Txina

Hong Kongerako Segurtasun Legea onartu du Txinak

Parlamentuak lege proiektua onartu ostean, batzorde bat arduratuko da garatzeaz. Arauak eskumen gehiago ematen dizkio Txinako Poliziari.

Txinako presidente Xi Jinping, pantaila handi batean, Hong Kongen. WU HONG, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko maiatzaren 28a
10:03
Entzun

Aldeko 2.878 botorekin, kontrako bakarrarekin eta sei abstentziorekin onartu dute bart Hong Kongerako Segurtasun Legea. Egitasmoak Txinako Parlamentuaren onespena behar zuen aurrera egin ahal izateko, eta, hori lortuta, batzorde berezi baten esku geratuko da. Ekain hasieran bilduko da batzordea —bi hilabetetik behin egiten dituzten lan saioak—, eta orduan egingo du hurrengo urratsa proiektuak.

Pekinen ez bezala, zalantza eta kezka asko eragin ditu arauak Hong Kongen. Demokraziaren aldeko mugimenduen bultzatzaileek iritzi diote «askatasunen eta eskubideen aurkako neurri bat» dela, eta haren aurka egitera deitu dituzte herritarrak, hori bai, modu baketsuan.

Legeak, besteak beste, sedizioa, sezesioa eta atzerriko esku hartzea zigortzea du helburu, baina eztabaida gehien eragin duen puntua zera izan da, Txinako segurtasun indarrek hainbat eskumen izango lituzketela Hong Kongen, eta askatasun gehiagorekin jokatu ahal izango luketela. Pekinek ez du argitu, ordea, horrek zehazki zer esan nahi duen.

Normalean Hong Kongi eragiten dioten legeak bertako legebiltzarrak berretsi behar dituen arren, badira alor batzuk —defentsa eta atzerri gaiei dagozkienak esaterako— zuzenean Pekindik arautu daitezkeenak, eskualde autonomoaren onespenik gabe. «Gustuko izan ala ez, legezkoa da egin dutena. Baina galdera asko daude argitzeke. Txinako Poliziak izango du eskumena Hong Kongeko herritarra atxilotzeko? Edo edonoren etxeak eta bulegoak miatzeko? Iruditzen zait Hong Kongeko herritarrek ez luketela halakorik onartuko», nabarmendu du Albert Chenek, Hong Kongeko Unibertsitateko Zuzenbide irakasleak.

Proposamenaren 4. artikuluan zehazten denez, «beharrezkoa denean» Txinako Gobernuak segurtasun bulegoak zabaldu ahal izango ditu Hong Kongen, «segurtasun nazionala bermatzeko». Arauak, ordea, ez du zehazten zer eskumen izango dituzten bulego horiek, ez eta Hong Kongeko Polizia haien esanetara egongo ote den ere, edo Txinako Poliziaren operazioek eskualde autonomoko gobernuaren onespena beharko ote duten.

Joan zen igandean manifestazio handia egin zuten Hong Kongen, legearen kontra protestatzeko. Koronabirusaren larrialdia hasi zenetik egindako lehenengo manifestazioa izan zen.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.