Kolonbia

Bogotaren eskaintza onartu, eta bake elkarrizketetara itzuliko da FARC

Alderdiak maiatzean utzi zuen negoziazio mahaia, Bakerako goi ordezkariak Kuba «terrorismoa babesten duten herrialdeen zerrendan» sartu izana txalotu ondoren.

Rodrigo Londoño, FARCeko burua, artxiboko argazki batean. RICARDO MALDONADO ROZO, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko ekainaren 12a
12:06
Entzun

FARC Herriaren Indar Alternatitibo Iraultzailea alderdiak onartu egin du bake akordioa garatzeko negoziazioetara itzultzeko gobernuaren eskaintza. Gerrilla ohitik sortutako alderdiak maiatzean utzi zuen negoziazio mahaia, Kolonbiako Bakerako goi ordezkariak Kuba «terrorismoa babesten duten herrialdeen zerrendan" sartu izana txalotu eta gero.

Hain zuzen ere, FARCek Habanan egin nahi ditu bake akordioaren inguruko hurrengo elkarrizketak, ekainaren 25ean. «Kubak hasieratik babestu ditu bake akordioa eta hura indarrean sartzeko hasitako negoziazioak. Horregatik haren etorkizuneko parte hartzeari buruzko argibideak nahi ditugu», adierazi dute FARCeko negoziazioetarako ordezkari Rodrigo Grandak, Jairo Estradak eta Ronald Rojasek, komunikatu batean.

Ez da lehen aldia maiatzaren 14az geroztik gobernuak elkarrizketak berriz hasteko eskaintza egiten duena. Gauza bera egin zuen Emilio Archila presidentetzako ordezkariak joan den maiatzaren 28an. Baina ordu hartan FARCek atzera bota zuen eskaintza, argudiatuz bilera hartan Archila bera bakarrik egongo zela, eta haiek gobernu osoaren ordezkaritzarekin bildu nahi zutela.

FARCeko kideen hilketak

Ostegunean alderdiak gutun bat bidali zion NBEren Giza Eskubideetarako Goi Mandatari Michelle Bacheleti, gerrillari ohien eta ekintzaileen hilketak salatuz. Alderdiak ezer ez egitea egozten dio gobernuari. "Gu hiltzen ari dira, eta Kolonbiako Gobernuak ez du borondaterik genozidio hau amaitzeko. Gobernua hilketak ukatzen ari da, eta, bitartean, alderdi bateko kideak desagerrarazten ari dira», gaitzetsi du Rodrigo Londoño Timochenkok.

2016an bake akordioak sinatu zituztenetik, 198 gerrillari ohi hil dituztela salatu dute giza eskubideen aldeko hainbat erakundek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.