Noiz sortua: 2020-06-02 09:37:22

Zuzenekoa

Nafarroako Gobernuak udako herri bestak bertan beheiti uzteko gomendatu du

Nafarroako Osasun Publikoko Institutuak nabarmendu du herri bestetan zaila dela segurtasun eta osasun neurriak betetzea. Hala, halakoetan birusa zabaltzeko arriskua ikusita, bestak bertan beheiti uzteko gomendioa egin du gobernuak.

Berako bestetako txupinazoa, artxiboko irudian.
Berako bestetako txupinazoa, artxiboko irudian. Jagoba Manterola/Foku Tamaina handiagoan ikusi

Berria -

2020ko ekainak 2

* Hego Euskal Herrian ez da gaixorik hil azken 24 orduetan

* Datozen egunetan ere datuak onak badira, astelehenean hirugarren fasera pasatuko da Hego Euskal Herria

* Joseba Barandiaran ekonomialaria, Pentsaldian atalean: Eppur si muove

Zuzeneko kontakizuna

20:02

Nafarroako Osasun Publikoko Institutuak nabarmendu du segurtasun neurrien erlaxazioak birusaren bigarren agerraldi bat agertarazten ahal duela eta nabarmendu du herriko bestetan zaila dela segurtasun eta osasun neurriak mantetzea. Herriko bestetan birusa zabaltzeko dagoen arriskua ikusita, Nafarrako Gobernuak udan egitekoak ziren bestak bertan beheiti uzteko gomendatu die Nafarroako udalei.

18:00

Gipuzkoako adinekoen egoitzetako bertze egoiliar batek jaso du senda agiria azken orduetan. Hala, 383 dira dagoeneko sendatu direnak. Gipuzkoa Foru Aldundiak emandako azken datuen arabera, egun hamabi egoiliarrek jarraitzen dute gaixorik. 23. egunez jarraian gainera, ez da kasu positibo berririk atzeman eta ez da egoiliarrik hil Gipuzkoako adinekoen egoitzetan. Denera, Gipuzkoako adinekoen egoitzatan bizi ziren eta COVID-19a zuten 167 egoiliar zendu dira.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

17:22

300 euroko isuna jarriko diete Gasteizen maskara eta eskularruak lurrera botatzen dituzten herritarrei

Maskara eta eskularruak etxeko zabor poltsara botatzeko gomendioa luzatu du Gasteizeko udalak eta eskatu du ez botatzeko kalean dauden zaborrontzietara. Cesar Fernandez de Landa zinegotziak herritarrei eskatu die higiene neurriak inoiz baino gehiago errespetatzeko.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

16:42

Espainiako Gobernuak zehaztu du hirugarren fasean ezingo dela autonomia erkidego batetik bertzera mugitu

Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak aurreratu duenez, hirugarren fasean ezingo da autonomia erkidego batetik bertzera mugitu. Hala, autonomia erkidego bereko probintzien arteko mugikortasuna onartuko dute, baina ez autonomia erkidego batetik bertze baterakoa. Beraz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoa artean bidaiatzen ahalko da, baina, ezingo da Nafarroara edo Iparraldera bidaiatu. Goizean aurreratu du Arantxa Tapiak Iñigo Urkullu lehendakariak eskaria egin diela Espainiako eta Frantziako gobernuei, libre mugitzeko aukera hori euroeskualdea osatzen duten hiru administrazioetako lurralde guztietara hedatzeko, hots, Euskal Autonomia Erkidegora, Nafarroako Foru Erkidegora eta Akitania Berrira.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

16:24

Bizkaibus autobusetan gehienezko edukiera ez handitzeko eskatu dio LAB sindikatuak Bizkaiko Foru Aldundiari. Sindikatuak salatu du autobusak %100ean betetzeak ez duela zentzurik, eta osasuna ekonomiaren aitzinetik paratzeko eskatu du. Sindikatuak ohartarazi du alarma egoera bukatzen denean ere beharrezkoa izango dela pertsonen arteko bi metroko segurtasun tartea errespetatzea eta argi utzi du autobusetako edukiera handitzeak koronabirusaren hedapena zabaldu dezakeela. Autobus zerbitzua indartu behar dela nabarmendu du LABek, eta langileen eta bidaiarien osasuna dela «garrantzitsuena».

14:49

Hirugarren astez jarraian, ez da koronabirus kasu berririk atzeman Arabako adinekoen egoitzetan

Maiatzaren 31ko datuen arabera, egun hamasei egoiliarrek dute koronabirusa. Horietako bat, gainera, erietxean ingresatuta dago.  Sendatutakoen kopurua igo egin da eta denera 399 egoiliarrek jaso dute dagoeneko senda agiria. Arabako adinekoen egoitzetako 140 egoiliar hil ditu COVID-19ak; horietako 68 erietxean hil dira eta 72 adinekoen egoitzetan. 

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

13:33

Euskal Herri osoan ibiltzea baimentzeko eskatu die Urkulluk Frantziari eta Espainiari

Datorren astean Araba, Bizkai eta Gipuzkoa hirugarren fasera pasatzea espero du Jaurlaritzak eta fase berri horren ezaugarriak azaldu ditu gaur Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburuak. Tapiak esan du hirugarren fasera igaroz gero, libre izango dela hiru herrialde horietan batetik bestera ibiltzea, eta iragarri du Iñigo Urkullu lehendakariak eskaria egin diela Espainiako eta Frantziako gobernuei, libre mugitzeko aukera hori euroeskualdea osatzen duten hiru administrazioetako lurralde guztietara hedatzeko, hots, Euskal Autonomia Erkidegora, Nafarroako Foru Erkidegora eta Akitania Berrira. Eskaera onartuko balitz, euskal herritarrek aukera lukete Euskal Herri osoan trabarik gabe ibiltzeko.

12:57

Nekane Murga Osasun sailburuak berri eman duenez, azken orduetan bi pertsona zendu dira Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian koronabirusaren ondorioz. Atzemandako kutsatu berrien kopuruak ere gora egin du eta azken 24 orduetan PCR bidez lau kasu berri baieztatu dituzte. Test azkarren bidez, aldiz, 62. Osakidetzak 1.802 PCR eta 1.101 test azkar egin ditu azken 24 ordutan.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

12:31

Koronabirusaren testa egin ez zuten herritarrei testa egiteko kanpaina abiatu zuten pasa den maiatzaren 14ean Wuhanen, Txinan. Ia hamar miloi test egin dituzte azken bi asteetan eta denera 300 asintomatiko atzeman dituzte. Gaitza duten herritarrak eta beraiekin harreman estua izan duten 1.714 hurbileko jarri dituzte berrogeialdian. Gaixoekin kontaktuan egon diren denek eman dute negatibo testean.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

12:05

Klimaren Aldeko Matxinada eta Klimaren Aldeko Aliantza plataformek adierazi dute zenbait ekintza egingo dituztela hilaren 5ean gizarte eta ingurumen justiziaren alde. «Koronabirusak sortutako krisi sanitarioak eta ekonomikoak agerian utzi ditu nagusi den sistema sozial eta ekonomikoaren kontraesan guztiak, eta, aldi berean, COVID-19 bezalako erronka global baten aurrean har daitezkeen neurri zorrotzak erakutsi ditu. Gauza bera egin liteke ondorio askoz handiagoak dituen krisi ekologikoari aurre egiteko», azaldu dute ohar batean.

11:57

Gaur zabaldu dituzte Iruñeko Udalaren Ziudadelako erakusketa aretoak, eta Javier Minak hogei argazkirekin osatu duen Fusión bilduma aurkeztu dute irekieran. Edukiera mugatuko dute aretoetan, eta bisitariei tenperatura hartuko diete sarreran.

11:34

Save the Children gobernuz kanpoko erakundeak Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatu die konfinamendua arintzeko planetan lehentasuna emateko egoera kalteberan dauden haurrei. Proposatu dute bigarren fasean eskolara itzultzea eta udalekuak egitea, sei hilabeteko etena larria litzatekeelako bazterketa arriskuan daudenentzat.

Andoni Imaz

Andoni Imaz

10:49

Iparraldea, bigarren fasean

Konfinamenduaren arintze prozesuko bigarren fasean sartu dira gaur Ipar Euskal Herrian. Besteak beste, ostatuak eta jatetxeak ireki ahal izango dituzte fase berrian; baita kiroldegiak, jostalekuak, parkeak eta antzerki gelak ere.

Xehetasun gehiago, albistean.

10:25

Andoni Ortuzar EAJko EBBko presidenteak «azalpenak» eskatuko dizkio Pedro Sanchezen gobernuari, «ulergaitza» iruditzen zaiolako alarma egoera luzatzeko Ciudadanos alderdiarekin akordio bat egin izana. «Nola irakurtzen duzun, eman lezake aginte bakarreko aurreko egoerara itzuli nahi dutela», esan du. Espero du akordio hori ez dela «kontraesanezkoa» izango haiekin eta ERCrekin hitzartutakoarekin, egoera ez «nahasteko», Telecinco telebista katean egin dioten elkarrizketa batean esan duenez.

Andoni Imaz

Andoni Imaz

09:44

Brasilen 30.000 pertsona baino gehiago hil dira COVID-19aren eraginez; bi astean, bikoiztu egin da hildakoen kopurua. Osasunaren Mundu Erakundeak ohartarazi du epidemiak oraindik ez duela goia jo herrialdean.

Andoni Imaz

Andoni Imaz

09:32

Sare publikoko irakasleak itzultzen hasi dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak hala aginduta. Lehen eguneko kronika, albistean.

Irati Urdalleta Lete

Irati Urdalleta Lete

09:28

Okerrik ezean, Hego Euskal Herria hirugarren fasera pasatuko da hurrengo astelehenean, ekainaren 8an. Alarma egoeratik ateratzeko azken pausoa izango da, eta beste koska bat malgutuko dira alarma egoeragatik murriztuta dauden zenbait neurri. Fase berrian izango diren berritasunak, albiste honetan.

Edurne Begiristain

Edurne Begiristain

09:27

Hego Euskal Herrian ez da gaixorik hil azken 24 orduetan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez dute PCR bidezko positiborik atzeman, hiru hilabetean lehen aldiz. Hamar lagun ospitaleratu dituzte; hiru, ZIUn. Irakurri albistea.

Andoni Imaz

Andoni Imaz


Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Udaletako eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, Zumarragan bilduta. ©/ Ordiziako Udala

Ordiziako fokuan 35 pertsona kutsatu dira oraingoz, eta alkateak «autokonfinatzeko» eskatu du

Irati Urdalleta Lete - Jon Ordoñez Garmendia

Beste hemeretzi positibo daudela jakinarazi du Osasun Sailak, eta dagoeneko mila PCR baino gehiagoren emaitzak jaso dituzte. Murgak baztertu egin du konfinamendua ezartzea, baita joan-etorriak mugatzea ere, eta gogorarazi du distantzia mantendu ezin denean maskara erabili beharra dagoela. Itxi zituzten Haka, Miami eta Kebab tabernetako zerbitzariek negatibo eman dute. Biharko azoka bertan behera utzi du Udalak, eta kiroldegia, jolas parkeak eta liburutegia itxi ditu.

Jair Bolsonaro. ©Joedson Alves / EFE

Bolsonarok positibo eman du COVID-19an

Oihane Puertas Ramirez

«Bikain» dagoela adierazi du Brasilgo presidenteak. Hura izan da COVID-19aren eragina ukatu izan duten agintarietako bat, eta horrek ekarri du Brasil herrialde kutsatuenetako bat izatea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna