Ekialde Hurbila

Alemaniak Israeli ohartarazi dio Zisjordaniaren anexioa ez dela bateragarria nazioarteko legediarekin

Heiko Maas Atzerri ministroak ez du zehaztu nola erreakzionatuko duten Tel Avivek bere planari eusten badio.

Maas Alemaniako Atzerri ministroa, ezkerrean, Ashkenazi Israelgoarekin batzartu osteko agerraldian. ABIR SULTAN / EFE
ander perez zala
2020ko ekainaren 10a
14:02
Entzun

Palestinako Aginte Nazionalak (PAN) presio diplomatikoa hasi eta egun batera, Alemaniak Israeli ohartarazi dio Zisjordaniaren parte baten anexioa ez dela bateragarria nazioarteko legediarekin: «Ez da posible. Guk oraindik babesten dugu bi estatuen irtenbidea, eta, irtenbide horretan aurrera egiteko, beharrezkoa da elkarrizketa berpiztea», adierazi du Heiko Maas Alemaniako Atzerri ministroak, Gabi Ashkenazi Israelgoarekin batzartu ostean.

Berlinen iritzia garrantzitsua da, Europako herrialde nagusietako bat izateaz gain, Europako Batasuneko Kontseiluko eta Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluko presidentetzak hartuko dituelako uztailaren 1ean. Hortaz, Maasek jakinarazitakoa lehen zantzua izan liteke zer jarrera adostuko ote duten Europako Batasuneko (EB) estatu kideek, nahiz eta Alemaniako Atzerri ministroak zehaztu duen «Alemaniaren jarreraz» aritu dela prentsaurrekoan.

Hori bai, Maasek ez du zehaztu nahi izan zer ondorio izango dituen Israelek anexio plana betetzeak. Ofizialki, Berlinek ez dio «baldintzarik jarri» Tel Avivi, eta Atzerri ministroa soilik koalizio gobernu berriaren «planak ezagutzera» joan da Israelera.

Anexio planaz, Israelgo Atzerri ministroak adierazi du oraindik ez dutela zehaztu zer eremutan «aplikatu» nahi duten «subiranotasuna», eta AEBek aurkeztu zutena oinarri gisa hartuko dutela, «mapa kontzeptual bat» delako: «Etxez etxe, herriz herri aztertu beharko dugu».

Lehen informazioen arabera, Zisjordaniaren parte bat anexionatzea da Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren asmoa: zehazki, kolonia juduak eta Jordango harana —eremuaren %30 litzateke–. Helburu horri begira, ikusteko dago zer eragin izango duen herrialdeko Auzitegi Gorenak atzo harturiko erabakia: bertan behera utzi zuen Zisjordaniako palestinarren lurretan dauden 53 kolonia judu —4.000 bat etxebizitza— legeztatzeko 2017ko legea, konstituzioaren aurkakoa delakoan.

Oraindik ikusteko dago Israelek bere plana aurrera eramango duen, baina Ashkenazik, Alemaniaren jarreraz aritzean, adierazi du bere ustez ez duela «pausorik emango [Tel Aviven] erabakiaren aurretik». Are, Israelgo Atzerri ministroak jakinarazi zuen «era arduratsuan» jardungo dutela: «Israelen interesak, bake akordioak eta Ameriketako Estatu Batuekiko elkarrizketa mantenduko ditugu. Israel estatu judu eta demokratikoa da».

PANen asmoak

PANek beste erantzun bat eman zuen atzo Netanyahuren asmoen inguruan: Mohammad Xtayyeh PANeko lehen ministroak ohartarazi zuen Gazaren eta Zisjordaniaren independentzia deklaratuko dutela, eta, hortaz, Palestinako Estatua aldarrikatuko duela —1967ko mugetan—. Xtayyehren hitzetan, «mehatxu existentzial baten» aurrean daude palestinarrak.

Berez, Tel Avivek hiru aste barru, uztailaren 1etik aurrera du Zisjordaniaren parte bat anexionatzeko aukera, Netanyahuk eta Benny Gantzek koalizio gobernua osatzeko adostu zuten akordioaren arabera. Donald Trump AEBetako presidentetzara iritsi zenetik, Israelek gero eta pauso gehiago eman ditu palestinarren interesen aurka, eta, joera hori ikusita, PANeko lehen ministroaren atzoko adierazpenak nazioartearen erreakzio bati begira egindakoak izan ziren: «Anexio plana atzerakorik gabeko kolpe bat izango da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.