EMAN elkartea sortu dute Nafarroako musikako eta arte eszenikoetako zenbait entitatek

Nafarroako Gobernuak laguntzen bitartez eman liezaiekeen «egonkortasunaren falta ikusita», erantzun bateratua ematea erabaki dute.

Nafarroako Ganberea Abesbatza. NAFARROAKO GANBERA ABESBATZA DA EMAN ELKARTEKO KIDEETAKO BAT.
Ane Eslava.
2020ko ekainaren 3a
15:35
Entzun

Nafarroako musikaren eta arte eszenikoen arloko zenbait entitate batu egin dira, elkarrekin lan egiteko sektorearen baldintzak hobetzeko xedez: EMAN izeneko elkarte bat aurkeztu dute gaur, Iruñean. «Hori baita urteetan egiten aritu garena: eman eta eskaini gizakiak sor dezakeen ondasun preziatuenetako bat: kultura», adierazi du Arantxa Garatea Atena fundazioko kideak.

Bederatzi elkartek osatu dute elkartea: txistularien eta banden elkarteak; ganbera abesbatzak eta ganbera operak: Santas Pascuas eta Flamenco on Fire jaialdiek; Atena fundazioak; Gaiarre, operaren lagunak, eta Radio Cierzo. «Baina elkartearen sortzaile gisa agertzen diren erakundeak ez dira haren kudeaketan parte hartuko duten guztiak, ezta hura osatuko duten guztiak ere, izaera barneratzailea izango baitu», zehaztu du Garateak.

Bi faktore nagusik eraman dituzte talde horiek elkartzera erantzun bateratu bat emateko: batetik, 2008ko krisialditik kultur sektoreak pairatu dituen murrizketek; eta, bestetik, Nafarroako Gobernuak haren tresnen eta laguntzen bitartez sektoreari eman diezaiokeen egonkortasunaren gabeziak. «Zehazki, pizgarria izan zen Kultura departamentuak 2019ko ekainean erabaki zuela desegitea musika eta arte eszenikoen programaziorako laguntzen deialdia, behintzat ordura arte ezagutzen genuen moduan», azaldu du ganbera abesbatzako Iñigo Osesek. Laguntza hori 2018an onartu zuten, eta hainbat elkartek bilerak egin zituzten Kultura departamentuarekin laguntza horren inguruan, baina gobernu aldaketaren ondorioz, bilerak atzeratu egin ziren, eta oraindik 2019-2020ko deialdiaren zain daude.

Halaber, «2012az geroztik deialdi horretarako aurrekontua etengabe jaitsi izanak, urtez urte deialdiaren oinarrietan egindako aldaketek eta deialdiaren oinarrietan jasotzen diren aplikazio denboren eraginkortasun eskasak» eraman ditu eskaerak elkarrekin egitera, Osesek azaldu duenez. «Egonkortasuna emango digun sistema bat egituratzea dugu helburu, hori egungo diru laguntzen sistemarekin bateraezina baita, eta elkarrekin egotea ezinbestekoa da aldaketak eskatzeko».

Birusa, pizgarri

Pandemiaren aurretik hasi ziren antolatzen, sektorearen egiturazko krisiari aurre egiteko; zehazki, duela bederatzi hilabete. Osasun krisiak, baina, prozesua bizkortu egin du, eta bultzada eman die urratsa egin eta elkartea osatu eta aurkezteko. Hala, «sektorearen zati handi batentzako errealitate berri bat egituratzeko kultur eragile» gisa aurkeztu dute EMAN.

Elkartearen ardatz nagusien artean daude musika eta arte eszenikoen jarduera sustatzea, lankidetzaren kultura bultzatzea, hausnarketarako tresna bateratu bat sortzea, eta sektorea garatzeko egitasmoak antolatzea.

Kultura departamentuarekin hartu-emanak izan dituzte dagoeneko, eta «jarrera irekiarekin» ikusi dutela adierazi dute, baina jarrera positiboak ez ezik «ekintzak» ere behar dituztela azpimarratu dute. Halaber, beste erakunde batzuekin bildu dira, hala nola Nafarroako Kontuen Ganberarekin eta Iruñeko Udaleko Kultura Saileko arduradunekin.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.