Nafarroako zahar etxeetako 272 egoiliar hil dira koronabirusagatik

Beste 163 hildakoren sintomatologia aztertzen ari da Nafarroako Gobernua, COVID-19ak hil dituen jakiteko. Gaur hasiko dira bisitak zahar etxeetan

Iruñeko Erruki Etxea egoitza, apirilean. IñIGO URIZ / FOKU
Maider Galardi
2020ko ekainaren 1a
11:52
Entzun

Mari Carmen Maeztu Nafarroako Gizarte eskubideen kontseilariak prentsaurrekoa eskaini du Nafarroako zahar etxeetako arduradunekin batera, koronabirusak egoitza horietan izandako eraginaren balorazioa egiteko. Txosten bat kaleratu dute kutsatuen, hildakoen eta zahar etxeetako egoeraren berri emateko, baina auditoria bat ere iragarri dute, egoitzetako egoera zein den zehatzago aztertzeko. Asmoa da uztailaren bukaerarako auditoria horren emaitzak izatea.

Halere, lehen datuak eskaini dituzte gaurko prentsaurrekoan. Azken bi hilabeteetan egoiliarren %26,1 kutsatu dira, eta 71 egoitzatatik 35etan izan dira kasuak. Zahar etxeetan kutsatutakoak, berriz, 1.262 izan dira. Hau da, Nafarroako kutsatu guztien %16,37. Hildakoen kopuruak, berriz, oraindik egin dezake gora; izan ere, oraingoz 260 heriotza baieztatu dituzte koronabirusagatik, baina hildako beste 163 pertsonaren sintomatologia aztertzen ari dira oraindik.

Oroitarazi dute, gainera, Nafarroako zahar etxeetako erabiltzaileen batez besteko adina 84 urtekoa dela, eta, hortaz, arrisku taldeko pertsona asko elkartu direla egoitzetan. Edonola ere, Maeztuk gaitzetsi egin du zahar etxeen kudeaketa auzitan jarri izana: "Albisteek ez dute gehiegi lagundu. Esaten dute ez dagoela kontrolik, tratua ez dela egokia... Nafarroako egoitzetan pertsonek jaso duten tratua duina izan da, eta beharrezko neurriak jarri dira martxan". 

Bisitak edukitzeko baldintzak

Egoerak hobera egin du zaharren egoitzetan ere, eta, horregatik, gaurtik aurrera aukera dago bisitak edukitzeko. Horretarako, ordea, hainbat baldintza bete behar dira. Egun, Nafarroako egoitzetako %70etan ez dago gaixo berririk, eta horietan baimenduko dituzte senideen bisitak. Oraingoz, ordu erdiko enkontruak izatea aurreikusi dute.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.