Noiz sortua: 2020-06-03 09:24:38

Nafarroako Gobernuak «jarrera zuhurra» du lurraldeen arteko joan-etorriekin

«Autonomia erkidego guztiek dute lurralde mugakideen artean mugitzeko helburu bera, baina litekeena da erritmoa berbera ez izatea», esan du Javier Remirez gobernuko bozeramaileak. Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak atzo esan zuen hirugarren fasea bukatu arte ezingo dela autonomia erkidego batetik bestera bidaiatu.

Aritxulegiko gaina, Nafarroa eta Gipuzkoa artean.
Aritxulegiko gaina, Nafarroa eta Gipuzkoa artean. Tamaina handiagoan ikusi

Berria -

2020ko ekainak 3

* «Bi kafe eta ebaki bat, otoi!». Ipar Euskal Herria bigarren fasean sartu da atzotik. Terrazetan jende andana bildu da egun osoan, baina protokolo sanitarioak egoera bereziak sortu ditu leku batzuetan.

* Espainiak ez du onartu Euskal Herri osoan ibili ahal izatea.

* Arantxa Gorostiaga psikologoa: «Herritarren erdiek okerrera egin dute psikologikoki».

Zuzeneko kontakizuna

19:52

Pilota, uztailaren 1etik aurrera

Eskuzko jaialdi profesionalak uztailaren 1ean hasiko dira berriz. Irunen izango da, Uranzu pilotaleku eraberrituan, eta Baiko eta Aspe enpresetako pilotariek bikote mistoak osatuko dituzte. Baliteke ikusleek jaialdia bertatik bertara ikusteko aukera izatea, baina edukieraren erdia bakarrik legoke erabilgarri.

19:01

Hidroxiklorokinarekin egiten ari ziren entsegu klinikoak egiten hasi da berriz OME

Pasa den astean eten zituzten entseguak Munduko Osasunaren Erakundeak, ikerketa batek hidroxiklorokinarekin artatutako pazienteek hilkortasun tasa handiagoa zutela atzeman ondotik. OMEk ordea entseguak berriz hastea erabaki du, eteteko arrazoirik ez dagoela iritzita. Orain arte bezala, entseguak «gertutik zainduko dituztela» nabarmendu du Tedros Adhanom OMEko idazkari nagusiak.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

18:48

Belgikak hilaren zortzian irekiko ditu taberna, jatetxe eta gimnasioak. Hori egin eta astebetera irekiko dituzte mugak ere, ekainaren 15ean. Gobernuak adierazi du fasez pasatzeko ordua iritsi dela herrialdearentzat, koronabirusak «gure artean» jarraitu arren, egoera espero baino hobea delako.

17:36

Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak migratzaile, errefuxiatu eta iheslariak babesteko eskatu die mundu osoko gobernuei. Esan die pandemiari aurre egiteko mugak ixterakoan errespeta ditzatela giza eskubideak. «150 herrialdek baino gehiagok mugatu dituzte sarrerak. Gutxienez 99 estatuk ez dute inolako bereizketarik egin jazarpenarengatik asiloa eskatzen duten pertsonekin», deitoratu du.

Andoni Imaz

Andoni Imaz

17:27

Manu Aierdi Nafarroako Garapen Ekonomikorako kontseilariak esan du «garrantzi handia» duela automozioa babesteko plan bat egiteak, «COVID-19ak gehien kolpatutako sektoreetako bat» izan delako. «Plana Europa osoan eginez gero, askoz hobe».

17:25

Equo Berdeak alderdiak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio abiadura handiko trena egiteko aurrekontuaren zati bat emateko udaletako garraio enpresei, koronabirusaren krisiak «zulo ekonomiko bat» eragin baitie.

16:47

Inguruko estatuek ez bezala, Suediako Gobernuak erabaki zuen neurri zorrotzik ez ezartzea COVID-19 izurriaren aurrean. 16 urtetik gorakoen eskolak itxi zituen, eta 50 pertsona baino gehiagoko bilkurak debekatu zituen, baina ez zien herritarrei agindu etxean geratzeko. Anders Tegnell epidemiologoak, estrategia horren egileak, onartu du gobernuak gauzak hobeto egin zitzakeela: «Bistan da egin dugunak baduela zertan hobetu». Irakurri albistea.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

16:43

Eusko Jaurlaritza aztertzen ari da gaua pasatzeko udalekuak ere egitea, egunekoez gain. Gaiari buruzko zirriborro bat ari dira lantzen, eta oraindik ez dute «ezer itxi». Irakurri albistea.

