AEB-ak

Poliziaren «indarkeriazko taktikak» amaitzeko egitasmoa aurkeztuko du Trumpek

Etxe Zurian egitekoa duen ekitaldian iragarriko ditu neurri berriak. Proposamenak ez du jasotzen «arrazakeria sistematikoari» buruzko aipamenik.

Donald Trump, AEBetako presidentea. DOUG MIILLS, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko ekainaren 16a
11:03
Entzun

Poliziaren «indarkeriazko taktikak» amaitzea du helburu AEBetako estatuburuak aurkeztu eta sinatu duen dekretuak. Hainbat komunikabidek hari buruz zabaldu dituzten informazioen arabera, egitasmoak ez du debekatzen George Floyden heriotza eragin zuen itoarazteko teknikaren debekurik, ezta hainbatek salatu duten «arrazakeria sistematikoa» ere.

Etxe Zuriak aurreratu duenez, planak «irtenbideak» eskainiko ditu, baina ez dizkie «eskuak lotuko» segurtasun indarrei: «Poliziek komunitateen segurtasuna bermatu ahal izateko beharrezko eskumenak eta askatasunak eduki behar dituzte».

Estatuburuak egitekoa duen agerraldian izango dira Poliziaren indarkeriaren biktimen hainbat senide, eta baita AEBetako fiskal nagusi William Barr bera ere. Trumpek azaldu duenez, segurtasun indarrekin eta biktimekin egindako hainbat bileren emaitza da dekretua. «Ondo egingo ditugu gauzak, orain arte baino hobeto».

Besteak beste, «praktika onak» bultzatzen dituzten Polizia departamentuentzako «sariak» aurreikusten ditu dekretuak. orrez gain, polizien aurkako salaketak bilduko lituzkeen datu base baten sorrera eta, indarkeriarik gabeko delituen kasuan, baita gizarte langileen aholkularitza ere. Hortik aurrera, erreforma sakonago bat egiteko egiteko aukera ere jasoko luke idatziak, baina azken hori AEBetako Kongresuaren esku utziko luke.

Floyd hil eta hiru astera heldu da Trumpen dekretua, AEBak eta nazioartea astindu dituzten manifestazio erraldoien ostean, eta Rayshard Brooks, 27 urteko afro-amerikarra, tiroz hil eta bost egunera; horren hilketari buruz, berriz, «gertakari izugarria» izan dela esan du presidenteak.

Trumpen dekretua, ordea, AEBetako hainbat hirik hartu dituzten neurrietatik urrun geratzen da. MInneapolisen, esaterako, udal gobernuaren gehiengoak Polizia departamentua desegin eta haren tokian segurtasunaz «auzo lanean» arduratzea proposatu dute -egitasmoa datozen hilabeteetan garatuko dute, baina posible da atzera botatzea ere, alkatea aurka baitago-. Atlantan ere, Brooksen hilketaren ostean, Keisha Lance alkateak eskatu du polizia batek «gehiegizko indarkeria» baliatzen duen kasuetan, haren kideak esku hartzera «derrigortuta» egotea.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.