Indarkeria matxista

Protestara deitu dute Zarautzen eta Hernanin, sexu erasoak salatzeko

Ezker mugimenduaren barruko sexu erasoak dira Zarautzen eta Hernanin salatutakoak.  Zarautzen, erasoa jasandakoa Sorturen "babesik gabe" sentitu da. Sortuk bat egin du biharko mobilizazioarekin, baina deitoratu du auzia erabili izana "ezker abertzalearen izena zikintzeko".

Sexu erasoen aurkako martxa bat Zarautzen, duela bi urte. ANDONI CANELLADA / FOKU
Maider Galardi
2020ko ekainaren 3a
13:27
Entzun

Hernanin eta Zarautzen (Gipuzkoa) protestara deitu dute hainbat eragilek, ezkerreko komunitatean izandako sexu erasoak deitoratzeko. Erasoak ez dira orain salatu, baina mugimendu barruan egindako prozesuen ostean erabaki dute mobilizaziora deitzea. Edonola ere, Hernaniko eta Zarauzko protestek ez dute abiapuntu bera. Izan ere, erasoa jasandakoa prozesuak iraun bitartean Sorturen "babesik gabe" sentitu dela salatzeko deitu dute Zarauzko elkarretaratzera.

Zarauzko Hitza-n kaleratutako gutun batean salatu dute Zarauzko hainbat eragilek eta norbanakok herrian gertatutakoa. Arrano tabernako —herriko taberna da— emakumezko langile bati joan den abenduan egindako eraso baten berri eman dute, eta salatu dute Sortuk hartutako neurriak ez direla nahikoa izan. Gutunaren arabera, emakumeak ez zuen erasotzailearen izenik eman hasieran, gizonezkoa "etxekoa" eta "gertukoa" zelako. Gerora, ordea, erasoa salatu eta barne prozesu bat abiarazi zuten, Sortu tarteko —sexu erasoak bere militanteek egiten edo jasaten badituzte, edota bere guneetan gertatzen badira, protokolo bat abiarazten du ezker abertzaleak—.

Emakumeak, ordea, salatu du "babesik gabe" sentitu dela prozesuak iraun bitartean. Besteak beste, gutunean deitoratu dute emakumeari ez diotela arreta psikologikorik eskaini, eta ez dizkiotela "argi adierazi" protokoloaren nondik norakoak. Era berean, nabarmendu dute gaia kudeatzeko mahaira ez dituztela gonbidatu emakumea jarduten den herriko beste eragile batzuk. 

Azken hiru hilabeteetan, protokoloa eten egin da Zarautzen. Gutunaren arabera, Sortuko bitartekariak andreari atzo esan zion bidea eten egin dela "berak hala nahi izan duelako".

Sorturen oharra

Sortuk, berriz, nabarmendu du erasoa izan zen unetik bertatik abian jarri zutela protokoloa, eta erasoa jasan duen andrearekin adostuta egin dituztela urratsak. Erasoaren larritasuna «aitortzen» dutela jakinarazi dute, eta Zarauzko beste zenbait eragilerekin ere lan egin dutela, besteak beste mugimendu feministarekin. Horrela, protokoloari heldu diotela jakinarazi dute: «Bide horretan, hutsune eta zailtasunak izanagatik, urratsak egiten ari gara. Besteak beste, indarkeria matxisten kudeaketarako barne protokoloa dugu tresnatzat duela pare bat hamarkadatik. Zehazki, azken urtean egokitu eta berritu dugu». Gaurko elkarretaratzearekin bat egin du Sortuk, baina deitoratu du auzia «ezker abertzalearen izena eta izana zikintzeko»  baliatu izana, «tartean gezurrak erabilita». 

Prozesu propioa Hernanin

Hernanin (Gipuzkoa), berriz, prozesu baten ondoren erabaki dute protestara deitzea; hortaz, erasoak lehenago salatu zituzten, baina orain argitara ematea erabaki du Hernaniko Koordinakunde Feministak. Hernanin ere erasotzailea "gertukoa" dela nabarmendu dute: "Erasotzailea ez da txotx garaian etorritako gizon bat, edo kanpotik Hernanira bizitzera etorritakoa, ezta gau batean Hernanitik pasatu zen ezezagun bat ere, baizik eta gure komunitateko kide bat. Eraso dien emakumeek aurretik ezagutzen zuten, eta, gerora, haiengandik gertu egon izan da, eta, hala, haien ezinegona areagotu du". Horregatik, "haserre" daudela ohartarazi dute, eta, "amorratuta eta prozesua berriro ez gertatzeko neurriak jorratzen" ari diren arren, gertatutakoa "publikoki eta kalean" salatu nahi dutela azpimarratu dute.

"Ez bada esaten, badirudi ez dela existitzen, eta bai, Hernanin sexu erasoak gertatzen dira, gure komunitatean", salatu du koordinakunde feministak. Hain justu, BERRIAk erreportaje bat landu zuen iaz, ezkerreko mugimenduetan izaten diren sexu erasoen inguruan. 

Elkarretaratzeak

Bai Hernanin eta bai Zarautzen elkarretaratzeak antolatu dituzte biharko, sexu erasoak salatzeko. Zarauzkoa 20:00etan izango da, Udaletxe plazan; Hernanikoa, berriz, 19:00etan, Ezkiaga pasealekuan.

 

 

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.