Sindikatuak

ELAk Jaurlaritzari esku hartzeko eskatu dio aldi baterako erregulazio espedienteak kaleratze bilaka ez daitezen

Bi inbertsio bide proposatu dizkio; bat, erregulazioen dauden langileen egoera hobetzeko, eta beste bat, oinarrizko sektoreetako enpresetako «akziodun» izateko.

Mitxel Lakuntza ELA indikatuko idazkari nagusia. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2020ko ekainaren 8a
14:27
Entzun

300 milioi euroko funts bat aldi baterako erregulazioan dauden langileen egoera hobetzeko, eta 2.300 milioi euroko inbertsio bat oinarrizko sektoreetako enpresetan «eredu aldaketa» prozesua gidatu ahal izateko. ELA sindikatuak koronabirusak lan merkatuan eragindako krisiari erantzuteko epe motzeko proposamen bat eta eta epe ertaineko beste bat luzatu dizkio Jaurlaritzari. Baita horiek finantzatzeko bidea ere, bai behintzat erregulazio langileen egoerarena: «Gure kalkuluen arabera, aski litzateke sozietate zergaren bitartez biltzen denaren %25a. Irabaziek dituzten enpresek ordaindu beharko lukete”, azaldu du Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak.

Laguntza horien helburua zera da, aldi baterako erregulazioak kaleratze bilaka ez daitezela, eta bide batez egoera horretan dauden langileek jasotzen duten diru saria eta kotizazioak «osatzea». Lakuntzak nabarmendu du, baina, laguntza hori ezin dela dohainekoa izan: «Enplegua mantentzeko neurri bat da, batez ere behin-behinekoa. Trukean, kaleratzerik ez egiteko eskatu behar zaie enplegatzaileei. Irabaziak dituzten enpresei berehala debekatu behar zaie kaleratzeak egitea”. Izan ere, sindikatuaren irudiko, Hego Euskal Herrian enplegua «azkar eta merke» suntsitu daiteke.

ELAren kalkuluen arabera, Hego Euskal Herrian 100.000 lagun daude aldi baterako erregulazio espedienteetan, ezinbestean eta ekoizpen arrazoiengatik eskaturikoak batuta, eta 33.000 lanpostu suntsitu dira azken hiru hilabeteetan. Horri aurre egiteko, sindikatuak esana du ezinbestekoa dela lan erreforma bertan behera uztea, eta horrekin «larrituta» agertu dira Iñigo Urkullu Lehendakariak izandako jarrerarekin: «Onartezina da PPk 2012an esaten zuenarekin bat etortzea. Orduan, baina, EAJren botoek pisu gutxi zuten Madrilen, eta orain, bai. Agian horregatik da, baina gure iritzia da».

Funtsa sortzea “larrialdi neurria» da, sindikatuaren ustez, eta hura abian jartzeko Jaurlaritzarekin biltzeko «borondatea» aurkeztu du. Negoziaziorako, baina, bi baldintza eskatu ditu Lakuntzak: «mahai horren gainean osagaiak izatea, alegazioa zer negoziatua; eta errepresentazio demokratikoa errespetatu dadila». Egun, ELA eta LAB Jaurlaritzak osaturiko elkarrizketa sozialeko mahaitik kanpo daude.

Epe motzeko neurriez gain, epe luzerako proposamen bat ere egin dute. Izan ere, eta sindikatuaren arabera, egun industrian diharduten enpresen «%50ek» ez dute eskari berririk, eta krisia hasi aurreko eskaerarekin lan egiten ari dira. Alde horretatik, autogintzarekiko menpekotasunaren zama nabarmendu dute, besteak beste, eta horrek daukan arriskua —Nissan etxeak Katalunian zuen fabrika itxi dutela gogoratu dute—.

Horri aurre egiteko, euskal industriak «ekoizpen eredua aldatu» behar dutela argi dute, eta aldaketa hori Jaurlaritzak gidatu behar duela. Lakuntzaren ustez, 2.300 milioi euro inguru beharko lirateke prozesu horretarako. Alemaniaren eredua jarri du sindikatuak, bertako gobernuak «enpresa estrategikoetan parte hartzea edo haiek nazionalizatzea» erabaki duelako. Horrekin gogor mintzatu dira Gobernuaren industria politikaren inguruan: «Inprobisazioa eta propaganda dira nagusi».

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.