Kezka iturri kualitatiboa (eguneko laburpena)

PCR proben bidez hamaika positibo berri atzeman dituzte. Gaur zenbatutako hiru heriotzarekin, guztira, 2.099 pertsona hil dira Euskal Herrian koronabirusa dela eta.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, erkidegoetako lehendakarien bileran. IREKIA
Pello Urzelai.
2020ko ekainaren 7a
19:25
Entzun

Gaurko datuek aurreko egunetakoen ildotik jarraitzen dute. Agian, aipatu daiteke Nafarroako kutsatuen kopurua apaldu egin dela. Bi egunez jarraian PCR bidez hamar positibo zenbatu ondoren, gaur hiru positibo zenbatu dituzte Nafarroan. Horiez gain, beste zortzi positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian, lau Araban eta lau Bizkaian. Beste hiru hildako izan dira azken orduetan, hirurak EAEn. Guztira, 2.099 hildako zenbatu dira Euskal Herrian, koronabirusaren gaitzarekin lotuta. Ospitaleratze berri bat izan da. Zaintza Intentsiboetako unitateetan 27 pertsona daude (atzo baino bat gehiago). 

Zenbaki hutsek ez dute dena adierazten. Gaur kezka eragin duena kualitatiboa da: bi positibo Gasteizko Txagorritxu ospitalean agertu dira. Onkologia unitatean hilabete bat baino gehiago zeraman gaixo batek positibo eman du, baita hura artatu duen erizainetako batek ere. Ondorioz, osasungintzako hamar langile berrogeialdian jarri dituzte. 

Mugikortasunaren mugak. Bihar konfinamendua arintzearen hirugarren abiatuko da Hego Euskal Herrian, desberdintasunekin erkidegoen arabera. Eusko Jaurlaritzak lehendakariaren dekretu berezi bat argitaratu du gaur, hirugarren fasea kudeatu eta aplikatzeko arauak ezarriz. Nafarroako Gobernuak ohar bat eta hirugarren faserako gomendioak biltzen dituen infografia bat argitaratu du. Hirugarren fasean sartu arren, herritarrek bi erkidegoen arteko mugikortasuna mugatuta dute. Mugikortasunaren gaia Espainiako gobernuburuaren eta erkidegoetako lehendakarien arteko konferentzian azaldu da. Bai Eusko Jaurlaritzako lehendakariak bai Nafarroako Gobernuko lehendakariak aipatu dute, oso hitz antzekoekin. "Hurrengo urratsa fase berean dauden erkidego mugakideen arteko mugikortasunak izan behar du", aipatu du Urkullu lehendakariak. "Garrantzitsua da erkidego mugakideen arteko elkarrizketa eta koordinazioa gure lurraldeen arteko mugikortasuna berreskuratzeko, beti ere osasun egoerak ahabidetzen duenean", adierazi du Txibite lehendakariak.

Urkullu, baina, pixka bat urrutiago joan da eta gertuko data bat jarri du jomugan: "Espero dut Miguel Angel [Revilla], Concha [Andreu] eta Maria [Txibite], datorren asteko astelehenerako zuen erkidegoen eta Euskadiren arteko mugikortasuna hitzartu ahal izatea".  Baina Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak ez du bat egin propsamenarekin. Erkidegoen arteko mugikortasuna planteatzeko, alarma egoera indargabetzea beharrezkotzat jo du Sanchezek, hau da, ekainaren 26tik aurrera. 

Agian honek ere merezi du

Herritarrok erabaki. COVID-19ak eragindako osasun krisari eta krisi ekonomiko eta sozialari herri gisa erantzuteko beharra aldarrikatu du Hamaika Gara dinamikak.  Kartoi zatietan idatzitako aldarrikapenekin bete dituzte herritarrek 50 herri inguko plazak, 'Hemen erabaki, herritarrok erabaki' lelo orokorraren aterkipean. Hamaika Gara ekinbidean 23 eragilek parte hartzen dute, eta horien artean, koordinazio lanetan, Gure Esku. 

Eskuin muturra. Pandemia aukera gisa ikusi dute eskuin muturreko taldeek munduko hainbat tokitan.  Koronabirusaren krisia baliatu nahian ari dira talde neonazi eta neofaxistak, egungo sistema porrot egin duela irudikatzeko eta bestelako gidaritza baten beharra aldarrikatzeko. Fenomeno hau aztertu du Gorka Berasategi kazetariak erreportaje luze batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.