Txile

Txileko Poliziaren jazarpena salatu berri zuen buruzagi maputxe bat hil dute

Alejandro Treuquil We Newen komunitateko burua zen, eta duela aste batzuk Txileko Unibertsitatea Irratian salatu zuen jazarpena eta heriotza mehatxuak.

Alejardro Treuquil, We Newen komunitateko burua. WE NEWEN KOMUNITATEA
jon ordonez garmendia
2020ko ekainaren 7a
10:58
Entzun

Beste buruzagi maputxe bat hil dute Txilen. Ostiral goizaldean ezezagun batzuek maputxe talde bat tirokatu zuten, eta Alejandro Treuquil We Newen komunitateko burua hil zuten. 37 urte zituen, eta duela gutxi Poliziaren jazarpena salatu zuen. Maiatzaren 19an Txileko Unibertsitateko Irratian eman zuen elkarrizketan esan zuen Poliziaren mehatxuak eta biolentzia ari zirela jasaten, "motiborik gabe". "Indio nazkagarria, banaka eroriko zarete" moduko mehatxuak jasotzen dituztela kontatu zuen, eta behin polizia batek perdigoi tiro bat egin ziola buruan, eta "ia konorterik gabe utzi". "Ikaragarria da", esan zuen elkarrizketan.

Carlois Cornejo fiskalak azaldu duenez, galdutako zaldi baten bila joan zen beste hiru pertsonarekin batera, eta orduan hil zuten Treuquil. "Orduan, zehaztu gabeko pertsona kopuru batek su armekin eta beste gauza batzuekin eraso egin diete, eta horietako bat hil egiten dute", dio bere txostenean Cornejok, T13 telebista katearen arabera. Tiroketan lepoan zauritu zuten Treuquil, eta sorbaldan laukoteko beste maputxeetako bat. Beste biek ere zauriak izan zituzten; horietako bat 14 urteko gazte bat da. Treuquil larri zaurituta eraman zuten Collipulliko Ospitalera eta han hil zen.

We Newen komunitateak ohar baten bidez adierazi du hiltzaileak euren komunitatetik kanpokoak direla. Ohar baten salatu du Treuquil hil zuten gauean (ostegun gaua zen Txilen) euren lurraldea setiatu egin zutela, eta salaketa jarriko dutela komunitateak oro har eta hildako buruzagiak zehazki jasotzen zituen mehatxuengatik. "Koldarki hil dute", salatu du. Treuquil euren komunitatearen "ardatz nagusia" zela esan dute, eta maputxeen duintasunaren borrokaren eredu dela: "Lurra berreskuratu nahi duten gazte belaunaldi berrien ikur da". Gorpua Temucora eraman zuten eta Collipulliko hilerrian ehorztekoak ziren. We Newen komunitateak jasotako babesa eskertu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.