Noiz sortua: 2020-05-29 09:30:33

Zuzenekoa

Hondartzen erabilera «dinamikoa» egiteko eskatu du Jaurlaritzako Osasun Sailak

Osasun Sailak eskatu du hondartzak kirola egiteko, paseatzeko eta bainatzeko erabiltzea, baina ez hondarretan geldirik egoteko. Bizkaian, Areetan, Lagan, Laidan eta Ean hartu dute hondartza «dinamikoak» ezartzeko erabakia. Lapurdiko hondartzak, berriz, maiatzaren 16an ireki zituztenetik dira «dinamikoak». Egunaren zuzeneko kontakizuna, albistearen barruan.

Donostiako Kontxa hondartza, pasa den asteartean.
Donostiako Kontxa hondartza, pasa den asteartean. Gorka Rubio/Foku Tamaina handiagoan ikusi

Berria -

2020ko maiatzak 29

* Mari Luz Esteban EHUko irakasle eta antropologoak eta Elixabete Garmendia kazetariak salatu dute adinkeria dagoela, eta beharrezkoa dela nagusiagoei ahots propioa ematea: «Orain gertatu den guztia zahartzaroari ematen zaion tratamenduaren metafora da».

* COVID-19ari aurre egiteko Suediaren estrategiak eztabaida bizia piztu du. Askatasun indibidualak ahalik eta gutxien mugatzeak ordaina izan duela diote kritikoek, heriotza tasa askoz ere handiagoa baita Suedian inguruko estatuetan baino.

* Ipar Euskal Herria bigarren fasean sartuko da ekainaren 2tik aitzina: ostatuak zabalduko dituzte, baina neurri zorrotzak errespetatzeko baldintzarekin.

Zuzeneko kontakizuna

19:51

Hondarribiko Alarde Fundazioak jakinarazi duenez, bertan behera utzi dute emakumeak kantinera gisa soilik onartzen dituen alardea, irailaren 8an egitekoak zirena.

19:49

Beste hamabost hildako klinika pribatuetan

Egunez egun ematen dituen datuetan, Eusko Jaurlaritzak ez ditu aintzat hartu klinika pribatuetan hildakoak. Gaur eman du horien berri: beste hamabost pertsona hil dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako klinika pribatuetan azken egunetan.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

18:45

Astelehenean irekiko dituzte Lanbideren bulegoak

Datorren astelehenetik aitzinera berri ere irekita egonen dira Lanbideren bulegoak. Osasun segurtasuneko gomendio eta irizpideak beteko dira, eta pertsona guztiak babestuko dira. Pilaketak eragozteko aurretiko hitzorduaren sistema sustatuko da. Bulegoetara doazenek maskara eraman beharko dute eta bakarrik joan beharko dute.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

18:33

Frantziak bizikleten erabilera sustatzeko planaren finantziazioa hirukoiztuko du

Lortutako arrakasta ikusirik, bizikleten erabilera sustatzeko planaren finantziazioa 60 mioi eurotara igotzea erabaki du Parisek. Apirila bukaeran sortu zuen Parisek bizikletaren erabilera sustatzeko plana. Bertzeak bertze bizikletak nola konpondu erakustera, bizikletaren erabilera seguru bultzatzera eta bizikletak uzteko lekuak sortzera bideratu dute dirua. Elisabeth Borne Frantziako Garraio ministroak nabarmendu du planaren hasieratik 3.200 tailerrek egin dutela bat programarekin eta 70.000 bizikleta baino gehiago konpondu direla. 

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

18:01

ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek Jaurlaritzari eskatu diote irakasleek telelana egiten jarraitzeko aukera izatea

Sindikatuek ohar bateratu bat argitaratu dute eta bertan Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari eskatu diote ez ditzala irakasleak eskolara itzultzera behartu. Sindikatuek nabarmendu dute zentzugabea dela hezkuntza sailaren erabakia eta oroitarazi dute eskola «gutxitan» ari direla aurrez aurreko klaseak ematen. Erabakia Hezkuntza sailak «aldebakarrez» hartu duela salatu dute eta datorren ikasturteari begira eskatu dute sindikatuekin adostu ditzala hartu beharreko segurtasun neurri eta protokoloak.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

17:12

Muriola hondartzarako sarbidea mugatuko du Barrikako (Bizkaia) udalak. Gehienez ere hiru orduz egoten ahalko da hondartzan eta 11:00etatik 20:00etara ezingo da ez banakako ez taldeko kirolik egin. Gainera, jende pilaketak daudela ikusiz gerom hondartzaren oso edo zati bat ixteko aukera izango dute segurtasun indarrek.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

17:03

Normaltasunez irekiko dira hondartzak Ipar Euskal Herrian

Asteartean bilduko da Lapurdi kostaldeko auzapezekin Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefeta. Hondartzak kudeatzeko plana aurkeztuko du herri bakoitzak; «formalitate bat» prefetaren hitzetan. «Azken asteetan askoz ere egoera zailagoa kudeatu behar izan dute». Uretan bainatzeaz gain, oihalarekin hondarretan egoteko baimena ere izanen da, beti bere urruntze fisikoa atxikitzen bada. Azken asteetan, herriek kudeatu dituzte hondartzetako sorospen zerbitzuak; ondoko egunetan, zerbitzu horiek poliziak eta jendarmeriak indartuko ditu. Senpereko lakua ere normaltasunez irekia izanen da.

Ekhi Erremundegi Beloki

Ekhi Erremundegi Beloki

17:00

Hemezortzigarren egunez jarraian ez da koronabirusean positibo berririk atzeman Arabako adinekoen egoitzetan. Egun 22 egoiliarrek dute koronabirusa, eta denera 393k jaso dute dagoeneko senda agiria. Arabako adinekoen egoitzetako 140 egoiliar zendu dira COVID-19ak jota.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

16:00

Donostian, Kaleratzeak Stop taldeak deituta, hainbat lagun elkartu dira gaur Vascongada higiezinen agentziaren aurrean, bi familiari alokairua barkatzeko eskatuz, azken hilabeteetako krisiaren eraginez bizi duten prekarietate egoera dela-eta. Gainera, eskatu diete kontratuak berritzeko zazpi urtez eta KPI kontsumo prezioaren indizeari egokituta. Protestan parte hartu dute LAB sindikatuko eta Ahal Dugu eta EH Bildu alderdietako zenbait kidek.

Andoni Imaz

Andoni Imaz

15:17

ELA sindikatuak eskatu du koronabirusa atzemateko testak egiteko ertzain etxeetan lan egiten duten azpikontratatutako langileei, baita Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren esku dauden zentro guztietakoei ere. Salatu dute leku horietan izan diren positiboen eta bakartzeen kopurua «kezkagarria» dela, eta testak egiterakoan ez dituztela aintzat hartu garbiketako langileak, besteak beste.

Andoni Imaz

Andoni Imaz

14:20

Ekainaren 13an hasiko da Arabako Garaio eta Landa «hondartzetan» udako denboraldia. Arabako Foru Aldundiak ez du bertan egoteko gehienezko denbora mugarik ezarriko, baina, bainu «motzak» hartzea gomendatu du aglomerazioak saihesteko. Gainera, jende pilaketak galarazteko Garaioko aparkalekuaren edukiera erdira murriztuko dute. Aldundiak oroitarazi du ezinbertzekoa dela osasun eta higiene neurriak betetzea. Gaurtik aitzinera, Ertzainak eta Miñoiak egonen dira bi «hondartzetan» jende kopurua eta segurtasun distantziak errespetatzen direla kontrolatzen.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

13:42

Hondartzen erabilera dinamikoa egiteko eskatu du Jaurlaritzako Osasun sailak

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak hondartza eta urtegietan osasun gomendioak jarraitzeko eskatu du. Hondartza eta urtegien erabilera «dinamikoa» egiteko eskatu du Osasun sailak. Hau da, bainatzeko, kirola egiteko edo paseatzeko erabiltzea, baina ez hareatan geldirik egoteko. Kutsatzeak ekiditeko Segurtasun distantzia mantentzeko eskatu du Osasun sailak, eta oroitarazi du gune publiko batean kutsatzeak birusaren bertze olde bat sortzen ahal duela.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

13:24

Zahar etxeak eta oro har ezgaitasuna zein buruko gaixotasun zituzten beste gizarte zerbitzuak arautzeko foru dekretua aldatzeko proposamena aurkeztu du Nafarroako Gobernuak. Lan egiteko moldea eta egoitzetako espazioaren osaera aldatu nahi dira, zaintzaren kalitatea eta gizatasuna hobetzeaz gain, segurtasun handiago ere eskain dezaten», azaldu du, aurkezpenean, Carmen Maeztu Nafarroako Gobernuko Gizarte Eskubideen kontseilariak.

Joxerra Senar

Joxerra Senar

12:57

Santos Indurain Nafarroako Osasun kontseilariak atzo aurreratu zuen astelehenetik aitzinera terrazen eta tabernen edukiera handituko duela Nafarroak. Egun %40koa da tabernen edukiera muga.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

12:38

2021eko uztailera atzeratu dute BBK Live. Maiatzaren 13an aurreratu zuten albistea antolatzaileek eta gaur baieztatu dute. 2021ko uztailaren 8, 9 eta 10ean ospatuko da jaialdia, eta bertzeak bertze aurten jotzekoak zirenThe Killers, Pet Shop Boys eta Bud Bunny izango dira jaialdian. Jaialdiak funts bat sortuko du uda honetan bertan lan egitekoak ziren profesional autonomoak diruz laguntzeko. 

