ALDERDIAK

EAren primarioei buruzko epaiketa ekainaren 10etik 17ra egingo dute

Hiru saio egingo dituzte, eta ildo kritikoak ohartarazi du epaiketan «irregulartasun asko» azaleratuko direla.

Eba Blanco, iazko urriaren 29an Gasteizen egin zuen agerraldian. JUANAN RUIZ / FOKU
jon olano
2020ko maiatzaren 30a
20:15
Entzun

Eusko Alkartasunaren idazkari nagusia aukeratzeko hauteskunde primarioen auzian epaiketa egingo dute ekainaren 10ean, 16an eta 17an, zuzendaritzarekin kritiko den sektoreko iturriek jakinarazi dutenez. Hiru egun horietan, lekukoek deklaratuko dute epailearen aurrean.

2017ko ekaineko kongresuan azaleratu ziren EAko bi ildoen arteko desadostasunak; biltzar hartan, bi sektoreek lantalde politiko bat adostu zuten, baina bi hautagai aurkeztu ziren idazkaritza nagusirako: Pello Urizar eta Maiorga Ramirez. Urizar nagusitu zen, hamalau botoren aldearekin (152 eta 138). Funtsean dagoen eztabaida da EAk zer-nolako rola jokatu behar duen EH Bildun eta horrek alderdien arteko koalizio bat izan behar duen edo integrazio handiagoa behar duen.

Sektore kritikoak, ordea, salatu izan du zuzendaritzak ez duela garden jokatu idazkari nagusia aukeratzeko prozesuan, ez baitu zuzendaritzako kide guztien eskura jarri afiliatuen zerrenda. Zerrenda horiek eztabaidaren erdigunean zeudela garatu zen hauteskunde primarioen prozesua; Eba Blanco eta Maiorga Ramirez aurkeztu ziren hautagai, baina Ramirezen hautagaitza bertan behera utzi zuen EAko hauteskunde batzordeak, eta Blanco izendatu zuten idazkari nagusi.

Aste batzuk geroago, iazko azaroan, Gasteizko Epaitegiak baliorik gabe utzi zuen, behin-behinean, Blancoren izendapena, baina, alderdiko afiliatu talde batek eskatuta, Nazio Batzarrak —biltzarren arteko organo gorenak— jarduneko idazkari nagusia izendatu zuen gero.

Ildo kritikoak ohartarazi du epaiketan «irregulartasun asko» azaleratuko direla, eta Eusko Legebiltzarreko hauteskundeen aurreko testuinguruan gertatuko dela hori. Sektore kritikoak gogorarazi du Blanco eta Leire Pinedo hautagaiak direla EAren izenean EH Bilduren hautagaitzaren barruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.