Noiz sortua: 2020-06-01 09:58:03

Zuzenekoa

Koronabirusak zahar etxeetan izandako eragina ikertzeko eskatu du Bizkaiko Pentsionisten Mugimenduak

Protesta egin dute gaur Bizkaiko pentsiodunek Bilboko udaletxearen aitzinean, eta argi utzi dute ez dutela murrizketarik onartuko osasun publikoan eta pentsioetan. Pentsiodunek zahar etxeen inguruko informazioa eskatu diete Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Aldundiari, baina ez dute erantzunik jaso.

Bizkaiko pentsionistak protestan, pasa den astean.
Bizkaiko pentsionistak protestan, pasa den astean. Luis Jauregialtzo/FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Berria -

2020ko ekainak 1

* Ekainaren 8an hirugarren fasera igarotzeko eskatuko du bihar Jaurlaritzak.

* Erkidegoek kudeatuko dute hirugarren fasea.

* Kulturgintza: eutsi ala hautsi.

Zuzeneko kontakizuna

19:40

Bihar irekiko dituzte Nafarroako turismo bulegoak

Segurtasun protokolo zorrotza ezarriko du Nafarroako Gobernuak bulegoetan eta sartu aitzinetik beharrezkoa izango da eskuak soluzio hidroalkoholikoarekin garbitzea. Digitalizaziorako urratsa eman dute bulegoetan eta hala euskarri fisikoa ahalik eta gutxien erabiliko dute. Horretarako tableten erabilera bultzatuko du gobernuak eta ahal dela informazio modu digitalean emango diete turistei. Paperezko mapa eta afixak ere mantenduko dituzte, baina behin bezeroari emanda, horiek ezingo dituzte berriz ere bulegora itzuli.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

19:16

Azken 24 orduetan 178 kutsatu berri atzeman dituzte Italian. Otsailaren 26tik egun bakarrean atzemandako kopuru txikiena da hori. Egun bakarrean hildako pertsona kopuruak ere beheranzko joerarekin jarraitzen du. Azken 24 ordutan 69 pertsona zendu dira Italian. Denera 233.197 kutsatu atzeman dituzte Italian eta 33.475 hildako eragin ditu koronabirusak. Gainera, 158.355 gaixok jaso dute senda agiria, horietako 848k azken 24 orduetan. 

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

18:51

Azken orduetan ez da koronabirusagatik hildakorik izan Hegoaldean

Koronabirusak ez du hildakorik eragin Hegoaldean azken orduetan. Gainera, kutsatu kopuruak ere beherantz egin du, PCR testen bidez bortz kutsatu berri atzeman dituzte, denak Nafarroan. Martxoaren 4an lehen hildako erregistratu zutenetik, 2.066 pertsona hil dira Euskal Herrian.

Andoni Imaz

Andoni Imaz

18:03

Hondartzetako jende dentsitatearen berri emango duen eskuko telefonoetarako aplikazio bat prestatuko du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Hondartzetan momentu bakoitzean dagoen jende dentsitatea zenbatzeko balioko du aplikazioak eta hamabost minutuan behin berrituko dituzte datuak. Aplikazioak hondartzak erakusten dituen mapa bat izango du, eta horietako bakoitzari kolore bat ezarriko diote, jende dentsitatearen arabera. Horretarako, udalek aurrez adostu beharko dute zenbatekoa izango den hondartza bakoitzaren gehienezko edukiera.

17:51

Espainiako Osasun Ministerioaren arabera, azken orduetan ez da koronabirusagatik hildakorik izan Espainian. Gainera PCR bidez 71 positibo berri atzeman dituzte azken orduetan, martxoaren 5etik zenbaki txikiena da hori. Azken astean 35 pertsona zendu dira Espainian COVID-19aren ondorioz eta denera krisia hasi zenetik 27.709 dira hildakoak. 150.276 gaixok jaso dute senda agiria eta denera 278.188 positibo atzeman dituzte.

Munduko datu gehiago, hemen.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

17:07

Bihar irekiko dituzte Nafarroako Museoa eta Karlistaden Museoa

Nafarroako Museoaren kasuan, ekainaren 16a arte beheko solairuan eta kaperan dauden aldi baterako erakusketak eta Historiaurreko Aretoa bakarrik bisitatu ahal izango dira. Erakusketa iraunkorreko aretoak ekainaren 16tik aurrera irekiko dituzte berriro. Karlismoaren Museoak, aldiz, bere osotasunean eta ohiko ordutegian zabalduko ditu ateak. Aldi baterako erakusketa igandetan eta jaiegunetan bisitatzen ahalko da eta erakusketa iraunkorra larunbat arratsaldetan, igandetan eta jaiegunetan.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

16:51

22. egunez jarraian ez da adinekorik zendu Gipuzkoako zaharren egoitzetan

22. egunez jarraian ez da koronabirusa zuen egoiliarrik zendu Gipuzkoako adinekoen egoitzetan. Gainera, hamaseigarren eguna da kutsatze berririk atzematen ez dela. Egun, hamahiru adinekok dute koronabirusa eta horietako bat dago erietxean. Gainera, 382 egoiliarrek jaso dute senda agiria. Gipuzkoako egoitzetan COVID-19a zuten 167 egoiliar zendu dira. 

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

16:20

190.000 kutsatutik gora atzeman dituzte Indian

Denera 1.513 pertsona zendu dira Indian koronabirusaren ondorioz. Kutsatzeek gora egin arren, datorren ekainaren 8tik aitzinera konfinamendua arintzen hasiko da India. Alta, kutsatu gehien dituzten eskualdeetan orain arteko neurri berekin jarraituko dute ekainaren 30a arte gutxienez. Nazioarteko aditu talde batek ohartarazi du kutsatze arriskua handia dela Indian eta garraio publikoaren irekierak kutsatze hori handiagotuko duela. 

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

15:06

Eguzki Talde Ekologistak Donostiako udalak bizikleten aurka egiten ari den jazarpena salatu du. «Hondartza inguruetan dauden bizikletak udalak erretiratzea klasiko bihurtu da», salatu du Eguzkik. Talde ekologistaren ustez, ez da «onargarria» udalak gune publikoetan utzitako bizikletak erretiratzea. Eguzki salatu du jendeak bizikletak gune publikoetan uzten baditu, horretarako espresuki prestaturiko guneen falta dagoelako dela eta eskatu du «behingoz» bizikletak aparkatzeko guneak egokitzeko.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

14:56

Ekainaren 8tik Hego Euskal Herri osoan zirkulatzerik egongo dela uste du Madrilek

Jose Luis Abalos Espainiako Garraio Ministroak aurreratu duenez, datuak onak badira litekeena da datorren astelehenetik aitzinera Hego Euskal Herri osoko zirkulazioa baimentzea. Abalosek zehaztu duenez, erkidego bakoitzak zehaztu ahalko du bere barneko mugikortasun maila, eta baita fase berdinean dauden erkidegoen artekoa ere.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

14:05

Bizkaiko adinekoen egoitzetan koronabirusa duten 53 egoiliar daude egun. Atzo arteko datuen arabera, koronabirusa zuten 279 egoiliar zendu dira Bizkaian eta bertze 32k koronabirusarekin bateragarriak diren sintomak izan dituzte. Denera 1.533 egoiliarrek jaso dute senda agiria eta Bizkaiko adinekoen 155 egoitzetatik 21etan dute egun kasu positiboren bat.

13:23

Koronabirusak adinekoen egoitzetan izandako eragina ikertzeko eskatu du gaur Bizkaiko Pentsionisten Mugimenduak. Mobilizazioa egin dute Bilboko Udaletxe aitzinean eta bertan argi utzi dute ez dutela murrizketarik onartuko osasungintza publikoan eta pentsioetan. Pentsionistek nabarmendu dute egoitzetako eskatu berri eskatu dietela gutun bidez Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiari, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketarako sailburuari eta Nekane Murga Osasun sailburuari. Pentsionistek salatu dute oraindik ez dutela informaziorik jaso, eta eskatzen jarraituko dutela nabarmendu dute.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

