Tecnaliak akordioa egin du Galiziako CTAG zentroarekin, ibilgailu elektrikoak sustatzeko

Ikerketak egingo dituzte ibilgailu berezien automatizazioari eta auto elektrikoetarako osagaiei buruz.

Tecnalia ikerketa zentroko langile batzuk. TECNALIA
jokin sagarzazu
2020ko ekainaren 9a
12:06
Entzun

Euskal Herriko Tecnalia eta Galiziako CTAG zentro teknologikoek akordio bat egin dute automobilgintzan eta mugikortasunean elkarrekin lan egiteko. Robotika, ibilgailuen automatizazioa eta auto elektrikoa garatzeko proiektuak eta instalazioak partekatuko dituzte bi taldeek. Guztira, 1.500 ikertzailek baino gehiagok egingo dute lan batera, komunikabideetara bidalitako ohar batean azpimarratu dutenez.

Ibilgailu bereziak automatizatzeko garapen berriak sustatuko dituzte, batez ere portuetan, aireportuetan, industriaguneetan eta halako inguruneetan erabiltzeko ibilgailuetarako. Era berean, automobil elektrikoa eta haren osagaiak garatzeko estrategia bateratu bat jarriko dute martxan. Horrekin batera, exoeskeletoetan oinarrituko proiektuak garatuko dituzte, ibilgailu horien baldintza ergonomikoak hobetzeko.

Bi ikerketa zentroen asmoa da I+G+Bko proiektuak gauzatzea mugikortasunaren eta fabrikazio aurreratuaren —elektrifikatzearen eta digitalizazioaren— arloetan, eta, horien bitartez, enpresa berriak sortzeko oinarriak sortzea.

«Europako ligan» jokatzea

Tecnaliak gaur egun bere bezeroen artean 7.500 enpresa baino gehiago ditu, horietatik %75 enpresa txiki eta ertainak. Eta 25 aliantza estrategiko baino gehiagoko sarea du, mundu osoko ikerketa zentroekin eta erreferentziazko enpresekin ehundua. CTAG zentro pribatu bat da, eta laurehun erakunderekin baino gehiagorekin aritzen da elkarlanean, enpresa txiki eta multinazionalekin.

Akordioa astearte honetan sinatu dute Oscar Fernandez Besteiro (CTAG) eta Emiliano Lopez Atxurra (Tecnalia) zentroetako presidenteek. Atxurraren arabera, sektoreak erronka handiei egin behar die aurre, eta, «Europako ligan egoteko», batzea da aukera bakarra. «Automobilgintzaren sektoreak gai izan behar du abiadaz teknologikoki eboluzionatzeko, bai mugikortasunaren alorrean —konbentzionaletik hasita hidrogenoraino, elektrikotik pasatuta—, bai mugikortasunaren automatizazioari eta hari dagozkion zerbitzuetan», azpimarratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.