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

11:44

Steilas sindikatuak salatu du hezkuntzako langile publikoen lanerako itzulerak onura baino kalte gehiago ekarriko dizkiela ikasle zein irakasleei. Steilasek eskatu du eskola bakoitzaren esku uztea irakasleak eskolara itzultzeko erabakia. Sindikatuak salatu du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak «aldebakarrez» hartu duela irakasleak ekainaren 1etik aitzinera eskolara itzultzeko erabakia.  

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

11:18

Azken orduko aldaketarik ezean, gaur onartuko du Espainiako Ministroen Kontseiluak bizitzeko gutxieneko errenta. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak kudeatuko dute Hego Euskal Herrian, eskumen horren transferentzia adostu zutelako asteazkenean EAJk eta Espainiako Gobernuak.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

11:02

Munduan kasu gehien atzeman dituzten eguna izan da gaurkoa: 117.000, Johns Hopkins Unibertsitatearen arabera. Brasilek 26.000 baino gehiago baieztatu ditu, eta AEBek ere 20.000tik gora. Gauzak horrela, 5,8 milioi kutsatu baieztatu dira, eta 36.000 heriotza baino gehiago.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

10:56

Bigarren agerraldi baten beldur dira Hego Korean, gaur 58 kasu berri baieztatu ostean —atzo 79 izan ziren—. Ikastetxeetan segurtasun neurri gehiago ezarri dituzte: haurren kasuan, ikasleen herena bakarrik egon ahal izango da gelan; eta goi mailako ikasketetan, bi heren. Horrez gain, berriz itxi dituzte Seulgo eta inguruetako parke eta erakunde publikoak. Azken egunetan, bi foku nagusi piztu dira herrialdean, Bucheongo gune logistiko batean eta Itaewon auzoko (Seul) taberna eta diskoteketan.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

09:58

Brasilen 26.754 positibo baieztatu dituzte azken 24 orduetan. Orain arte egun bakarrean atzemandako kasu kopuru handiena da. Brasil bigarrena da herrialde kaltetuenen zerrendan, AEBen atzetik. Denera, 438.000 positibo baieztatu dituzte, eta 26.754 lagun hil dira. Atzo, 1.156 izan ziren hildakoak. Hiru egun jarraian daramatzate mila heriotzatik gora zenbatzen.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

09:46

«Itxialdi adimenduna» deitu dutenaren aldeko apustua egin du Suediak birusari aurre egiteko, derrigorrezko itxialdirik gabe. Orain bere heriotza tasa Danimarkakoa halako lau da, Finlandiakoa halako zortzi, eta Norvegiakoa halako bederatzi.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

09:43

Txinako Osasun Ministerioak ez du kasu berririk atzeman azken 24 orduetan. Gainera, azken bi asteetan ez da inor hil COVID-19aren eraginez. Beraz, atzo bezala, 82.995 dira orain arte baieztatutako positiboak, eta 4.634 heriotzak.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

09:30

Europako Batasuneko Kanpo Politikarako eta Segurtasun Komunerako goi ordezkari Josep Borrellek «barne borroka politikoak» albo batera uzteko eskatu die NBEko Segurtasun Kontseiluko kideei, pandemiaren kudeaketa egokiago bat lortzeko: «Mundu mailako krisi une batean, beharrezko erabakiak hartzeko gai den Segurtasun Kontseilu bat behar dugu, eta ez beto eta borroka politikoengatik geldirik dagoen bat».

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

09:24

Hirugarren fasea «malgutzeko» eskatuko dio EAJk Espainiako Gobernuari. Hala adierazi du alderdiaren Espainiako Kongresuko bozeramaile Aitor Estebanek, Onda Vasca irrati katean. Hurrengo fasearen inguruko erabakiak autonomia erkidegoek hartu beharko lituzketela ere azpimarratu du. Estebanen ustez, ordea, alarma egoeraren beste luzapen bat onartuz gero, azkena izan beharko litzateke: «Ezin da gehiago luzatu».

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi


Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Hauteskunde Batzordeak bihar aztertuko du Ordiziako egoera

Hauteskunde Batzordeak bihar aztertuko du Ordiziako egoera

Arantxa Iraola - Jon Ordoñez Garmendia

Ordiziako positiboekin lotutako 48 kasu zenbatu dituzte dagoeneko. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da Gipuzkoako herri horretan, eta tabernetako jarduna mugatu egingo dute. Beste taberna bat itxi dute, langile batek «positibo ahula» eman duela eta.

PCR probak egiten, aste honetan, Ordizian. ©JON URBE / FOKU

Maiatzaren 20tik ez zen hain datu txarrik positibo berrietan

Mikel P. Ansa

Hego Euskal Herrian azkeneko 24 orduetan 35 kasu positibo berri agertu dira PCR probak eginda. Maiatzaren 20an 31 kasu izan ziren, eta hilabete eta erdian ez da hain emaitza txarrik izan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna