Azken luzapena (eguneko laburpena)

PCR proba bidez, 12 kasu atzeman dituzte: bi Araban, hiru Bizkaian eta zazpi Nafarroan. Beste bost hildako zenbatu dituzte azken orduetan koronabirusaren gaitzarekin lotuta. 

Maria Txibite Nafarroako gobernuburua, erkidegoetako lehendakarien gaurko bilera telematikoan. NAFARROAKO GOBERNUA
Pello Urzelai.
2020ko maiatzaren 31
19:45
Entzun

Gaurko datuak atzokoen oso antzekoak dira. PCR proba bidez, 12 kasu atzeman dituzte: bi Araban, hiru Bizkaian eta zazpi Nafarroan. Beraz, Nafarroan kasu gehiago agertzen ari dira EAE osoan baino: azken hamalau egunetan, 131 kasu Nafarroan eta 127 EAEn; eta azken zazpi egunetan, 66 kasu Nafarroan eta 42 EAEn. Baina gaixo gehiago ospitaleratzen ari dira EAEn Nafarroan baino. Eta hildako gehiago dago: EAEn beste bost hildako zenbatu dituzte azken orduetan, eta Nafarroan, bat ere ez. ZIUetan dauden pertsonen kopurua ez da aldatu: 37 pertsona daude Euskal Herrian (27 EAEn eta 10 Nafarroan). 

Datuen bilakaerarekin interesatuta egonez gero, Espainiako eta Kataluniako zenbait ikerketa zentro eta unibertsitatetako ikerlarien talde batek Shiny aplikazio berri bat osatu du, munduko eta Espainiako Estatuko datuen bisualizazio global bat eskaintzeko asmoz. Tresna interesgarria, zalantzarik gabe. Baina Euskal Herriko datuak, osorik, han ez, baizik eta BERRIAren grafiko eta mapetan aurkituko dituzu.  

Alarma egoeraren luzapena. Alarma egoera luzatzeko asmoa du Espainiako Gobernuak, eta luzapena lortzeko Espainiako Kongresuan behar duen sostengua bideratuta dauka, EAJ eta ERCrekin egindako hitzarmenei esker. Seigarren luzapena eta, ziurrenik, azkena izango da, ekainaren 8tik 21era. EAJrekin hitzartutakoaren arabera, autonomia erkidegoek kudeatuko dute hirugarren fasea. Iñigo Urkullu eta Maria Txibite lehendakariek alarma egoeratik ateratzeko neurriak hartu eta moldatzeko aukera izango dute hirugarren fasera pasatzean. 

Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak gaur adierazi duenez, osasun larrialdia "amaitzear" dago,  azken luzapena "askoz arinagoa" izango da, eta erkidegoak kogobernantzatik "gobernantza osora" pasatuko dira. 

Hirugarren fasera. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak espero dute ekainaren 8an hirugarren fasera pasatzea. Urkulluk zehaztu du bihar bertan aurkeztuko duela eskaera, osasun egoeraren eta egoera asistentzialaren bilakaera ona izaten ari dela nabarmenduta. Horrez gain, Urkulluk beste eskakizun batzuk plazaratu ditu erkidegoetako lehendakarien bileran. Esate baterako, aldi baterako erregulazioak aurkezteko epea luzatzea eta migratzaileen administrazio prozedurak arintzea.

Gaurko bileran, Urkullu eta Txibite lehendakariek Ipar Euskal Herriarekiko joan-etorriak arintzeko eskaera jarri dute mahai gainean. Txibite lehendakariak begi onez ikusi du Sanchez gobernuburuak Frantziako Gobernuarekin hitz egingo duela iragarri izana. Paradoxikoa bada ere, bi lehendakariek Ipar Euskal Herriarekiko mugimendua arintzeko eskatu dute, baina ez bi erkidegoen artekoa, nahiz eta eremu mugakideetan harremanak oso estuak izan. 

Hirugarren fasean, erkidegoek barneko lurralde unitateak zehazteko aukera izango dute, eta, horren arabera, Arabaren, Bizkaiaren eta Gipuzkoaren arteko joan-etorriei atea ireki dakieke. Baina Nafarroaren eta Araba-Bizkaia-Gipuzkoaren arteko atea itxita egongo da oraindik ere. 

 

Agian honek ere merezi du

Kulturgintza behe laino artean. Koronabirusaren krisiak lur jota utzi du aurrez prekaritate handian bizi zen kulturgintzaren sektorea. Eutsi ala hautsi? Edo biak? Lau sortzaile elkarteren zuzendaritzetako kideak jarri ditu etorkizun lanbrotsuari begira Iñigo Astiz kazetariak: Eneritz Artetxe (Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea), Garbiñe Ubeda (Euskal Idazleen Elkartea), Aitor Bengoetxea (Musika Bulegoa) eta Igor Elortza (Euskal Herriko Bertsozale Elkartea). Hau luzatu daitekeen egoera bat dela uste dute kulturgileek. Berregituratu, birkokatu, birpentsatu... beharrarekin batera, kudeaketan bitartekoen burujabetza ahalik eta handiena lortu behar dela diote. Lau ahotsetara egindako elkarrizketa interesgarria, ideia eta proposamenez josia.

Laguntzen auzia. Itxialdiak kulturgileengan eragindako kalte ekonomikoa arintzeko laguntza lerro bat aktibatu du Eusko Jaurlaritzak. Eragileek begi onez ikusi dute laguntza programa, baina kexak ere ugariak izan dira, batez ere baldintzei eta esleipen prozesuari lotutakoak. Aitor Biain kazetariak deialdiaren baldintzekin arazoak izan dituzten sortzaile batzuen testigantza jaso du.

Oharra: Eguneko laburpena zure posta elektronikoan jaso nahi baduzu, harpidetu koronabirusaren buletinera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.