Mugaz bi aldeetako bidaiak errazteko eskatu du Nafarroako Parlamentuak

Navarra Sumaren abstentzioarekin eta bertze alderdi guztien baiezko botoarekin onartu dituzte neurriak. Bertzeak bertze, 50.000 eurorainoko diru laguntzak onartu dituzte kultura ogibide dutenentzat, eta alokairua ordaintzeko diru laguntzak hamabi hilabetez luzatuko dizkiete autonomoei eta aldi baterako enplegu erregulazioan daudenei.

Maria Txibite, Manu Aierdi eta Elma Saiz kontseilariekin parlamentutik ateratzen.
Maria Txibite, Manu Aierdi eta Elma Saiz kontseilariekin parlamentutik ateratzen. Idoia Zabaleta/Foku Tamaina handiagoan ikusi

Berria -

2020ko ekainak 4

* Nafarroan eta Araban bikoiztu egin zen heriotza kopurua birusak goia jo zuenean.

* Ana Galarraga eta Miren Basaras: «Zabaltzen jarraitu behar dugu ez dakigula benetan zer gertatuko den».

Zuzeneko kontakizuna

21:35

Europako Batasuneko kideek erabaki dute garraioa suspertzea koronabirusaren krisiaren ondoren jasangarritasunean eta digitalizazioan inbertituz, tren zerbitzuak eta hegazkinentzako erregai alternatiboak dira lehentasunak Garraio ministroen ustean.

21:02

ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari eskatu diote bilera bat egiteko datorren asteazkenean, «kolektiboz kolektibo negoziatzeko eta adosteko ikasturtearen hasiera, segurtasun neurriak, baldintzak eta horiek bermatzeko behar diren baliabideak».

20:58

Frantziako Gobernuak beste laguntza sorta bat aurkeztu du koronabirusaren krisiak gehien jotako sektoreen kaltea leuntzeko. Emmanuel Macron presidentea sindikatuekin eta patronalarekin elkartu da, eta gazteek enpresetan egiten dituzten praktikak mantentzeko neurri baten berri eman du.

20:42

Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak errepikatu du ez dela presidentegai izango legealdia amaitu eta gero. Koronabirusaren pandemiak eragindako «salbuespen» egoerak haren asmoa aldatu ote duen galdetu diote ZDF telebista publikoan, eta erabakia hartua duela esan du: «Ez, ez. Hau irmoa da erabat».

20:18

Amelia Barquin: «Nola ez dago etorkinen seme-alaben gaia lehen lerroan euskalgintzan? Etorkinak populazioaren %11 dira EAEn. Haien seme-alaben trataera ez dago lehen lerroan? Estrategikoa da konplizitateak bilatzea, eta konplizitateak ez dira lortzen haiek metatzen ikastetxe batean».

Ikusi mahai ingurua zuzenean.

20:05

Josu Amezaga: «Euskara integraziorako bide ikaragarri ona da. Herritartasun legal bat dago, baina baita herritartasun sozial bat, jendeak aintzat hartzea zu ere kide zarela. Eta euskarak duen ahalmena ikaragarria da».

Ikusi mahai ingurua zuzenean.

19:41

Amelia Barquin: «Arrakala teknologikoa eta linguistikoa askotan gainjartzen dira. Deskonexio teknologikoa eta desagerpen linguistikoa elkartzen dira kasu askotan».

Jarraitu mahai ingurua zuzenean.

19:26

Idurre Eskisabel kazetaria eta irakaslea, Martin Ugalde Foroan: «[Koronabirusaren krisiaren] Aurreko prekarietate hori desio bihur dakiguke, denok hemen sumatzen dugun giro hori nagusitzen bada hizkuntza eskubideekin zerikusia duten politiketan. Lehengora bueltatzeak ez du izan behar desio bat, baizik eta gutxieneko aldarrikatze bat. Bada momentua oinarrizko hitzarmenak abiatzeko».

Jarraitu mahai inguruan zuzenean.

19:22

Amelia Barquin irakaslea, Martin Ugalde Foroan: «LGTB eta queer mugimendutik datorkigu normalitatea zalantzan jartzeko ideia. Badakigu hizkuntza hegemonikoek nola jokatzen duten minoritarioekin, euskararekin zein etorkinen hizkuntzekin».

Jarraitu mahai ingurua zuzenean.

