Noiz sortua: 2020-06-05 09:26:34

Beste hiru pertsona hil dira COVID-19ak jota

Hamalau pertsonak eman dute positibo Hego Euskal Herrian PCR proban. Ez dute inor ospitaleratu, eta pertsona bat atera dute zainketa intentsiboen unitatetik.

Ertzaintzaren kontrol bat, Kantabriako (Espainia) mugan.
Ertzaintzaren kontrol bat, Kantabriako (Espainia) mugan. Aritz Loiola / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Berria -

2020ko ekainak 5

* Ikasturte amaierarekin batera, azterketak aurrez aurre dituzte unibertsitateko ikasleek. Ikasteko orduan eta azterketak egitean izan dituzten zailtasunez eta aldaketez aritu dira.

* Eredu ekonomikoari, zapata ekologikoak. 'COVID-19 osteko Euskal Herriko ekonomia ekologikoaren alde' manifestuaren bi sustatzaile elkartu ditu BERRIAk, Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren harira.

Zuzeneko kontakizuna

21:28

Italiak 5128 kasu berri atzeman ditu; horietatik 402 Lonbardian —han atzeman zuten herrialdeko lehen kasua—. Orain arte, 33.774 lagun hil dira; 85, azken 24 orduetan. Uneotan, 5.301 lagun daude ospitaleratuta, horietatik 316 zainketa intentsiboko unitateetan.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

21:25

120.000 kasuen langa igaro du Txilek. Atzo, berriz ere, 4.000 positibo baino gehiago baieztatu zituzten herrialdean. Orain arte hildako gaixo kopuru handiena ere erregistratu zuten: 92. Denera, 1.448 heriotza zenbatu dituzte.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

21:21

New York hirian ez dute hildakorik zenbatu gaur. Estatuan, orain arteko heriotza kopuru txikiena baieztatu dute: 42 hildako azken 24 orduetan. Duela bi hilabete inguru, 800 lagun hiltzen ziren egunean. Orain arte, 375.000 kasu baieztatu dituzte estatuan, eta 24.133 heriotza.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

19:58

Steilas sindikatuak adierazi du Nafarroan dagoen irakasle kopurua ez dela nahikoa aurrez aurreko hezkuntzara «bermeekin» itzultzeko. Horri aurre egiteko, inbertsio gehiago eskatu dituzte: «Badirudi arrazoiaren muina espazio alternatiboak egokitzeko eta, batez ere, irakasle gehiago kontratatzeko aurrekontu falta dela».

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

19:09

Maskarak derrigorrez erabili beharko dira udazkenera arte

Udazkenera arte maskarak derrigorrezkoak izango direla aurreratu du gaur Fernando Simon Osasun Alertak eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroko zuzendariak. Simonek nabarmendu duenez, udazkenean birusaren bigarren olde bat etorriko den edo ez ikusi arte erabili beharko dira maskarak. Egun maskara derrigorrez erabili behar da bi metroko distantzia gorde ezin daitekeen leku publiko guztietan, edo publikoari zabalik dagoen leku orotan.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

18:38

24 ordutan atzemandako koronabirus kasuak nabarmen igo dira Portugalen. Egun bakarrean 377 kasu beri atzeman dituzte, maiatzaren 8tik atzemandako altuena. Hasiera batean iparraldea erasan zuen birusak, baina egun Lisboa hirian daude kutsatu gehien. Denera 1.645 pertsona zendu dira Portugalen.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

18:13

Osakidetzak estrategia terapeutiko berri bat prestatzen ari da, plasmarekin ikertzen, koronabirusaz gaixotutako pazienteak artatzeko. Gaur aurkeztu dute estrategia hori, 26 pazienterekin probatu ondoren. Oraingoz, arrisku gehien duten pazienteei emango diete tratamendu hori.

17:53

Gipuzkoako zahar etxeetan, ez da egoiliarrik kutsatu koronabirusaz azken 24 orduetan, hogeigarren egunez. Azken 26 egunetan, ez da gaixorik hil. Egun, sei egoiliarrek dute gaitza, eta bat ere ez dago erietxean.

17:28

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak eta Giuseppe Conte Italiako lehen ministroak gutun bat bidali diote Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteari, eskatuz Europako Batasunak ezar ditzala irizpide bateratu batzuk estatuen arteko mugak igarotzeko debekua kentzearen inguruan.

17:04

Andres Manuel Lopez Obrador Mexikoko presidenteak aitortu du ez direla «egoki» aritu COVID-19 gaitzaren eraginez hildakoak zenbatzean. Aste honetan, kopuruak egokitu, eta mila hildako erregistratzera heldu dira egun bakarrean.

16:44

EH Bilduko hainbat hautetsik euskal presoak bisitatuko dituzte, pandemiak kartzeletan izan duen eragina bertatik bertara ezagutzeko. «Koronabirusak presoen egoera larriagotu du, eta EH Bilduk irtenbide baterako eragile izateko borondatea du», adierazi dute.

16:42

Nafarroako Gobernuko Ekonomiaren eta Enpresen Garapenerako Departamentuak enpresentzako informazio zerbitzu bat jarri dut martxan, Indiako, Mexikoko eta Txinako egoeraren berri emateko. Osasun eta ekonomiaren egoera aztertuko dituzte, herrialde horiekin merkataritza interes bereziak dituztelako.

16:35

Europako Espazio Agentziaren sateliteek espaziotik aztertuko dute koronabirusaren krisiak munduan izan duen eragin ekonomikoa. Nekazaritzari eta lur eta aire garraioei begiratuko diete, baita kutsadurari ere. «Aldaketa sozialak» ikertu nahi dituzte.

16:29

UGT sindikatuak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari eskatu dio datorren ikasturtean eskoletara itzultzeko arrisku plan bat egiteko hiru agertoki kontuan izanda: aurrez aurreko eskolak, telelana eta bien konbinazio bat. Gainera, telelana erregulatzeko eskatu diote, kalkulatu baitute modu telematikoan aritzeak lanaldia bi ordu luzatzen duela batez beste.

Andoni Imaz

Andoni Imaz

15:17

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Arrosadiko eta Tuterako Campusetan egiten dute Nafarroako ikasleek selektibitatea. Aurten, ordea, koronabirusa dela eta ohikoa baino eremu handiagoa beharko da ikasle denak segurtasun neurriak betez sartzeko eta beraz bi egoitza horiez gain Gurutzeta Plaza, Iturrama, Basoko eta Zizur institutuetan ere egingo dute selektibitatea. Pilaketak saihesteko gainera, lau egunetan egingo dute unibertsitatera sartzeko froga.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

14:42

Bilboko udal kiroldegiak astelehenean hasiko dira zabaltzen. Lehenengoa, Artxandakoa izango da, eta, astebete geroago, San Inaziokoa eta Zorrotzakoa zabalduko dituzte.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

13:58

Erkidegoen artean mugitzerik ez, normaltasuna deklaratu arte

Erkidegoetako presidenteek erabakiko dute «normaltasun berrira» noiz pasatu, eta bakarrik orduan erabaki ahalko dute erkidegoen artean libre mugitzeko aukera ematea, «ordurako ez direlako larrialdi egoeran egongo», esan du Ila Osasun ministroak.

13:49

Asteartean onartuko du Espainiako Gobernuak «normaltasun berriaren» baldintzak ezarriko dituen dekretua, Salvador Illa Osasun ministroak esan duenez.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

13:47

Azken orduetan beste lau pertsonak positibo eman dute PCR proban Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta beste 56k test azkarrean, Jaurlaritzak jakinarazi duenez. Gainera, hiru pertsona hil dira gaitzak jota.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

13:45

«Orain erkideetako presidenteek hartuko dituzte erabakiak hirugarren fasearen inguruan, eta haien esku egongo da eskatzea normaltasun berrira sartzeko eskatzea», esan du Espainiako Gobernuaren eledunak.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

13:43

Espainiak eta Italiak Europa mailako koordinazioa eskatu dute mugak irekitzeko orduan, Europako Batzordera elkarrekin bidalitako gutun baten bidez, Espainiako Gobernuko eledun Maria Jesus Monterok esan berri duenez.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

13:26

Hego Euskal Herria fasez pasatuko da datorren astelehenean. Espainiako Gobernuak baimena eman die fasez aldatzeko eskatu duten erkidego guztiei.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

13:23

Nafarroako Gobernuak kultura munduko enpresa, elkarte eta langileentzako jarri duen aholkularitza zerbitzuak 42 kontsulta jaso ditu lehenengo 15 egunetan. Galderen %60 langile autonomoek egin dituzte.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

13:05

Nafarroako Gazteriaren Kontseiluak administrazioei eskatu die «berehala argitzeko» udako kanpalekuak egiterik egongo ote den, eta zein baldintzatan. Kontseilua aisialdian lan egiten duten 30 elkarterekin bildu da, eta horiek kezka adierazi diote, uda oso gertu dagoelako.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

12:51

Bilboko Koralak kontzertua emango du, izurriaren biktimen omenez. Datorren asteko asteazkenean eta ostegunean grabatuko dute, Bilboko katedralean, 360 graduko irudia eskaintzen duen teknikarekin. Fauren Requiem lana abestuko dute. 50 herrialdetako 400 hiritan erakutsiko dute, ekainaren 21ean.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

12:43

Osasungintzako langileen ordezkariek mobilizazioa egin dute Gurutzetako (Barakaldo, Bizkaia) erietxearen atarian, eta izurrian segurtasun neurriak faltan izan dituztela salatu dute. Horren arduradunei erantzukizuna euren gain hartzeko eskatu diete. «Dimititu behar badute, dimiti dezaten», esan dute.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

12:21

Izurriak «kalte handia» eragin die Arabako enpresen %76ri, herrialdeko enpresaburuen elkarteak adierazi duenez. Edonola ere, kopurua aurreko galdeketan baino zortzi puntu txikiagoa da. Enpresen %89k lan gutxiago egin dute, eskaera gutxiago jaso dituztelako.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

12:14

Larrialdi egoera amaitu ondoren ere, etxerik gabekoei «ostatu egokia eta gizarte-arreta» ematen jarraitzeko eskatu die Arartekoak administrazioei.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

12:10

Nafarroan izurria «kontrolpean» dagoela esan Javier Remirez foru gobernuko Presidentetza sailburuak. «Gure etsairik okerrena gehiegizko konfiantza da», ohartarazi du, ordea.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

12:04

Donostiako Zinemaldiak erabaki du beste bi aste ematea filmak aurre-aukeraketara aurkezteko. Beraz, ekainaren 30a arte eman ahalko da izena.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

11:58

Irailetik aurrera, ikasgelako gehienez 15 ikasle egotea proposatu du EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean. Taldeak eskatu du datorren astean Batzorde Iraunkorra biltzeko, hurrengo ikasturtearen inguruan eztabaidatzeko.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

11:37

Japoniako musika jaialdirik handiena —Fuji Rock Festival— bertan behera utzi dute aurten, izurriarengatik. Euskal Herriko taldeak aritu izan dira jotzen horretan, besteak beste Esne Beltza, Fermin Muguruza eta Berri Txarrak.

11:21

Europako Batasuneko estatuen arteko muga kontrol oro uztailaren 1erako kentzeko eskatuko die Europako Batzordeak 27 estatuetako barne ministroei. Ylva Johansson Barne komisarioak hala baieztatu diola idatzi du El Pais egunkariak.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

10:39

ELA sindikatuak ezetz esan dio soldatak %13 jaisteari Fagorrek Tafallan (Nafarroa) duen Ederlan lantegian. Adierazi dutenez, neurria «gehiegikeria» da, eta zuzendaritzak langileekin negoziatu gabe hartu du.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

10:33

Gida baimena ateratzeko azterketa praktikoak astelehenean hasiko dira berriz Gipuzkoan. Aztertuek eta aztertzaileek maskara eta eskularruak eraman beharko dituzte. Autoan, bakarrik aztertua, haren irakaslea eta aztertzailea joan ahalko dira.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

10:29

Bizkaiko adinekoen egoitzetan 24 positibo daude egun, duela bi egun baino 14 gutxiago, Bizkaiko Foru Aldundiak eman dituen datuen arabera. Bederatzi adineko daude erietxean (bi gutxiago). 39 langileri diagnostikatu diote gaitza (zortzi gutxiago), eta beste 83 bakartuta daude diagnostikorik gabe, hau da, duela bi egun baino 12 gutxiago.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

10:11

Iraila-urria partean izurria ez bada berriz zabaltzen Erasmus egitasmoa berriz «egingarria» izango dela esan du Nekane Balluerka EHUko errektoreak, ETB1en.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

10:05

EHUn matrikulatzeko epea «aste bat» inguru atzeratuko dela esan du Nekane Balluerka errektoreak. «Ahal dugun guztia aurrez aurre emango dugu; niretzat eredu hori askoz aberasgarriagoa da, eta sutsuki defendatzen dut», gaineratu du, baina, ziurrenera, «eredu misto bat» ezarri beharko dutela dutela onartu du.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

10:00

Oxforden garatzen ari diren txertoa Brasilen probatuko dutela iragarri dute. Ingalaterrako unibertsitateko Jenner institutuko ikertzaileak urtarrilean hasi ziren probak txinpantzeekin egiten.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

09:50

Ehun bat bisita jaso dituzte egunero Bilboko Guggenheim museoan. Juan Ignacio Bidarte zuzendariak kalkulatu duenez, normalean saltzen dituzten sarreren %5 baino ez dituzte salduko ekaina osoan.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

09:44

Izurriaren ondorengo Euskal Herriko ekonomiak eta ekologiak nolakoak izan beharko liratekeen hausnartu dute adituek, erreportaje honetan.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

09:41

Iruñeko udaltzainek sei pertsona salatu dituzte, gasolindegi batean zoruan eserita zeudelako, tartea gorde gabe eta maskarik gabe. Azken orduetan beste 13 salatu dituzte udaltzainek Nafarroa osoan, 262 ibilgailu kontrolatu dituzte eta lau taberna salatu dituzte.

09:38

Brasilek Italia gainditu du, COVID-19 gaitzak hildako kopuruari dagokionez. Atzo1.473 heriotzen berri eman zuten, eta dagoeneko 34.000 dira. AEBek dira munduan pertsona gehien galdu dituen herrialdea, eta, hurrengoa, Erresuma Batua da.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

09:30

Dagoeneko 6.601.349 positibo zenbatu dituzte munduan, Johns Hopkins Unibertsitatearen kalkuluen arabera, eta dagoeneko 389.645 pertsona hil dira, datu ofizialen arabera.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren


Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Udaletako eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, Zumarragan bilduta. ©/ Ordiziako Udala

Ordiziako fokuan 35 pertsona kutsatu dira oraingoz, eta alkateak «autokonfinatzeko» eskatu du

Irati Urdalleta Lete - Jon Ordoñez Garmendia

Beste hemeretzi positibo daudela jakinarazi du Osasun Sailak, eta dagoeneko mila PCR baino gehiagoren emaitzak jaso dituzte. Alkateak "kutsatze komunitario bat" dagoela esan du.Murgak baztertu egin du konfinamendua ezartzea, baita joan-etorriak mugatzea ere. Itxi zituzten Haka, Miami eta Kebab tabernetako zerbitzariek negatibo eman dute. Biharko azoka bertan behera utzi du Udalak, eta kiroldegia, jolas parkeak eta liburutegia itxi ditu.

Jair Bolsonaro. ©Joedson Alves / EFE

Bolsonarok positibo eman du COVID-19an

Oihane Puertas Ramirez

«Bikain» dagoela adierazi du Brasilgo presidenteak. Hura izan da COVID-19aren eragina ukatu izan duten agintarietako bat, eta horrek ekarri du Brasil herrialde kutsatuenetako bat izatea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna