«Instituzioek kapitalaren bahitu izateari utzi behar diote»

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak ekainaren 19an mobilizatzera deitu du, ‘Lehenik bizitza!’ lelopean.

Manifestua sinatu duten pertsonetako batzuk, haren irakurketa publiko ekitaldian. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2020ko ekainaren 3a
13:20
Entzun

«Burujabetza bizitzak sostengatzeko. Lehenik bizitza!» lelopean garatuko dira Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak ekainaren 19rako deitu dituen mobilizazioak. Eragile sozialen plataformak protesta egun horretarako arrazoi eta eskakizunen berri eman du Bilbon. Gutunekoen ustez, COVID-19aren krisian «langile eta herri sektoreen interesak erdigunean jartzeko garaia da», eta pertsonak eta komunitateak babestea lehenetsi behar da merkatuaren eta jabetza pribatuaren aurretik: «Erreforma fiskal sakonak beharrezkoak izango dira. Instituzioek patronalaren menpean egoteari eta kapitalaren bahitu izateari utzi behar diote, eta herri sektoreon mesedetara jarri behar dira».

Manifestuarekin batera, hura sinatu duten 73 pertsonen zerrenda aurkeztu dute, eta bertan dira, besteak beste, Jon Maia eta Oihana Bartra bertsolariak, Eñaut Elorrieta abeslaria, eta Kattalin Miner eta Danele Sarriugarte idazleak. Zerrendan, besteak beste, gizarte mugimendu ezberdinetako kideak, zerbitzu publikoetako langileak eta hainbat unibertsitate irakasle eta ikerlari agertzen dira. Mobilizazioen berri, aldiz, hurrengo astean emango dute.

Deitzaileek salatu dute «gobernatzen gaituztenek» azken hamarkadetan hartu dituzten erabakiek «kolapsoa» sortu dutela, eta horregatik utzi nahi dute atzean «osasun krisi bati erantzuteko gai izan ez den jendarte antolaketa”. Horregatik, «errealitate berria» aldarrikatzen dute, haien ustez orain arteko bidean jarraitzea «jasangarria» dela pentsatzea «utopia neoliberala delako».

Manifestuak lau eskaera nagusi ditu: eskubide guztiak guztiontzat; lana(k) berrantolatzea; babes sozialerako sistema indartzea, osasunaren eta zerbitzu publikoen eskutik; eta krisia kapitalak eta aberatsek ordain dezatela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.