19:18

Josu Amezaga soziologoa, Martin Ugalde Foroan: «Normalitatea ulertzea errazagoa zen duela 40 urte. Guk nahi genuen besteen pare izatea. Gaur egun, batetik, ez gara iritsi horretara; bestetik, besteen normalitatea ere kolokan dago».

Jarraitu mahai ingurua zuzenean.

18:28

ELA, LAB, Steilas, UGT eta CCOO sindikatuek bilera bat egiteko eskatu diote Hezkuntza Sailari

Sindikatuek azaldu dute «kezkatuta» daudela ikastetxeetako ikasturte-hasiera «langileen ordezkariekin negoziatzeko borondaterik ez dagoelako». Batzarra gaur zortzirako egin nahi dute, eta helburua da «ikasturte hasierako plana, segurtasun neurriak, baldintzak eta neurri horiek bermatzeko behar diren baliabideak elkarrekin negoziatu eta adostea». Era berean, Hezkuntza Sailari «aldebakartasunez» jokatzea leporatu diote, eta ikasturte amaierarako segurtasun eta osasun bermeak betetzeko exijitu diote.

17:12

Koronabirusak zabaltzen jarraitzen du Pakistanen eta azken egunetan nabarmen igo dira heriotzak eta atzemandako kasu berriak. Dagoeneko 85.000 pertsonari baino gehiagori atzeman diote birusa eta hildakoak 1.790 dira. Kutsatu kopuruak gorantz jarraitzen duen arren Imran Jan lehen ministroak ez du konfinamendua arintzeko prozesua eten eta nabarmendu du beregatik balitz, ez zukeela konfinamendurik ezarriko. Janek nabarmendu du konfinamenduak ekonomia ondoratu duela eta gainera ez duela koronabirusa «sendatzeko balio».

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

16:07

Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernuari eskatu dio mugaz bi aldeetako joan etorriak errazteko

Geroa Baik aurkeztu du eskaera parlamentuan eta nabarmendu du Nafarroako herritarrek harreman, pertsonal, komertzial eta kulturalak dituztela Iparraldean eta mugaren itxierak kalte handiak sortu dizkiela. Espainiako Gobernuari bidalitako eskaeran, gainera eskatu dute Iparraldeko herritarrei muga gurutzatzen uzteko mugan dauden Hegoaldeko establezimenduetara joateko. Koronabirusak eragindako kalteak aztertzerakoan, mugaren itxierak sorturikoak kontuan hartzeko eskatu du Nafarroako Parlamentuak.

15:47

Euskotrenek udako ordutegia ekainaren 8an ezarriko du tren, metro eta tranbia guztietan. Egungo ezohiko egoerara egokitutako «zerbitzu eraginkorra» eman nahi dute, herrien arteko joan-etorriak erraztuz.

Andoni Imaz

Andoni Imaz

15:44

Suediako Gobernuak 566 milioi euro gehiago erabiliko ditu koronabirusa atzemateko testak egiteko eta kutsatutakoen inguruko pertsonak aztertzeko. Gobernuaren asmoa da 100.000 proba egitea astean; horien herenak egiten ari dira orain.

Andoni Imaz

Andoni Imaz

15:38

Iranen, beste 3.574 pertsonari atzeman diete koronabirusa azken 24 orduetan, Osasun Ministerioaren arabera; orain arte egun batean detektatu duten kopururik handiena da. Birusa hedatzen hasi zenetik, bost egunetan gainditu dute 3.000 kutsatzeen langa; aurrekoa, martxoaren 30ean. Maiatzaren hasierarako, datuak asko apaldu ziren, baina jarduera ekonomiko eta sozialari berrekin ziotenez geroztik, gorakada nabarmena izan dute.

