Positibo berriak izan arren, Jaurlaritzak ez du aldaketarik egingo

Basurtuko ospitalean kutsatutakoak 37 dira dagoeneko, eta horietatik hamalau profesionalak dira. Erditze gelak gaur zabalduko dituzte berriro, han zeuden langileek eta pazienteek PCR proban negatibo eman ondoren.

Basurtuko Ospitaleko sarrera, asteartean. LUIS TEJIDO, EFE
jon ordonez garmendia
2020ko ekainaren 13a
12:56
Entzun

Eusko Jaurlaritzak orain arte marraztutako bide orriarekin jarraituko du. Hala adierazi du Nekane Murga Osasun sailburuak gaur eguerdian eman duen prentsaurrekoan. Azken orduetan beste hainbat positibo izan dira Bizkaian eta Gipuzkoan, baina «kasu komunitarioak» kontrolatuta daudela uste duela esan du. Beraz, alarma egoeratik ateratzeko planean ez du aldaketarik egingo Jaurlaritzak, ez bada gaur egungo egoera aldatzen delako.

Murgak esan du 21 koronabirus kasu agertu direla azken orduetan, baina, haren arabera, horien gaineko kontrola handia da, eta kasu horiek agertu badira, adierazi duenez, horien bila joan direlako izan da. Positiboak ikusita, kasu gehiago aurkitzeko «jarrera proaktiboa» dutela azpimarratu nahi izan du. Osasun Saila ikertzen ari da kasu berri horiek, eta inkesta epidemiologikoak ari da egiten telefonoz. Horrela, gaineratu du 21 horietatik hamar kontrolatuak zituztela jada aurretik, ustez positibo izan zitezkeelakoan.

Basurtuko ospitalean, Bilbon, 37 dira jada orain arte azken orduetan atzemandako positibo berriak, eta horietatik hamalau langileetan atzeman dituzte. Murgak azpimarratu du bilatu ahala atzeman dituztela kasu berriak, eta horietako bi aurretik jada bakartuta zeudela: negatibo eman zuten PCR proban, baina sintomak izanik zortzi egunera egin ohi den bigarren proba aurreratu egin diete, eta orduan eman dute positibo. Erditze gelatan lan egiten duten profesionalek eta han ziren pazienteek negatibo eman dute eta gune hori gaur irekiko dute berriro, atzo itxi eta gero.

«Uste dut kontrol sistema eta bilatze aktiboa oso eraginkorrak izaten ari direla», esan du Osasun sailburuak. Azaldu duenez, Basurtun egunero 800 PCR proba ari dira egiten, arrisku guneekiko hurbiltasunaren arabera, eta guztien emaitzak astelehen-astearterako izatea espero dutela. Orain arte 2.218 PCR proba egin dituzte.

Gasteizko Txagorritxuko ospitalean, berriz, ez da aldaketarik azken orduetan, eta lehen zeuden zazpi kasuak daude: profesional bat, hiru paziente eta hiru bisitari edo hurbileko. Azken orduetan atzeman dituzten 21 kasu horietatik, hiru izan dira Araban, bederatzi Bizkaian eta bederatzi Gipuzkoan. Atzo bi pertsona hil ziren hiru herrialde horietan koronabirusaren eraginez.

Arrasaten, kutsatze kate bat

Murgak, ordea, azken orduetan izan diren kasu horietan kutsatze kate argirik ez dagoela dio. Soilik Arrasateko (Gipuzkoa) Aita Menni ospitalean izan diren kasuetan aitortzen du kate hori egon dela: «Lau profesionalek eman dute positibo hor, eta argi dago zerikusia dutela elkarren artean, baina beste positiboak ez ditugu kutsatze fokutzat hartzen». Gaineratu du, osasun etxe batean ere beste profesional batek positibo eman zuela atzo, eta arratsalderako horko langile guztiek eta kutsatutako profesionalak artatutako pazienteei PCR proba egin zietela eta negatibo eman zutela.

Beste foku horien guztien berri atzo arratsaldeko azken orduan izan zutela esan du Murgak. Aitortu du positibo bakoitzak kutsatzen duen pertsona kopurua handitu egin dela, baina bakartuta daudela dio. «Azkar erantzuten dugu eta prozedura jarraitzen dugu. Hala izan da Eibarko eta Orioko (Gipuzkoa) kasuetan, esate baterako», azaldu du.

Orion zahar etxe batean izan da kasu positibo bat. Murgak esan du asintomatikoa dela. Azaldu duenez, orain dela denbora asko sintomak izan zituen pertsona horrek eta PCR proba batean negatibo eman zuen; horregatik «hondar positibo» bat dela uste dutela gaineratu du. Haren inguruko hemezortzi pertsonei egin diote proba eta denek negatibo eman dute.

Eibarko kasua ere asintomatikoa zen, eta screeening batean atzeman diote birusa. Kasu horretan, gainera, «aisialdi lokal» batzuetan jarduten zela ikusita, «horko langile guztiak negatiboak direla baieztatu arte», horiek itxi egin dituzte, Basurtuko erditze gelatan atzo egin zuten bezala. «Orain hurbileko guztiek negatibo eman dute eta ez dugu hori ere fokutzat hartzen».

Protokolo bat

Murgak azaldu du protokolo bat lantzen ari direla, osasun zentroen ezaugarrien arabera gero moldatzeko. «Arrisku gehien dituzten zonaldeak identifikatu nahi ditugu, adibidez, immunoeskasia dutenena edo onkologia zerbitzuarena. Segurtasun neurriak betetzea zein gaixoekin den zailago ere identifikatu nahi dugu». Azaldu duenez, bisitariek maskara jantzi eta bi metroko segurtasun tartea mantendu behar duten arren, jakitun dira hiltzear daudenekin edo alzheimerra dutenekin neurri horiek betetzea zailagoa dela. Horregatik horiek dauden zonaldeetan bisitariek PCR proba egin beharko dute, tenperatu hartuko zaie eta agiri bat sinatu beharko dute egunero etxean tenperatura hartzeko konpromisoa hartuz.

Nafarroan, hiru positibo

Azken 24 orduetan, ez da COVID-19 gaitzaz gaixotutako inor hil Nafarroan. Beste hiru kutsatze detektatu dituzte PCR proba eginda. Denera, 518 pertsona hil dira gaitzaren eraginez, eta 9.725 kutsatu ditu koronabirusak. Nafarroako Gobernuak eman dituen datuen arabera, egun 40 lagun daude ospitaleratuta, atzo baino bi gutxiago. Horien artean, sei zainketa intentsiboetako unitatean daude, eta bi, etxeko ospitalizazioan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.