Epizentro aldaketa (eguneko laburpena)

Baionako ospitalean ez da gelditzen koronabirusarekin kutsatutako gaixorik. Deskonfinamenduaren bigarren fasea ekainaren 2an hasiko da Ipar Euskal Herrian.

Jendea autobusaren zain, Brasilen, Sao Pauloko kale batean. SEBASTIAO MOREIRA / EFE
Pello Urzelai.
2020ko maiatzaren 28a
19:14
Entzun

Gaurko datuen artean, alde negatibotik begiratuta, Nafarroako PCR positiboen kopurua nabarmendu da: 18 kutsatu berri atzeman dituzte Nafarroan. Espainiako Ministerioaren taularen arabera, horietatik 17 atzo bertan diagnostikatuak dira. 135 kasu azken 14 egunetan. Beste lurraldeetan, lau Bizkaian eta bat Gipuzkoan besterik ez dute aurkitu. Hildako kopuruari dagokionez, beste hiru pertsonaren heriotza gehitu egin behar da (bi EAEn, eta bat Nafarroan). Guztira, 2.037 hildako Euskal Herrian. Bestalde, lau ospitaleratu berri izan dira (denak EAEn), eta ZIUn 39 pertsona daude (atzo baino bat gehiago).

Datu onen artean, gaur Ipar Euskal Herriko datu bat aipatu behar da: Baionako ospitalean ez da gelditzen koronabirusarekin kutsatutako gaixorik. Konfinamendutik ateratzeak ez du eraginik izan birusaren hedapenean Eric Spitz prefetak nabarmendu duenez. Arratsaldean, Edouard Philippe Frantziako lehen ministroak deskonfinamenduaren bigarren faseko zehaztasunak eman ditu. Bigarren fasea ekainaren 2tik 22ra izanen da. Ikastetxeak, parkeak, baratze publikoak, ostatuak eta jatetxeak irekiko dituzte, baina segurtasun neurriekin. Diskotekak eta taldekako krirola egiteko tokiak, oraindik ez. Ipar Euskal Herriak arrisku maila txikien duen lurraldeen artean jarraitzen du, eta malgutasun gehiago izango du.

Aurreko egunotan, bai Iñigo Urkullu Eusko Jaurlatziko lehendakariak bai Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak Ipar Euskal Herriarekiko muga irekitzeko proposamena helarazi diote Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuari. Gaur, Akitania-Euskadi-Nafarroa euroeskualdeko buru gisa, Iñigo Urkullu gutun bat bidali die Espainiako gobernuburuari eta Frantziako lehen ministroari biztanleen mugaz gaindiko mugikortasuna zabaltzeko eskatuz. Gaur arratsaldeko agerraldian, Edouard Philippe Frantziako lehen ministroak ekainaren 15ean muga irekitzeko aukera aipatu du, osasun baldintzek ahalbidetzen badute. 

Amerika, epizentroa. Amerikak duela bi aste gainditu zuen Europa kutsatu kopuruetan. COVID-19aren pandemiaren epizentro bilakatu da Amerika. Alde handiz, AEBetan daude positibo eta hildako gehien. Atzoko datuen arabera, 1,7 milioi positibo metatuta, eta 102.107 hildako. Baina, azken egunotan, beste eskualde bat da kezka iturri nagusia: Latinoamerika. Osasunaren Erakunde Panamerikarraren arabera, Latinoamerikak Europa eta AEBak gainditu ditu eguneroko kutsatu berrien kopuruetan. Hiru herrialdetako egoera kritikoa azpimarratu du OPSk: Brasil, Peru eta Txile.

Txertoaren ekoizle. Donostiako Viralgen Vector Core enpresa koronabirusaren aurkako txertoaren ekoizle izango da. Massachusettseko General Brigham ospitalea eta Harvard Unibertsitatea garatzen ari diren txertoaren ekoizpenaz arduratuko Amerikako Estatu Batuetatik kanpo. Pro10 teknologiaren jabe izateari esker lortu du. Teknologia horrek birus adenoasoziatuen bolumen handiak denbora laburrean ekoizteko aukera ematen du.

 

Agian honek ere merezi du

Etxerako itzulera. Pandemia munduan zabaltzen hasi zenean, hainbat euskal herritar atzerrian harrapatu zituen. Askok, zailtasunak zailtasun, lortu dute etxera itzultzea. Baina badira oraindik ere atzerrian harrapaturik daudenak eta baita etorkizun hurbilean bueltatzeko aukerarik ikusten ez dutenak ere. Itzulerarako itxoranaldi luzea izaten ari da batzuentzat, Haietako batzuen testigantzak bildu ditu Iñigo Satrustegi kazetariak. 

Eguraldi iragarpenak herren. COVID-19aren krisiak hegazkin ibiliaren etena ekarri du. Horrek zeharkako eragin positibo bat ekarri du: kutsaduraren jaitsiera. Baina, aldi berean, zeharkako eragin negatibo bat ere: eguraldi iragarpenak egiteko beharrezkoak diren behaketa datuen hutsunea. Hegazkinek biltzen dituzten daturik gabe eguraldi iragarpenak ez dira ohi bezain fidagarriak. Ainize Madariaga kazetariak azaldu du hegazkinen datu bilketak behaketa metereologikoa munduko sarean duen zeregina.

Oharra: Eguneko laburpena zure posta elektronikoan jaso nahi baduzu, harpidetu koronabirusaren buletinera.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.