Andoni Imaz

Andoni Imaz

15:26

Madrilek atzera egin du: uztailaren 1ean irekiko du Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko muga. Aurrena, Reyes Maroto Espainiako Industria ministroak eman du dataren berri, baina ministroak esandakoa zuzendu du ondoren gobernuak. Mugak ia hiru hilabete daramatza itxita, eta horrek eragozpen ugari eragin dizkie eremu horretan bizi diren herritarrei.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

14:24

Donostiako Zinemaldiaren data mantenduko dute

Eneko Goiak aurreratu duenez, Donostiako Zinemaldia aurreikusitako egunetan eginen dute, hau da irailaren 18tik 26ra. Radio Euskadin egindako elkarrizketan Eneko Goiak adierazi du ahalik eta modurik «presentzialenean» eginen dutela zinemaldia. Alkateak onartu du urtero Donostian joaten diren zinema izarrak direla beharbada jaialdiaren alderik «ikusgarriena», baina argi utzi du zinemaldia ez dela «hori bakarrik» eta izarrak joan ezin izateak ez duela inondik inora justifikatzen zinemaldia ez egitea.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

14:13

Espero bezala, EBZ Europako Banku Zentralak bere buruari munizio gehiago ematea erabaki du. Koronabirusak eragindako krisi ekonomikoari aurre egiteko 750.000 milioi euroren zor erosketa programa berezia (PEP) jarri zuen martxan martxoan. Ia 250.000 milioi euro gastatu ondoren, erabaki du beste 600.000 milioi euroren zorra erostea, batez ere euroguneko estatuen zorra, baina baita enpresa batzuena ere.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

13:30

EHUko matematikari talde bat ikerketa bat koordinatzen ari da Covid-19aren kasu berriak iragartzeko aukera emango duen eredu matematiko bat sortzeko. Gainera, Espainiako eta Italiako gobernuek ezarri dituzten kontrol estrategiak alderatuko dituzte. Manuel de la Sen, Raul Nistal eta Santiago Alonso-Quesada ikertzaileak ari dira lanean.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

13:24

Etxepare Euskal Institutuak euskal kultura sustatzeko lau diru laguntza deialdi argitaratu ditu gaur, literaturaren itzulpengintzarako, euskal kultura sustatzeko jarduerak egiteko, bidaia poltsetarako eta arte azoketan parte hartzeko. Ekainaren erdialdean zabalduko ditu arte eszenikoetako, musikako eta arte plastikoetako «sortzaileen mugikortasuna sustatzeko» laguntzak eskatzeko epea.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

13:16

Olinpiar Jokoen bertsio «sinpleago» bat jokatu behar izatea litekeena dela esan du Tokioko gobernadore Yuriko Koikek. Aurten ziren jokatzekoak, baina datorren urtera arte atzeratu dituzte, izurriarengatik.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

13:09

Sopelan (Bizkaia) bihar zabalduko dute bertako dendak bultzatzeko bonoak eskatzeko epea. Uztailaren 1ean jarriko dituzte salgai, eta irailaren 15era arte erabil ahalko dira.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

12:43

Koronabirusak eragindako krisiari aitzin egiteko bortzgarren neurri sorta onartu du Nafarroako Parlamentuak. Navarra Sumaren abstentzioarekin eta bertze alderdi denen aldeko botoekin onartu dituzte neurriak. Onartutako neurrien artean daude kultur ogibide dutenentzako 50.000 euro arteko diru laguntzak sortzea, autonomoentzako eta aldi baterako lan erregulazioan daudenentzako alokairua ordaintzeko laguntza hamabi hilabetez luzatzea, eta urtarrilaren 1a baino lehen langabezian zeuden herritarrei alokairua ordaintzeko diru laguntzak sortzea.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

12:20

Nafarroako Ostalarien elkarteak koronabirusak eragindako krisiari aitzin egiteko neurri zehatzak hartzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuari. Bertzeak bertze, ostalariei diru laguntzak emateko, BEZ zerga jaisteko, promozio kanpainak sustatzeko eta ostatu eta jatetxeetan kontsumitzeko erosketa txartelak sortzeko eskatu dio elkarteak gobernuari. Gainera, higiene neurriak betetzeko ostalariek beren negozioetan egin behar izan dituzten aldaketak diruz laguntzeko eskatu du elkarteak.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

11:08

Ekainaren 8tik aitzinera adinekoen egoitzetan bisitak egiten hasiko dira Araban

Aurretiazko hitzordua hartu beharko da bisitak egiteko eta eta segurtasun eta higiene neurri «zorrotzak» bete beharko dira. Egoiliar bakoitzak egunero ordubeteko bisita jasotzen ahalko du, eta ahal dela beti pertsona berarena. Bisita egitera doazenek, gainera, maskara eta eskularruak eraman beharko dituzte. Bisitak egiteko gune bat atonduko dute egoitza guztietan.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