Andoni Imaz

Andoni Imaz

15:34

Iruñeko Udaleko Hirigintza Batzordeak aho batez onartu du erabilera bakarreko maskarei eta plastikozko eskularruei buruzko adierazpena. Osasun agintariei eskatu diete azalpenak emateko maskara berrerabilgarrien babes mailaz, eta errazteko horien banaketa. Ingurumenaren gaineko kontzientzia sustatzeko kanpaina bat egingo dute.

15:26

Bea Ilardia EH Bilduren Bizkaiko bozeramaileak aldundiari eskatu dio «berriz pentsatzeko» azpiegitura handietan inbertitzeaz, lurraldea osasun eta ekonomia krisi baten erdian dagoelako. Izan ere, diputazioak tunel bat egiteko 8,9 milioi euroren proiektu bat esleitu berri du.

15:15

Iranen, koronabirusaren hedatzeak ez du etenik. Gaur gainditu dute 8.000 hildakoen langa, eta kutsatzeen kopuruak ez dira apaldu. 3.000 lagun baino gehiago kutsatzen dira birusaz egunero. Denera, 125.206 pertsona gaixotu dira haren eraginez, eta 8.012, hil.

15:12

LAB sindikatuak adierazi du aldi baterako erregulazioen «osagarri soilak» ez direla nahikoa langileen beharrak asetzeko, eta defendatu du «enplegua babestu» behar dela. Prekarietatearen aurkako eta enpleguaren babeserako lanbidearteko hitzarmen bat eskatu du.

15:07

Sanferminetan, lanera

Iruñeko Udalak aldatu egin du administrazioko langileen egutegia. Uztailaren 6a, 8a, 9a, 10a, 13a eta 14a lanegunak izango dira, eta «egun baliodunak izango dira epeen kontaketan». Uztailaren 7a, San Fermin eguna, jaieguna izango da.

15:01

Nafarroako Gobernuak «oso jarrera zuhurra» du Hego Euskal Herriko lurraldeen arteko joan-etorriekin. «Autonomia erkidego guztiek dute lurralde mugakideen artean mugitzeko helburu bera, baina litekeena da erritmoak ez izatea berdinak», esan du Javier Remirez gobernuko bozeramaileak.

Andoni Imaz

Andoni Imaz

14:57

UGT sindikatuak Osakidetzari eskatu dio indartzeko giza baliabideak eta baliabide materialak prebentziorako oinarrizko unitateetan, eta eguneratzeko lan arriskuen eskuliburua COVID-19a kontuan izanda. Nabarmendu dute Osakidetzaren prebentziorako egituran sakoneko azterketa bat egin behar dela.

14:48

Eneko Goia Donostiako alkateak herritarrei eskatu die «jarrera zibiko eta arduratsua» izan dezatela, udalak gaur ateratako bandoan. Konfinamenduaren «hilabete ilunen» eta ekonomiaren «izoztearen» ondoren, kaleak «bizitzat betetzeko» garaia dela esan du, eta eskatu du hiriko saltoki eta azoketan erosteko, «Donostia berreraikitzeko».

14:42

Arabako zahar etxeetako langileek lan hitzarmen duin bat eskatu dute sektorearentzat. Esan dute osasun larrialdi egoeran agerian geratu dela haren «zaurgarritasun handia», eta aldarrikatu dute laguntza zerbitzu onak izateko lan baldintza onak behar direla. ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek deituta, martxoan bertan behera geratu ziren protestei berrekin diete gaur.

Andoni Imaz

Andoni Imaz

14:12

EAJk eta EH Bilduk gobernantza elkarbanatua goraipatu dute

Espainiako kongresuan eztabaidan jarraitzen dute ordezkari politikoek, larrialdi egoera luzatzeari buruzko saioan. EAJko Aitor Estebanen pozik agertu da Espainiako Gobernuarekin lortu duten akordioagatik: «Ikusi dugu pandemiaren garapena ezberdina izan dela leku bakoitzean, eta horregatik uste dugu egokia dela autonomia erkidego bakoitzak alarma egoera nahi modura moldatzea».

