Birsorkuntza tasa (eguneko laburpena)

Azken bi egunetako kasuen agerpenarekin, EAEko oinarrizko birsorkuntza tasa igo da, eta 1tik gora jarri da (1,59), lehen aldiz apirilaren hasieratik.

Bilboko Basurtuko unibertsitate ospitalearen sarbide bat. LUIS TEJIDO / EFE
Pello Urzelai.
2020ko ekainaren 9a
19:05
Entzun

Ospitaleetako agerraldiak dira kezka nagusia egoera epidemiologikoaren ikuspuntutik. Txagorritxuko Ospitalean ez dute kasu berririk atzeman. 102 PCR proba egin dira guztira eta lau positibo agertu dira. Atzotik ez da positibo gehiagorik izan. Basurtuko Ospitalean, aldiz, bi positibo atzeman ondoren, 230 PCR proba egin zaizkie kontaktu estuei, eta 20 positibo agertu dira (bederatzi profesional eta 11 paziente). Barakaldoko Gurutzetako Ospitalean paziente batek ere positibo eman du. Gaixoa bakartu dute eta harekin izandako pazienteak eta langileak ere. Dena den, kasua ez dute agerralditzat jo osasun agintariek, birusa ospitalearen barruan hedatu ez delakoan. 

R0 = 1,59. Birsorkuntza tasak (R0) adierazten du pertsona gaixo batek ustez zenbat kutsatu dezakeen une jakin batean. Azken bi egunetako kasuen agerpenarekin, EAEko oinarrizko birsorkuntza tasa igo da, eta 1tik gora jarri da (lehen aldiz apirilaren hasieratik). Igandean 0,89 izan zen, atzo 1,19 eta gaur 1,59. Kutsatze arriskua igo da, nahiz PCR bidez zenbatutako positiboak kopuru txikiak izan: atzo zortzi, eta gaur 16 (bost Araban, hamar Bizkaian eta bat Gipuzkoan). Nafarroan, berriz, positibo bakarra izan da gaur. 

Beste hiru heriotza gehitu behar dira azken datuen arabera, hirurak EAEn hildakoak. Nafarroak 11 egun darama hildakorik zenbatu gabe. Hlaber, hiru ospitaleratze berri izan dira, EAEko ospitaletan. Zaintza intentsiboetarako unitateetan dauden pazienteen kopurua ez da aldatu (27).

Normaltasunerako dekretua. Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak "normaltasun berria" arautuko duen lege dekretua onartu du gaur. Kongresuaren onarpena beharko du, baina horretarako PSOEk EAJ eta Ciudadanosen sostengua negoziatu du. Enpresetan eta garraio publikoan neurriak hartzen jarraitu beharko da, jende pilaketak saihestuz, sartu-irtenak kontrolatuz, distantziak bermatuz. Herritarrek maskarak erabiltzen jarraitu beharko dute, eta garbiketa neurriek garrantzi berezia izaten. Dekretuan 100 euroko isunak aurreikusten dira maskarak erabiltzeko arauak ez betetzeagatik. Horrez gain, COVID-19 derrigorrez eta premiaz deklaratu beharreko gaitza izango da. Prebentzio, euste eta koordinazio neurriak ezartzen dira. 

Aurreikuspen ekonomiko ilunak. Aurten ekonomiak atzeraldi handia izango du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuak eman du aurreikuspenen berri: BPGa %8,7 uzkurtuko da aurten, eta %6,7 handituko da 2021ean. Halaber, lanaldi osoko 68.000 enplegu galduko dira (-%7). Frantziako Bankuak ere aurreikuspen ilunen berri eman du: Frantziako barne produktu gordina %10 murriztuko da aurten, eta langabezia tasa %11,7ra igoko da 2021. urtean.

Telelana. Espainiako Gobernua telelanerako arau bat prestatzen ari da. Arau proiektua egin aurreko kontsultarako testuaren arabera, langileen gastuen konpentsazioa, gutxieneko lanaldiak eta atsedenaldiak, lan denboraren banaketa malgua eta prebentzioarekin lotutako neurriak jasoko ditu. Telelana modu esponentzialean areagotu da COVID-19aren ondorioz.

Agian honek ere merezi du

Ekoizpena birpentsatu. Gogoeta interesgarria ekarri du Joseba Barandiaran ekonomialariak  'Pentsaldian' ataleko gaurko artikuluan. Zer ekoiztu behar den, norentzat eta nola. Zer den premiazko eta zer ez. Adibidez, autogintzaren eta turismoaren sektoreak birpentsatu beharko liratekeela uste du Barandiaranek. Besteak beste, klima larrialdia kontuan izanik. Baina birpentsatu beharrean, lehengora ziztuan itzultzeko asmoa nagusituko dela uste du ekonomialariak. Kulturaz eta ostalaritzaz ere pentsatu beharra ikusten du. Baina susmoa du premiez hausnartzeko garaia joan ote zaigun. 

Luze esperotakoa. Denbora luzean galarazita egon ondoren, zahar etxeetan egoiliarrei bisita egiteko aukera zabaldu da. Une hunkigarriak hilabeteotan elkarrekin egoterik izan ez duten pertsonentzat. Lehen bisita horren lekukotasun bat bildu du Amaia Ramirez de Okariz kazetariak.  Luis Lopezena, alzheimerra duen egoiliarraen senarrarena. "Denbora asko igaro da harekin aurrez aurre egon gabe; bisitan, badirudi bera ere ohartu dela, begietan nabaritu baitiot".

Oharra: Koronabirusari buruzko eguneko laburpena zure posta elektronikoan jaso nahi baduzu, harpidetu buletinera

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.