Madrilek atzera egin du: uztailaren 1ean irekiko du Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko muga

Aurrena, Reyes Maroto Espainiako Industria ministroak eman du dataren berri, baina gobernuak gero zuzendu egin du ministroak esandakoa. Ia hiru hilabete dira muga itxita dagoela, eta horrek eragozpen ugari eragin dizkie eremu horretan bizi diren herritarrei.

Behobiako zubia, Irun eta Hendaia artean, itxita. ANDONI CANELLADA / FOKU
jon olano
2020ko ekainaren 4a
12:33
Entzun

Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko muga itxita egon da martxoaren erdialdeaz geroztik; herritarrak salbuespenetan igaro izan dira batetik bestera ia hiru hilabeteotan, eta horrek eragozpen ugari sortu ditu hainbat tokitan; besteak beste, Irun (Gipuzkoa) eta Hendaia (Lapurdi) arteko igarobidean. Uztailaren 1etik aurrera, ordea, ez da oztoporik izango Iparraldearen eta Hegoaldearen artean mugitzeko, baina eguna ere eztabaida iturri izan da azken orduetan.

Izan ere, Espainiako Industria, Merkataritza eta Turismo ministro Reyes Marotok jakinarazi duenez, ekainaren 22an ziren muga zabaltzekoak. Hasieran, uztailaren 1a aipatu zuen Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak, baina lurreko garraiobideak estatu mugakideetara lehenago zabaltzeko aukera azaldu du Maroto ministroak. Ekainaren 22a aipatu du, orduan amaituko delako alarma egoera eta, harekin batera, mugak ixteko ministerio agindua.

Marotok nazioarteko hedabideetako berriemaileekin eginiko bilera batean aipatu du ekainaren 22a, baina bi ordu geroago zuzendu du Moncloak, esan baitu «uztailaren 1etik aurrera» zabalduko dutela «nazioarteko mugikortasun segurua»: «Gobernuak harreman etengabea dauka Europako Batzordearekin eta estatu kideekin, Europa barneko mugetako kontrolak modu progresiboan bertan behera uzteko prozesua koordinatzeko». Alarma egoera amaitzean, ekainaren 21tik aurrera, joan-etorriak erabat libreak izango dira Espainiako Estatuan zehar, eta, beraz, baita Hego Euskal Herri osoan ere, baina ezingo da aske mugitu Ipar eta Hego Euskal Herriaren artean.

Gaur egun, Ipar Euskal Herriko herritarrek baimena dute Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan mugitzeko, baita Frantziako Estatu osoan ibiltzeko ere. Hegoaldekoentzat, berriz, bestelakoa da egoera; gaur-gaurkoz, Nafarroako herritarrak beren herrialdean ibil daitezke. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrak ere euren probintzian soilik mugi daitezke —salbuespen egoera batzuetan joan daitezke norberarena ez den hiru herrialde horietako beste batera—, baina espero da datorren astean hiru lurraldeak konfinamendua arintzeko hirugarren fasera igarotzea eta hiru probintzien arteko joan-etorriak baimentzea.

Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak eta Alain Rousset Akitania Berriko presidenteak ere eskatua zuten Euskal Herri osoan mugitzeko aukera emateko; Urkulluk gutun bat bidali zion Espainiako Gobernuko presidenteari, «Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdean mugaz gaindiko mugimendua zabaltzeko». Gutun bera bidali zion Roussetek Edouard Philippe Frantziako lehen ministroari.

Espainiako Gobernuak turismoaren alorrean kokatu du erabakia; Madrilen asmoa da uztailaren 1etik aurrera mugak zabaltzea Europako Batasuneko turistentzat, baina arinago zabaldu nahi ditu Portugalgo eta Frantziako estatuekiko lurreko mugak. Edouard Philippe prest agertu zen ekainaren 15etik aurrera lurreko muga horiek zabaltzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.