Musika

'Negu gorriak', hiru hamarkadako harrotasun ozena

Sare sozialetan oihartzun handia izan du Negu Gorriak taldearen lehen LParen 30. urteurrenak. Diskoa mugarri bat izan zen euskal musikan.

Kaki Arkarazo, Fermin Muguruza eta Mikel Kazalis, Iñigo Muguruzaren omenezko kontzertuan, iazko abenduan, Bilboko Kafe Antzokian. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Andoni Imaz.
2020ko ekainaren 5a
13:08
Entzun

Gaur bete dira 30 urte Negu Gorriak taldeak izen bereko lehen LPa argitaratu zuenetik. Fermin Muguruza taldearen sortzaileak urtemuga gogoratu du sare sozialetan, «Negu Gorriak gara, betirako gogoan #iñigoadiorikez» mezuarekin. Kaki Arkarazok eta Fermin eta Iñigo Muguruza anaiek sortu zuten taldea, Kortaturen azken boladako hiru kidek —Arkarazo M-ak taldetik iritsia zen—, hura desegin eta bi urtera. Hip-hopa, reggaea, rocka eta hardcorea nahastu zituzten proiektu berrian, eta prentsa musikalak «supertaldetzat» hartu zuen.

1990. urteko otsailaren 25ean, Fermin Muguruzak 100 ginen izeneko zutabea idatzi zuen Argia astekarian. Han iragarri zuen, askoren harridurarako, estudioan sartzeko prest zegoela Negu Gorriak izeneko proiektu berri baten estreinako diskoa grabatzeko, urte batzuk agertokietatik kanpo igaro ondoren. «Kontu bat argitu nahi dut ostera, inork ez diezagula zuzenean kantatzeko deitu, pikutara bidaliko baitugu, eta ez dugu Kortaturen revival bilakatu nahi; taldea ez da Kortatu, partaide batzuk bertakoak izan arren, eta ez da halaber bere musika. Historia arras desberdina da», esan zuen Muguruzak handik hilabetera Argia-n bertan egin zioten elkarrizketa batean. Zorrotz eta zuzen jardun zuten.

Gaberako aterbea kantutik atera zuten taldearen izena. Izan ere, urte berean grabatu zuten Mikel Laboaren omenezko Txerokee bertsio diskoa, Xabier Montoiak koordinatuta. Negu gorriak jarri zioten lehen LPari ere, eta Oihuka diskoetxearekin atera zuten. 1996an, Esan Ozenki zigiluak berriro argitaratu zuen, Gaberako aterbea kantu gehituta amaieran. 1991n sortu zuen taldeak zigilua, eta urte berean elkartu ziren Mikel Kazalis baxu jotzailea eta Mikel Abrego bateria jotzailea.

Disko horretakoa da Esan ozenki kantuko «euskalduna naiz eta harro nago» leloa, baita bertsoaren eta raparen Bertso-hop uztardura ezaguna ere. Berdin «horrelakoa da bizitza, egin ezazu behar duzuna», Spike Leeren Do the Right Thing filmean oinarritutako Radio Rahim abestiaren errepika. Amodiozko kanta, Ragamuffin jaia... Diskoko kantu askok berebiziko indarrarekin iraun dute gaur egunera arte.

«16 urtetxo nituen. Zeru zati bat zabaldu zen», txiokatu du Unai Iturriaga bertsolari eta idazleak Muguruzak sareetan idatzi duen mezuari erantzunez. «Madrilen bizi nintzen jada diskoa atera zenean, eta hemen entzuten genuen hainbat lagunek. Entzun, dantzatu eta oihukatu: euskalduna naiz, eta harro nago! Iñigo beti bizirik gure belarri, buru eta hanka iraultzaileetan!», Aitor Merino aktore eta zinemagileak. Erantzun soka luzea sortu du urtemugak:

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.