ZIRKULAZIOA

Bizikletei zirkulazio zerga jartzeko aukera aipatu du Maiak

«Autoak kentzen eta bizikletak jartzen ari bagara, bete ditzatela arauak», esan du Iruñeko alkateak.

Txirrindulariak iruñeko Gaztelu Gibel kalean, artxiboko irudi batean. IDOIA ZABALETA / FOKU
jon olano
2020ko ekainaren 15a
17:20
Entzun

Enrique Maia Iruñeko alkateak mahai gainean jarri du hiriko bizikleten jabeei zirkulazio zerga bat ezartzeko aukera: «Bizikletei zirkulazio zerga bat kobratu behar zaie? Eztabaida dago herritarren artean. Bada jendea esaten duena: 'Aizu, hainbeste leku okupatzen ari badira...'. Matrikula eraman behar dute? Mikrotxip bat jarri behar zaie, eta hori ez daramari isuna jarri behar zaio? Horren gero eta aldekoagoa naiz».

Onda Cero irrati katean egin diote elkarrizketa, eta bertan atera du gaia Maiak: «Autoak kentzen eta bizikletak jartzen ari bagara, bete ditzatela arauak; izan ditzatela matrikula eta txipa, eta ordain dezatela zerga bat; ez da izango auto batena bezalakoa, baizik askoz txikiagoa izango da, baina lagunduko dute bidegorriak hobetzen».

Bizikletak ez ezik, sanferminak ere hizpide izan ditu Maiak. Esan du udalak ez duela ezer antolatuko, COVID-19aren izurriaren eraginez, baina erantsi du administrazioak gaitasun «mugatua» duela herritarren pilatzeak galarazteko. Haatik, iruindarrei eskatu die «ahal den neurrian auzotik ez irteteko eta mundu guztia leku berera ez joateko». «Azkenean, herritarren zentzua eta herritar batzuen zentzugabekeria dago. Eta horren aurrean, Poliziaren baliabideak mugatuak dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.