12:42

Nafarroako adinekoen egoitzetako egoeraren berri eman du gaur Carmen Maeztu Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialen kontseilariak. Egun koronabirusa duten 96 egoiliar daude Nafarroako zaharren egoitzetan. 71 egoitza daude denera Nafarroan eta horietatik 37tan ez da koronabirus kasu positiborik atzeman. 51 egoitzetan gainera egun ez dago koronabirus kasurik, eta gaurtik aitzinera senitartekoen bisitak jasotzen hasiko dira bertako egoiliarrak. Nafarroan maiatzaren 15a arte koronabirusa zuten 260 egoiliar hil dira eta hildako bertze 163k koronabirusarekin bateragarriak diren sintomak zituzten.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

12:25

Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburuak emandako datuen arabera, azken orduetan ez da hildakorik izan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Azken orduetan gainera, ez da positibo berririk atzeman egindako PCR probetan. Denera 977 PCR proba eta 225 test azkar egin dituzte.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

12:17

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak koronabirusagatik gertukoren bat galdu dutenentzako Betirako dolu zerbitzua paratu du martxan. Dohako zerbitzua izanen da eta 900 908 744 zenbakira deituta eta www.betirako.org webgunearen bidez erabili ahalko da. Dolu zerbitzuaren bidez 400 familiatik gora laguntzea aurreikusten du Jaurlaritzak.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

11:26

Salaketen %10ek ekarriko dute isuna

Martxoaren 14tik Ertzaintzak, Foruzaingoak eta udaltzainek jarritako milaka salaketatik %10 baino ez dira isun bihurtuko, Juan Luis Ibarra EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak esan duenez. Azaldu duenaren arabera, konfinamendua haustea ez da, berez, zigorgarria, ez bada «desobedientziaz eta behin eta berriz» egiten.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

10:59

Arartekoa herritarrak aurrez-aurre hartzen hasiko da

Arartekoaren hiru bulegoak EAEko herritarrei berriz zabalduko dizkiete ekainaren 8an, eta dagoeneko ireki dute hitzordua eskatzeko sistema. «Maskara jantzita joateko eskatzen da», adierazi dute. Edonola ere, herritarren kexak Internet bidez ere hartzen jarraituko dutela gaineratu dute.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

10:08

Foruzainak dronak erabiltzen ari dia N-121-A errepidean

Irun (Gipuzkoa) eta Iruñea lotzen ditu N-121-A errepideak, eta azken hamar urteotan 31 pertsona hil dira han gertaturiko istripuetan. Foruzaingoak gaur zabaldu duenez, Hego Euskal Herria bigarren fasean sartu zenetik, trafikoa asko handitu da errepidean, eta dronak erabiltzen hasi direla, arau hausteak atzemateko.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren


Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

ENDIKA PORTILLO / FOKU ©Lehen arretako profesionalen protesta bat, iaz, Gasteizen.

Hildako bat eta 15 kutsatu gehiago izan dira, datu ofizialen arabera

Ane Eslava

Egoera «kontrolpean» dagoen arren, «zuhurtzia» eskatu du Nekane Murga Jaurlaritzaren Osasun sailburuak. Nafarroan ez da kasu berririk egon. Lehen arretako langileek protesta egin dute Bilbon.

Larrialdi zerbitzuek behin-behineko ospitale bat jarri dute Lleidan. ©Ramon Gabriel / Efe

Kataluniako Gobernuak konfinamendua ezarri die 200.000 herritarri

Berria

Lleidako eskualde batean koronabirusaren zortzi agerraldi detektatu dituzte. Eguerdian jarri dute indarrean.

Osasun langileak lanean, Gurutzetako ospitalean. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Auzitegi Nagusiak dio Osakidetzak ez zuela babes baliabide nahikoa

Ainhoa Larretxea Agirre - Irati Urdalleta Lete

Osakidetzak «ontzat» jo du ebazpena, «ez dituelako aintzat hartu sindikatuen eskaera gehienak». ESK sindikatuak jarri zuen salaketa, eta ekainaren 16an egin zuten epaiketa

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna