Indarkeria matxista

Beste lau sexu eraso leporatu dizkiote Harvey Weinsteini

Hollywoodeko ekoizle ohia 23 urteko espetxe zigorra betetzen ari da. Salatzaileetako batek esan du adingabea zela Weinsteinek eraso zionean.

Harvey Weinstein Hollywoodeko ekoizle ohia, iragan otsailaren 20an. JUSTIN LAE / EFE
Andoni Imaz.
2020ko maiatzaren 29a
17:00
Entzun

Harvey Weinstein Hollywoodeko ekoizlea urtarrilean epaitu zuten, New Yorken, bost delitu egitea egotzita, eta horietako birengatik zigortuko zutela jakinarazi zuten otsailaren 24an: lehen graduko sexu delitu batengatik eta hirugarren graduko bortxaketagatik. Martxoaren 11n, New Yorkeko Gorte Nagusiko epaileak jakinarazi zuen zer zigor ezarri zioten Weinsteini: 23 urteko kartzela zigorra. Bi hilabete eman ditu espetxean, eta beste lau emakumek haren aurkako salaketa bat jarri dute sexu erasoak egitea leporatuta; haietako batek esan du adingabea zela eraso zionean.

1984. eta 2013. urteen artean lau sexu eraso egitea egotzi diote; bi, Cannesko eta Veneziako zinemaldietan, eta beste bi, Weinsteinekin izandako bileretan.

Salatzaileetako batek adierazi du «17 urte inguru» zituela 1994an, Weinsteinekin hotel bateko gelan geratu zenean haren aktore ibilbideaz hitz egiteko. Esan du «giltzatu, eraso, jo eta bortxatu» egin zuela, eta mehatxu ere egin ziola: gertatutakoa kontatuz gero, industriatik kanporatu eta haren familiaren aurka joko zuen, lekukotzaren arabera. Salaketa jarri duten beste bi emakumek bortxaketa egotzi diote ekoizle ohiari, eta laugarrenak, ukituak egitea.

Gainera, salaketa aurkezterakoan, Weinsteinen inguruaz ere hitz egin dute. Haien esanetan, Bob Weinsteinek —anaia eta kidea—, Miramaxek eta Disneyk «bazekiten edo jakin behar zuketen Harvey Weinsteinek jokaera desegokiak izaten zituela eta bere boterea erabiltzen zuela aktore izan nahi zuten neskak negozioaren aitzakiaz erakarri eta jazarri, jo, eraso eta bortxatzeko», adierazi dute dute.

Lehenik Weinsteinen jarrera abusatzaileen inguruko zurrumurruek eta gero salaketek piztu zuten #MeToo mugimendua duela bi urte, The New York Times egunkaria eta The New Yorker aldizkaria Wensteinek hamarkadetan egindako sexu abusuak zehaztasunez argitaratzen hasi zirenean. Berrogei emakumek baino gehiagok salatu dute ekoizle boteretsua ordudanik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.