EH Bilduko Mertxe Aizpuruak ere gobernantza elkarbanatuaren alde jardun du, eta «langile klasearen aldeko neurriak» indartzen jarraitzeko eskatu dio Sanchezi. EH Bildu abstenitu egingo da larrialdi egoera luzatu edo ez erabakitzeko bozketan.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

12:55

10 pertsona zendu dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan koronabirusaren ondorioz

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera azken 24 orduetan hamar pertsona zendu dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan koronabirusaren ondorioz. Bezperako datuekin alderatuta, igoera handia da, zortzi pertsona gehiago zendu baitira. PCR bidez atzemandako kasu positibo berriak, aldiz, sei dira, bezperan baino bi gehiago. ZIU unitateetan aldiz 24 pertsona daude, bezperan baino hiru gutxiago.  Nafarroako Gobernuak arratsaldean emango ditu datuak. 

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

12:30

Arabako zerga bilketan %22ko jaitsiera izango dela aurreikusi du gaur Ramiro Gonzalez Arabako Diputatu Nagusiak. Jaitsiera horrek, ordea, gizarte politiketan ez duela eraginik izango nabarmendu du Gonzalezek: «Gizarte Politiketara bideratutako dirua eta inbertsioak mantenduko dira», esan du.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

12:28

Espainiako Estatistika Institutuak grafiko bat argitaratu du, erakusteko izurriak nola eragin duen heriotza tasan. Hego Euskal Herriko datuetan, ikusten da igoera nabarmena 2020ko 13. astetik 18.era. Nafarroan %34,52 da aldea, Araban %25,54, Bizkaian %15,17, eta, txikiena, Gipuzkoan: %9,97.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

11:48

Organoak emateko eta txertatzeko prozeduren «ohiko erritmoa» berreskuratu du Osakidetzak, Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburuak esan duenez. Organo Emailearen Nazioarteko Eguna da gaur.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

11:41

EH Bilduren Bilboko Udal taldeak mozio bat aurkeztu du eskatzeko udan jar ditzatela gune gehiago hiriaren inguruan, itzala eta urarekin, batez ere haurrei eta adinekoei «aisialdi osasungarria» eskaintzeko, urruntze fisikoa aintzat hartuta.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

11:26

Euroguneko langabezia tasa %7,3ra heldu zen martxoaren eta apirilaren artean, Eurostatek azaldu duenez. EB osoan, bi hamarreko egin zuen gora, eta %6,6ra heldu zen apirilean.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

11:21

Maskarek bigarren hizkuntza ulertzeko zailtasunak handitzen dituzte, Bartzelonako Unibertsitateak egindako ikerketa batek ondorioztatu duenez. Ama hizkuntzaz hitz egiten dutenek begietara begiratzen ohi diete elkarri; baina bigarren hizkuntza egiten dutenek mintzakidearen ahoari begiratzen ohi diote, laguntza moduan, nahiz eta bigarren hizkuntzan maila altua eduki.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

11:12

«Izurriaren bigarren oldea ez da saihetsezina, nahiz eta herrialde askok neurriak arindu dituzten, eta infekzioa berriz sortzeko arrisku argia badagoen», esan du Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) Europarako bulegoko buru Hans Klugek.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

11:03

COVID-19 gaitzarekin positibo emandako 38 egoiliar hil dira Bizkaiko adinekoen egoitzetan maiatzean, eta beste bi kasu susmagarri atzeman dituzte. Maiatzeko datuak eman berri ditu Bizkaiko Foru Aldundiak. Izurria hasi zenetik, gutxienez, 285 egoiliar hil dira.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

10:59

Nafarroako udalen «diru kontuen egoera onak» aukera emango die izurriak sortutako krisiari «hobeto aurre egiteko, nahiz eta zailtasunak eduki», esan du Nafarroako Kontuen Ganberako presidente Asun Olaetxeak.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

10:53

Zaragozatik Nafarroara, «tabakoa erostera»

Foruzaingoak zabaldu duenez, gaur gauean Zaragozatik heldutako gidari bat atzeman dute, eta Nafarroara «tabakoa erostera» joana zela esan die. Gainera, positibo eman du speed drogaren azterketan.

10:42

Espainiako Kongresuan larrialdi egoeraren luzapena onartuko dute gaur

10etan hasi da Espainiako Gobernuak alarma egoeraren luzapena eskatzeko osoko bilkura. Sanchezek iragarri duenez, «hirugarren fasean sartzen diren autonomia erkidegoetan hango presidenteak erabakiko du nola izango den fase hori», eta hirugarren fasetik «normaltasun berrira» igaro ala ez ere Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak erabakiko dute, ez Madrilek.

Printzipioz, gaur onartuko dute larrialdi egoeraren seigarren eta azken luzapena, ekainaren 21 arte.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

10:22

Eskualdeen arteko mugimendua libre da, gaurtik, Italian

Hiru hilabeteko itxialdiaren ondoren, Italiak baimena eman du bere eskualdeen artean nahi bezala mugitzeko, eta mugak zabaldu dizkie Europako Batasuneko herrialdeei. Hegoaldeko eskualdeetako presidenteek ez zuten, hasieran, mugitzeko debekua kentzea nahi, askoz kasu gehiago gertatu baitira iparraldean. Azkenean, amore eman dute, baina, batzuek, neurri bereziak ezarri dituzte: Roma inguruko Lazio eskualdeko presidenteak, esaterako, agindua eman du tenperatura hartzeko hara trenez, hegazkinez eta itsasontziz heltzen den orori.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

10:12

«Arduragabeenek zapuztu dezakete ahalegin guztia»

Gipuzkoako Sendagileen Elkargoko buru Manuel Garcia Bengoetxeak dei egin du neurriei eusteko, pairaturiko «tragedia» berriz gerta ez dadin. Konfinamendua arintzeko hirugarren fasearen diseinua «egokia» iruditzen zaiola esan du, baina adi jarraitzeko eskatu du. Egunotan kale eta hondartzetan ikusitako irudiak «ikaragarriak» izan dira osasungintzako langileentzat, esan duenez, eta daki izurriak eragindako egoera bezalakoa «berriz jasateko moduan» egongo liratekeen.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

09:45

Jarduera telematikoak prestatu dituzte, Euskal Eskola Publikoaren Jaia ospatzeko

Bastidan (Araba) egitekoa zen aurten Euskal Eskola Publikoaren Jaia, baina antolatzaileek bertan behera utzi zuten, eta, horren ordez, Internet bidezko ekitaldi sorta prestatu dute. 7 y el 12 de junio. Jai birtuala egingo dute datorren igandetik ekainaren 12ra arte. Esan dutenez, datorren urtean egingo dute Bastidako jaia, ekainaren 6an.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

09:39

Koronabirusak dagoeneko gutxienez 380.250 pertsona hil ditu

Johns Hopkins Unibertsitateak jasotako datuen arabera, ia 6,4 milioi kasu baieztatu dituzte planeta osoan. Brasilen dagoeneko 31.199 pertsona hil dira, datu ofizialen arabera, eta Italia gainditzeko zorian dago (33.530), munduan heriotza gehien pairatu dituen herrialde gisa.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

09:33

Urkulluk espero du astelehenean Hego Euskal Herrian libre mugitzeko aukera egongo dela

«Ostirala-larunbata arte itxaron beharko dugu, ohituta gaudelako iritziak aldatzera», esan du Iñigo Urkullu lehendakariak, erkide autonomoen artean libre mugitzeko aukeraz galdetu diotenean, Euskadi Irratian eginiko elkarrizketan. Larunbatean Sanchezekin hitz egin zuenean, berak «ulertu» zuen hirugarren fasean dauden erkidegoetako herritarrek aukera izango zutela mugitu ahal izateko, esan duenez.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

09:13

Lau ostatu salatu dituzte Iruñean azken 24 orduotan

Iruñeko Udaltzaingoak lau ostatu salatu ditu azken 24 orduetan, larrialdi egoerako arauak ez betetzea leporatuta. Horrez gain, hamalau ibilgailu kontrolatu dituzte, tartean hiriko hiru autobus. Denera 21 isun proposamen egin dituzte.


Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren


Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Osakidetzako langile bat Txagorritxuko laborategi batean lanean. ©Gorka Rubio, Foku

Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi du Osakidetzak arriskuan jarri dituela langileak

Ainhoa Larretxea Agirre - Mikel P. Ansa

Osagileen sindikatuek jarri zuten salaketa, eta ekainaren 16an egin zuten epaiketa. ESK sindikatuak Nekane Murga Osasun sailburuaren eta Osakidetzako zuzendaritzaren dimisioa eskatu du. Osakidetzak, ordea, «positibotzat» jo du ebazpena, epaileak atzera bota dituelako sindikatuen «eskari gehienak».

Jendea paseoan, konfinamendua arintzeko lehen fasean. ©JON URBE/ FOKU

Jaurlaritzak ziurtatu du COVID-19aren agerraldiak «kontrolatuta» daudela

Irati Urdalleta Lete

Beste hamalau positibo eta hiru hildako daude. Jaurlaritzak pentsatu du neurriak areagotuko dituela jende pilaketak «mantenduz eta orokortuz» gero

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna