatu beharko dute. Langile guztientzako maskara beharrezkoa izanen da. Ostatu barnean zutik kontsumitza debekeatua izanen da, terrazak irekitzen ahalko dituzte.

Oihana Teyseyre Koskarat

Oihana Teyseyre Koskarat

17:45

Bigarren fasean ikastetxe gehienak irekiko dituzte

Lehen mailako eskola guztiak irekiko dituzte ekainaren 2tik aitzina. Kolegio guztiak ere irekiko dituzte. Zona berdeetan maila guztiak itzuliko dira ikastetxeetara, zona gorrietan berriz, seigarren eta bosgarren mailakoak soilik. Lizeoak ere irekiko dituzte ekainaren 2an eta pixkanaka sartuko dira ikasleak, mailaka. Ikastetxe bakoitzak aukera izanen du «tokian tokiko egoerara» egokitzeko.

Oihana Teyseyre Koskarat

Oihana Teyseyre Koskarat

17:44

Ekainaren 5ean irekiko dute Irungo Oiasso Museoa

Alarma egoera ezarri zenetik itxita mantendu ondotik, ekainaren 5ean irekiko dute Oiasso Museoa. 180 pertsona sartzen ahalko dira aldi berean museoan eta maskara eramatea ezinbertzekoa izanen da. Asteartetik igandera 10:00etatik 20:00etara egonen da irekita museoa eta igandetan 10:00etatik 14:00etara. Bisita gidatuen kopurua murriztuko dute eta, gainera bisita bakoitzean ezingo dira hamabortz pertsona baino gehiago egon.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

17:36

StopCovid aplikazioa baimendu du Frantziako Gobernuak

Aplikazioaren erabilera ez da derrigorrezkoa izanen, baina leku publikoetan transmisio kateak eraikitzea «errazten» du aplikazioak. Philippek agindu du ez duela geolokalizaziorik baliatuko aplikazioak eta datu pertsonalak ez dituela gordeko.

Oihana Teyseyre Koskarat

Oihana Teyseyre Koskarat

17:27

Ipar Euskal Herrian malguagoa izanen da bigarren fasea

Olivier Veran Frantziako osasun ministroak esplikatu du, Frantziako Estatuan, aste bakarrean 100.000 pertsonatik hamar baino gutxiago kutsatzen diren lekuetan bigarren fasea malguago izanen dela. Ipar Euskal Herriak, kopurua ez du gainditu aste honetan. Lau irizpide zientifikoren arabera sailkatu dituzte Frantziaren menpe diren lurraldeak, eta, Ipar Euskal Herriak "berdez" segitzen du arrisku maila erakusten duen mapan.

Oihana Teyseyre Koskarat

Oihana Teyseyre Koskarat

17:25

ELAk eta LABek salatu dute ikastetxeak irekitzeko egun gutxi falta diren arren, gobernuak ez dituela oraindik ikastetxez ikastetxeko babes neurrien protokoloak egin. Sindikatuek salatu dute ikastetxeei hezkuntza sailak bidalitakoak gomendioak bertzerik ez direla, eta ez ikastetxerako espresuki sorturiko planak. Gainera, nabarmendu dute ikastetxeetako zuzendaritzaren gain jarri dutela protokolo horiek sortzeko ardura. Sindikatuek salatu dute osasun eta babes protokoloak zentroen gain uztea «administrazioaren arduragabekeria» dela eta Hezkuntza Departamentuko Prebentzio zerbitzuak ikastetxez ikastetxe diseinatu behar dituela protokoloak eta langileen prebentzio delegatuekin adostu.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

17:20

Edouard Philippek deskonfinamenduko bigarren fasea zehaztu du

Deskonfinamenduko bigarren fasea eskainaren 2tik 22ra iraganen dela esan du Edouard Philippe Frantziako lehen ministroak. Emaitza «lasaigarriak» direla esan du Philippek. Bigarren fasean «askatasuna» izanen da irizpide nagusia, haren hitzetan. Ikastetxeak, parkeak, baratze publikoak, ostatuak eta jatetxeak irekiko dituzte baina segurtasun neurri zorrotzekin. Jende asko bitzen diren lekuak ez dituzte oraindik zabalduko: diskotekak eta taldekako kirolak egiteko lekuak, besteak beste.

Oihana Teyseyre Koskarat

Oihana Teyseyre Koskarat

16:33

Nafarroako Gobernuak «lehenbailehen» muga irekitzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari: «Nafarroako Gobernuko Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiaren ardura nagusietako bat da». Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok adierazi du itxierak «mina» eragin duela, harreman ekonomiko eta pertsonalak eten dituelako. Gauzak horrela, Ipar eta Hego Euskal Herriko muga salerosketarako, senideak bisitatzeko eta abeltzaintzarako irekitzea eskatu du.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

15:14

Europako Batasunak ohartarazi du COVID-19aren kutsadura jarraitzeko teknologien erabilerak pribatutasun eskubidea urratu dezakeela, baita mugikortasun eta erlijio askatasunak ere.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

14:18

Bingen Zupiria Jaurlaritzako Kultura Sailburuak kultur jarduerak bultzatu eta sustatzeko eskatu du konfinamenduak irauten duen bitartean, eta uda guztian zehar. Kultura sustatzeko modurik onena kultur jarduerak bultzatzea dela nabarmendu du Zupiriak eta adierazi du uste duela ekainaren 8tik aitzinera antzoki eta zinemak beren aterak irekitzen hasiko direla %50eko mugarekin eta osasun eta higiene neurri guztiak hartuta. 

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

14:04

«Mugaz gaindiko mugikortasuna zabaltzeko» eskatu dute Urkulluk eta Roussetek. Gutun bat bidali dio Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak Espainiako Gobernuko presidenteari, «Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdean mugaz gaindiko mugikortasuna zabaltzeko». Gutun beraren kopia helarazi dio Alain Rousset Akitania Berriko presidenteak Edouard Philippe Frantziako Gobernuko lehen ministroari.

Xehetasun gehiago hemen

13:58

Donostiako Udalak «ardura» eskatu die herritarrei, hondartzan egon ahal izateko ordutegiak errespeta daitezen. Azken egunetako irudien inguruan, Espazio Publikoetako zinegotzi Marisol Garmendiak adierazi du «herritar batzuk» ez direla konturatzen «bizi dugun salbuespen egoera» zein den. Itsagorarekin batera, hondartzan egoteko debekua ezarri zuen Udalak, bi ordu lehenagotik hasi eta bi ordu geroagora arte, une horietan segurtasun tartea mantentzea «ezinezkoa» delako.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

13:52

Azken egunetan, nabarmen egin dute gora COVID-19 kasuek Afrikan. Egun, 125.000 kasu atzeman dituzte kontinente hartan, eta ia 3.700 heriotza baieztatu. Sendatutakoak, berriz, 51.000 inguru dira. Hegoafrika da herrialderik kaltetuena. Han ia 26.000 kasu atzeman dituzte. Jarraian, iparraldeko herrialdeak: ia 9.000 kasu Aljerian, eta 7.500 Marokon.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

13:27

Koronabirusaren inguruko azkeneko datuak emateko prentsaurrekoa eskaintzen ari da Nekane Murga Osasun Sailburua. Araba, Bizkai eta Gipuzkoa hurrengo fasera pasatzeko datuak aztertzen ari direla nabarmendu du Murgak, baina ukatu egin du hirugarren fasera azkarrago pasatzeko eskatuko dutenik.

13:23

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan bi lagun hil ziren atzo, COVID-19aren eraginez. Bost dira, aldiz, PCR proben bidez positibo emandakoak: lau Bizkaian eta bat Gipuzkoan. Azken horretan, astebete zen ez zutela kasurik atzematen.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

13:19

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak COVID-19ari aurre egiteko beharrezko segurtasun neurriak hartzeko exijitu dio Ambuiberica enpresari, ELAk haren aurkako salaketa jarri ostean. Sindikatuaren esanetan, auzitegiak «langileen osotasun fisikorako eta bizitzarako eskubidea urratzeagatik» zigortu du enpresa. Ambuibericak, besteak beste, maskarak, eskularruak eta babeserako betaurrekoak erraztu beharko dizkie langileei. Enpresako 138 beharginek hartu behar izan dute laneko baja koronabirusagatik.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

13:10

Eroski bezeroei tenperatura neurtzen hasiko da hainbat saltokitan. Kooperatibak adierazi du boluntarioa izango dela, bezeroaren anonimotasuna bermatuz. Modu horretan, segurtasuna areagotu nahi dutela azaldu du enpresako Osasun eta Jasangarritasun zuzendari Alejandro Martinez Berriotxoak.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

13:03

Hungaria izango da kirol ekitaldietan ikusleak baimenduko dituen Europako lehen herrialdeetako bat, baita futbol zelaietan ere. Ikusletik ikuslera hiru aulki huts utzi beharko dituzte horretarako, baita toki huts bat aurrean eta atzean. Futbol profesionala martxan da aurreko asteburutik, baina orain arte ateak itxita jokatu dute. Hungarian 3.816 kasu atzeman dituzte, eta 509 lagun hil dira.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

12:57

Ingalaterrak eta Eskoziak martxan jarri dituzte COVID-19aren kutsadura jarraitzeko planak. Koronabirusaren proban positibo eman duten milaka lagunei deituko diete euren kontaktuen berri izateko. Horiei hamalau egunez isolatzeko eskatuko diete, nahiz eta sintomarik ez izan. Parte hartzea boluntarioa izango da. Ipar Irlandak ere abiatu du bere plana, eta Galesek ekainean jarriko du martxan.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

12:42

Erreserbak egiteko aukera ireki dute Gipuzkoako sagardotegiek. Sagardoa botiletan eskainiz irekiko dituzte ateak, nahiz eta «kupeleko sagardoa probatzeko aukera egongo den, beti ere talde txikietan». Gainerako ostalaritza establezimenduen moduan, edukiera %50era mugatuta dute horiek ere. Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak azaldu du jarduera oro bertan behera utzi zutenetik, hainbat elkarte «elkarlanean» aritu direla, «egoera kolektiboki aztertzeko».

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

12:26

Sanferminak bertan behera geratuko zirela adierazi zuen duela aste batzuk Iruñeko Udalak. Atzo gaineratu zuen ez duela inolako ekitaldirik antolatuko uztailaren 6tik 14ra bitartean, ezta herritarrak kalera irteteko bultzatzen duen inolako jarduerarik onartuko ere.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

12:22

Ibarrangeluko eta Eako (Bizkaia) udalek debekatu egin dute asteburuetan hondartzan «geldirik eta modu jarraituan» eguzkia hartzea. Erabakia ekainaren 15era arte egongo da indarrean, hau da, hondartzetako denboraldia hasi bitartean.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

12:18

Sardiniak eta Siziliak «osasun pasaporte bat» ezartzeko aukera proposatu dute, irlara iristen diren turistek COVID-19 proban negatibo eman dutela ziurtatzeko. Ekainaren 3tik aurrera jarri nahi zuten martxan, Italian eskualde arteko mugikortasuna baimentzean. Italiako Gobernuak, ordea, ezezkoa eman dio ideiari, konstituzioaren aurkakotzat jota: «Eskualdeek ezin dute pertsonen zirkulazio askea ekiditeko neurrik hartu».

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

12:06

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk gutun bana bidali die Espainiako presidente Pedro Sanchezi eta Frantziako lehen ministro Eduard Philipperi EAE, Nafarroa eta Akitania Berriaren euroeskualde barruko mugikortasuna errazteko eskatuz. Egun mugak igarotzeko dauden salbuespenak areagotzea nahi du Urkulluk, eta euroeskualdeak sustatutako hainbat proiektu berriz abiatzea.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

11:47

Elikadura ziurgabetasuna bizi duten herritarrak 14 milioi izatera iritsi daitezke Hego Amerikan eta Kariben, pandemiaren eragin sozioekonomikoak medio. Munduko Elikagai Programaren datuen arabera, 2019. urte amaieran baino lau bider pertsona gehiago lirateke.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

11:40

Baionako ospitalean ez da koronabirusak kutxatutako gaixorik gelditzen

Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetaren arabera Baionako ospitalean ez da koronabirusak kutxatutako gaixorik gelditzen. «Berri ona da, eta erakusten du konfinamendutik ateratzeak ez duela birusaren hedapenean eragin». Bilkura egin du goizean Lapurdi kostaldeko auzapezekin hondartzen irekiera aipatzeko, eta orain arteko balorazioa baikorra izan dea adierazi du, nahiz eta kudeaketan «lan handia» eskatu duen. «Asteburu honetan horrela segituko dugu, eta Frantziako Gobernuak adierazten duenaren arabera ikusiko dugu heldu den asterako nola egokitu»

Ekhi Erremundegi Beloki

Ekhi Erremundegi Beloki

11:37

Nafarroako Errealitate Sozialaren Behatokiaren arabera, lurraldeko nekazaritza sektorea indartuta atera daiteke COVID-19ak eragindako egoeratik. Era berean, Eskubide Sozialetako kontseilari Mari Carmen Maeztuk adierazi du alarma egoerak «larriki» eragin duela ostalaritza eta turismo sektoreetan, eta «zalantzak» daudela autogintzan izan ditzakeen ondorioetan. Gobernuaren arabera, langabezia %7,9 igo zen urteko lehen hiruhilekoan, 2019ko azken hiruhilekoarekin alderatuz gero, eta %4,1, aurreko urteko epe bera kontuan hartuta. Igoera nabarmenena 25 urtetik beherakoen eta atzerritik iritsitako herritarren artean gertatu da, %7,5 eta %10,4, hurrenez hurren.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

11:13

Denda txikien salmentak %27,2 jaitsi ziren apirilean Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, aurreko urteko datuekin alderatuz gero. Nafarroan erorikoa handiagoa izan zen, %29,1ekoa. Elikagai salmentari dagokionez, ordea, datuak bestelakoak dira. EAEn %8,1 igo zen salmenta, eta Nafarroan, berriz, %1,5. Halere, saltoki handien %21,2ko igoeratik urrun. Langile kopuruari begiratuz gero, iazko apirilean baino %1,1 gutxiago zeuden Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta %2,7 gutxiago Nafarroan.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

11:04

Araban etxeko laguntza eskaintzen duten langileei COVID-19a atzemateko probarik egin ez dietela salatu du ELA sindikatuak, administrazioak horretarako konpromisoa adierazi arren: «Larria iruditzen zaigu COVID-19aren aurrean lehen lerroan jarduten dute langileei testik ez egin izana».

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

10:51

279 egoiliar hil dira Bizkaiko zahar etxeetan

Bizkaiko zahar etxeetan 129 egoiliar daude COVID-19ak jota, 29 egoitzatan —155 dira denera—. Horietatik hemezortzi ospitaleratuta daude, eta beste 25 unitate soziosanitario espezializatuetan. Orain arte, positibo eman duten 279 lagun hil dira lurralde hartako zahar etxeetan, eta beste 32 sintoma bateragarriekin. Bestalde, 1.478 egoiliarrek jaso dute sendagiria, gaixotasuna pasa ostean. Langileei dagokionez, 75 behargin daude gaixo, eta beste 109 isolatuta —COVID-19 duten zehaztu gabe—.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

10:29

Gora doa COVID-19ak kutsatutako lagun kopurua. Johns Hopkins Unibertsitateko datuen arabera, ia 5,7 milioi dira munduan zehar atzemandako kasuak. Horietatik 2,3 milioik jaso dute jada sendagiria. Heriotzei dagokionez, 355.000 lagun baino gehiago hil dira munduan; horietatik 100.000, AEBetan. Hura da kasu gehien atzeman duen herrialdea, ia 1,7 milioi. Kasu gehien atzeman duten hurrengo bi herrialdeen positibo kopuruaren bikoitza baino gehiago dira. Brasilek 411.000 positibo baieztatu ditu, eta Errusiak, berriz, 370.000.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

10:14

Amerikak duela bi aste gainditu zuen Europa kutsatze kopuruetan, birusaren epizentro berria bilakatuz, eta etenik gabe jarraitzen du COVID-19ak kontinente hori jotzen. Latinoamerikan atzematen dituzte eguneko positibo berri gehien, eta OPS Osasunaren Erakunde Panamerikarra kezkatuta agertu da Brasilen, Peruren eta Txileren egoerarekin.

Jone Bastida Alzuru

Jone Bastida Alzuru

10:10

Espainiako Gobernuak ez du baztertzen mugen irekiera «asimetrikoa» izatea. Hau da, baliteke egoera epidemiologiko onenean daude erkidegoek turistak lehenago jasotzeko aukera izatea. Arancha Gonzalez Atzerri ministroak RNE irrati katean azaldu du Europako Batzordeak aurreikusten duela Schengen eremuaren barruko mugak lurraldeka irekitzea, baina horretarako baldintzak adostu beharra azpimarratu du.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

10:06

EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek adierazi du alarma egoeraren luzapen bat gehiago onartzen bada azken izan beharko dela, autonomia erkidegoek «normalitaterako bidea euren eskumenen %100arekin kudeatzeko». Halere, ez du luzapena ziurtzat jotzen, eta hura aurrera ateratzeko moduaz hitz egiteko beharra azpimarratu du, Ser irrati katean eginiko elkarrizketan.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

09:55

NBEren emakumeen aurkako diskriminaziorako errelatore taldeak adierazi du AEBetako hainbat estatu koronabirusak eragindako krisia «manipulatzen» ari direla, abortatzeko eskubidea murrizteko. Texas, Oklahoma, Alabama, Iowa, Ohio, Arkansas, Louisiana eta Tennessee aipatu dituzte «abortuaren aurkako ekinbide murriztaileen historia luzea» duten estatuen zerrendan, eta ardura adierazi dute abortatzeko eskubidea murriztuta emakumeen biziak «arriskuan» jartzen ari direlako, «desparekotasun sistemikoa areagotuz».

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

09:45

Pandemiak ez ditu munduan piztuta dauden gerra geldiarazi eta, NBEko idazkari nagusi Antonio Guterresen esanetan, horietan harrapatuta dauden zibilen egoera «aurrez sekula ikusi gabekoa» da: «COVID-19a mehatxu handi bat da kanpalekuetan pilatuta dauden errefuxiatu eta desplazatuentzat, eta osasun arreta eta instalaziorik ez duten komunitateentzat».

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

09:26

Bruselak 750.000 milioi euroko funtsa proposatu du, eta zerga berriekin ordaindu nahi du hartuko duen zorra. Harrera beroa izan du hegoaldean, baina hotza iparraldean.

Iker Aranburu

Iker Aranburu

09:25

Hego Koreak azken 53 egunetako positibo berri kopuru handiena zenbatu du gaur: 79 kasu. Bucheongo logistika gunean atzemandako foku bat dago igoera horren atzean. Hango 4.000 langileei COVID-19 probak egiten ari dira. Bigarren foku bat Seulgo Itaewon auzoko taberna eta diskoteketan legoke. Azken egunetan han izaniko 259 lagunek eman dute positibo proban. Izan ere, gaurkoa kenduta, atzokoa izan zen azken asteetan kasu gehien atzeman duten eguna. Agintariak bigarren agerraldi bat sortzearen beldur dira.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

09:12

NBE Nazio Batuen Erakundearen menpeko hainbat erakundek ohartarazi dute COVID-19aren pandemiak Ekialde Hurbileko eta Afrika iparraldeko elikagai krisia areagotu duela. Elikagai hornidura kateetan izaniko eragina «kritikoa» izan dela adierazi dute. Lurralde horietako herritarrak dira, erakundeen esanetan, pandemiak gehien erasan diena.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi


Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Pertsona batzuk maskararekin pasa den astean, Orion (Gipuzkoa). ©Jon Urbe / FOKU

Getariako Udalak, hiru kasuren berri eman, eta Osasun Sailaren jarrera salatu du

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eskatu diote zuzenean emateko egon daitezkeen positiboen berri eta hartzeko herritarrak babesteko hartu beharreko neurriak. Azpeitiko (Gipuzkoa) Udala ere kezkatuta dago.

Jendea maskara jantzia duela, lehengo astean, Gasteizen. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Beste 33 positibo atzeman dituzte; horietako 11, Bilbon

Arantxa Iraola

Esan dute ez dagoela motiborik Bizkaiko hiriburuan agerraldi bat dagoela adierazteko. Espainiako Gobernuak plan berri bat atondu du epidemiari aurre egiteko irizpideekin; erkidegoei aurkeztu die.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna