Libia

Zortzi hobi komun aurkitu dituzte Tarhuna inguruan

Libiako Batasun Nazionaleko Gobernuko militarrek aurkitu dituzte hobiak, Haftarrek hamalau hilabetez okupatutako inguruetan.

GNAren aldeko miliziak Tarhunan. STR, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko ekainaren 12a
09:47
Entzun

GNA Batasun Nazionaleko Gobernuaren arabera, baliteke ehun gorpu inguru egotea Tarhuna inguruetan aurkitutako zortzi hobi komunetan. Nazioarteak babestutako gobernuaren arabera, GNAko soldaduak eta zibilak leudeke hildakoen artean.

Justizia Ministerioak ikerketa bat abiatu zuen atzo, hobietan dauden hilotzak norenak diren ikertzeko. Lehen informazioen arabera, hala ere, gorpuetako gehienek eskuak lotuta dituzte. UNMIL Nazio Batuen Libiarako Misioak gertatutakoa «lehenbailehen» argitzeko eskatu dio Tripoliko gobernuari.

Joan den martxoan, NBEren misioko arduradunek salatu zuten familia osoak desagerrarazi, torturatu eta hil zituztela Khalifa Haftarren indarrek. «Biktimen artean daude gizarte zibileko kideak, gobernukoak eta giza eskubideen aldeko ekintzaileak». Horiez gain, Tarhunako espetxean ere hainbat preso exekutatu zituzten buruzagi militarraren soldaduek.

Azken asteetan Fajez al-Serraj buru duen Batasun Nazionaleko Gobernuak lortu du Haftarren indarrek atzera egitea, Turkiaren laguntzari esker. Aldiz, Errusiaren babesa duen Haftarrek atzera egin behar izan du, eta bertan behera utzi iazko apirilean hasitako Tripoliren aurkako setioa. GNAren indarren esku geratutako hirietako bat da Tarhuna, hobietako gehienak agertu diren ingurua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.