Merkataritza

Gipuzkoak bi milioi emango dizkie udalei, laguntza eman diezaieten merkatari txikiei eta ostalariei

Segurtasun neurri berrietara egokitzeko gastuak finantzatuko dituzte aldundiaren diruarekin.

Gozodenda bat, Eibarren. ANDONI CANELLADA / FOKU
Iker Aranburu.
2020ko ekainaren 10a
12:50
Entzun

Udalen bitartez lagunduko die Gipuzkoako Foru Aldundiak bere lurraldeko merkataritzari eta ostalaritzari. Imanol Lasa Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak azaldu duenez, bi milioi euro banatuko ditu horretarako aldundiak, Ekonomia eta Gizarte Berreskurapenerako Planaren bitartez. Krisiaren lehen galtzaileak izan dira ostalaritza eta merkataritza, haietako asko itxita egon baitira konfinamenduak iraun bitartean, eta orain ohi baino bezero gutxiago baitituzte.

Planaren dirua nahi dutenek aldundiari eskatu beharko diote. 1.500 biztanletik gorako udalerrietarako soilik izango da, eta, nola banatu erabakitzeko, honako hauek erabili dira baremo gisa: biztanleria, txikizkako eta ostalaritzako merkataritza establezimenduen kopurua, eta merkataritza eta ostalaritza dentsitatea, gutxienez 6.000 euro eta gehienez 350.000.

COVID-19aren eragina txikitzeko erabiliko da dirua. Zehazki, inbertsio eta ekipamendu hauek finantzatuko dira: lokalak eta lan egiteko moduak egokitzea; merkataritza edo ostalaritza lokalak egokitzeko inbertsioak eta ekipamendua, hartara segurtasun eta osasun irizpideak eta protokoloak betetzeko; bezeroekiko eta erakunde hornitzaileekiko harreman berrietako lan moduak egokitzeko inbertsioak eta ekipamendua. Diru laguntzak kostu hautagarrien %100ekoak izango dira.

Txikizkako merkataritzak eta ostalaritzak Gipuzkoako ekonomian duten pisua eta garrantzia berretsi du Lasak. Izan ere, BPGaren % 16 baino gehiago dira, zerbitzuetako enpleguan 40.000tik gora lanpostu sortzen dituzte, eta beste sektore batzuk dinamizatzeko gaitasun handia dute, hala nola garraioa eta erreformak.

Koronabirusaren krisiarekin jasandako kaltea «begi bistakoa» iruditu zaio diputatuari. Gipuzkoan enplegua aldi baterako erregulatzeko erregistratutako txostenetan (ABEE) ikusten da kaltea: maiatzaren 22ra bitarte jasotako datuen arabera, ostalaritza eta merkataritza dira, alde handiz, lurraldean espedienteen batezbesteko handienak dituzten jarduerak, 9.371etik % 27,1 eta %25, hurrenez hurren. aldi baterako erregulazioek eragindako langileen ia %40 aritzen dira sektore horietan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.