OSASUNGINTZA

Ricardo Ituarte jarri dute Tolosaldeko ESIko kudeaketa zuzendari

Osakidetzako lan eskaintza publikoan izandako iruzurraren testuinguruan kargugabetu zuten.

Ricardo Ituarte. IREKIA
jon olano
2020ko ekainaren 9a
11:43
Entzun

Eusko Jaurlaritzak Ricardo Ituarte Santurtziko (Bizkaia) alkate ohi eta Osakidetzako Finantza zuzendari izandakoa jarri du Tolosaldeko (Gipuzkoa) Erakunde Sanitario Integratuko Kudeaketako zuzendari, Osakidetzan izandako kargu horretatik kendu eta hamalau hilabetera.

Jaurlaritzak iazko abenduaren 10ean argitaratu zuten Tolosaldeko ESIko kudeaketa zuzendari kargua betetzeko deialdia. Hogei egun balioduneko epea eman zuten izena emateko, eta baldintzen artean jarri zuen unibertsitate titulua edukitzea eta «administrazio eta kudeaketa lanetan esperientzia izatea». Deialdia zuzenduta zegoen Osakidetzako zerbitzu sanitarioetako erakundeei atxikitako langile finkoei (funtzionarioak, estatutarioak nahiz lan kontratuko langile finkoak), Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko nahiz bere erakunde autonomoetako funtzionarioei eta «baldintzak betetzen dituen beste edozeini».

Deialdia Osakidetzako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez ebatzi da, eta deialdian ez zen zehaztu hautagaiak ebaluatzeko edo horien merituak barematzeko irizpiderik. Hori horrela, martxoaren 13an izendatu zuten Ituarte kargurako, eta atzo argitaratu zen izendapena Euskal Autonomia Erkidegoko Aldizkari Ofizialean.

Jaurlaritzaren atarian argitaratutako Curriculum Vitae-aren arabera, Ituarte (Santurtzi, Bizkaia, 1975) Zuzenbidean lizentziatua da, eta sektore publikoan egin du bere ibilbide profesional osoa: Santurtziko Udalean, Bizkaiko Foru Aldundian, parte hartze publikoko BIC Bizkaia Ezkerraldean eta Osakidetzan. Osakidetzakoa izan zen osasun arloan eginiko aurreneko lana.

Ituarte bera 2019ko urtarrilean kargugabetu zuen Jon Darpon orduko Osasun sailburuak, Osakidetzako lan eskaintza publikoan izandako iruzurraren testuinguruan. Ituartek ez zuen parte hartu azterketen diseinuan, eta ez dago auzian ikertutakoen artean; Juan Diego Osakidetzako zuzendari orokorrak ere ez zuen argitu zer zela-eta kargugabetu zuten, baina, orduan jakin zenez, Ituarteren anaiak azterketa perfektua egin zuen lan eskaintza publiko horretako Anestesia alorrean lanpostu bat lortzeko azterketan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.