EUSKARA

Hiruko Ituna berritu dute Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta EEPk

Orain arte egindako bidea «Hiruko Ituna beharrezkoa zelako froga» da, Ana Ollo Nafarroako Herritarrekiko Harremanetako kontseilariaren ustez. Euskararen Adierazle Sistemaren garapenean eta Euskaraldiaren eragin sozialaren azterketan ariko dira elkarlanean, bertzeak bertze.

Hiruko Itunaren izenpedura, gaur, Iruñean. NAFARROAKO GOBERNUA
maddi ane txoperena iribarren
2020ko ekainaren 11
11:51
Entzun

2017an izenpetu zuten lehen aldiz Hiruko Ituna «euskararen lurraldea» osatzen duten hiru administrazioetako euskararen aldeko erakundeek: Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, Ipar Euskal Herriko EEP Euskararen Erakunde Publikoak eta Nafarroako Herritarrekiko Harremanetako Departamentuak —haren menpekoa da Euskarabidea—. Gaur berritu dute hitzarmena, Iruñean, eta hiru erakundeetako ordezkariek beharrezkotzat jo dute akordioa.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuak nabarmendu du «aurrerapauso garrantzitsua» izan zela duela hiru urte izenpeturiko ituna, eta zehaztu du «modu naturalean, bakoitzak bere erritmoan, baina modu eraginkorrean» egiten ari dela aurrera. Orain arte egindako bidean hiru proiektu nabarmendu ditu: Ipar Euskal Herriko gazteek EHU Euskal Herriko Unibertsitatean ikasteko erraztasunak ematea, euskararen ziurtagirien baliokidetzeak eta arlo sozioekonomikoan egindako proiektuak.

Ana Ollo Nafarroako Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak nabarmendu du orain arte egindako lankidetzak «frogatu» egiten duela «beharrezkoa» dela: «Laugarren urteari ekin diogu gaur, lankidetza normalizatu batean, zeina zoritxarrez ez baitzen horrelakoa garai batean». Landuko dituzten proiektu berrien artean bi aipatu ditu: Euskararen Adierazle Sistema eta haren webgune berria eta Euskaraldiaren eragin sozialaren azterketa.

Gibelapena, «xantza»

Martxoa eta apirila bitartean berritu behar zuten hiru erakundeen arteko ituna, baina COVID-19aren krisiak atzeratu egin du. Halere, hiru ordezkariek nabarmendu dute lanean segitu dutela konfinamenduan, eta, Beñat Arrabit EEPko lehendakariaren ustez, «xantza» ere izan da gibelapena, «proiektu batzuk sakontzeko». Bertzeak bertze, aipatu du Euskal Herriko «hiru lurralde administratiboetako» gazteak elkartzeko udalekuak prestatuak zituztela uda honetarako. Ezingo dituzte aurten egin, baina heldu den urterako prestatuko dituzte.

«Muga hetsia» izanik ere lanean segitu dutela eta segitu behar dutela nabarmendu du Arrabitek. «Ez dugu hauturik: elkarlana indartu eta azkartu behar dugu, elkarrekin azkarragoak gara eta. Euskara salbatzeko, biziberritzeko eta hedatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.