10:50

Koronabirusak gutxienez 386.091 pertsona hil ditu munduan

Johns Hopkins Unibertsitateak jasotako datuen arabera, ia 6,5 milioi kasu baieztatu dituzte planeta osoan. Ameriketako Estatu Batuetan erasan du gehien koronabirusak. 107.715 pertsona zendu dira birusaren ondorioz eta 1,8 miloi pertsona baino gehiago kutsatu dira.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

10:28

Hildako kopurua behar bezala ez ematea egotzi dote Madrili, Financial Times-ek argitaraturiko artikulu batean. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburu ohi Rafael Bengoaren adierazpenak jaso dituzte: «Hildakorik ez dela egon esatera ateratzeak, heriotzak gertatzen ari direnean, nahasmen handia sor dezake». Osasunaren Mundu Erakundean ari da lanean Bengoa.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

10:11

Haurreskoletako matrikulazioan, Eusko Jaularitzako Hezkuntza Sailaren «begirune eza, utzikeria, inprobisazioa eta ardura falta» salatu ditu LAB sindikatuak. Esan dutenez, sailak ez du publizitate kanpainarik egin, eta norbera babesteko ekipamenduak ez dira hainbat haurreskoletara heldu.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

09:59

Inoizko heriotza kopururik handienak zenbatu dituzte Brasilen eta Mexikon

Mexikok 1.000 hildako eguneko zenbatu ditu lehen aldiz, eta Brasilen inoizko kopururik handienaren berri eman dute: 1.349 hildako azken 24 orduetan.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

09:45

«Zutik jartzeko norabidea erabaki behar dugu», adierazi du Otegik. Izurriaren kalteei aurre egiteko funtzionarioei «elkartasuna» eskatu zien atzo Urkulluk. Otegik erantzun dio: «Denoki lagundu behar dugu, bai: baina Iberdrolak ere bai? Petronorrek ere bai? Fortuna handiek ere bai?»

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

09:42

«Harreman naturalak ditugu guztiekin», esan du Arnaldo Otegi EH Bilduko buruak PSOE eta Podemosekin eginiko itunaz galdetuta. «Sekulako akordioa egin genuen eta jendeak ikusi egin du». Edonola ere, ohartarazi du Espainiako gobernuarekin ez dagoela inoiz bermerik. «Estatutua ez dute bete 40 urtean».

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

09:39

Arnaldo Otegi elkarrizketatu dute Eskadi Irratian: «Gestio nahiko katastrofikoa egin da orain arte. Ez dago planifikaziorik. Unibertsitateko komunitatea oso kezkatuta dago ez dakielako nola hasi behar den ikasturtea».

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren


Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Txagorritxuko erietxean, COVIDaren test serologikoak aztertzen. ©G. RUBIO / FOKU

Eritasunari buruzko lezio berrikusia

Arantxa Iraola

Asko falta da oraino, baina COVID-19aren inguruko ezagutzak egunero ari dira argitzen, osatzen; ondorioz, izurriaren hasieran gaitzaz esan ziren hainbat gauza zahartuta eta atzeratuta geratu dira guztiz. Etengabeko berrikusketa eskatzen du gai honek.

Angeluko hondartza. ©Guillaume Fauveau

Maskara derrigorrezkoa izango da Ipar Euskal Herriko hainbat herritan ere

Olatz Esteban Ezkati

Berrehun positiboren langa gainditu da seigarren egunez jarraian Hego Euskal Herrian: 224 kasu izan dira azken orduetan. Gipuzkoako tabernariak kexu agertu dira Jaurlaritzaren murrizketak direla eta

Emakume bat oinez Donostian, erosketen poltsak eskuetan, joan den apirilean. ©GORKA RUBIO / FOKU

Zaurgarrienak, zaurgarriago

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Pandemiak emakume eta gizonen arteko desberdintasunak sakondu dituela ondorioztatu du Emakunderen txosten batek. Egoera hobetzeko gomendioak eman dizkie erakundeei

Jedea Bilboko metrotik irteten, maskara jantzita ©Luis Tejido/EFE

Berrehun positiboren langa gainditu da seigarren egunez jarraian Hego Euskal Herrian

Berria

Azken orduetan 224 kasu atzeman dituzte. Positiboetatik 123 Bizkaian detektatu dira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna