Asia

Indiako hogei soldadu hil dituzte Txinarekin izandako liskarretan

Bi herrialdeen arteko mugan zuzeneko konfrontazioa izan da bi estatuetako soldaduen artean. Indiako armadak adierazi du buruzagi militarrek elkarrizketak abiatu dituztela «egoera baretzeko».

Indiako soladu talde bat guardia egiten, Kaxmirreko Lawaypora hirian. Artxiboko irudia. FAROOQ KHAN, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko ekainaren 16a
11:51
Entzun

Indiak eta Txinak Himalaian duten muga gatazkarako motibo izan da azken hamarkadetan, bi estatuen arteko harremanean. Badira zenbait aste Txinaren eta Indiaren arteko tentsioak gorakada izan duela inguru horretan, eta, gaur, elkarri eraso  diote bi estatuetako armadek. Ondorioz, gutxienez Indiako hogei soldadu hil dituzte Txinakoek; New Delhiren arabera, beste aldeak «43 galera» izan ditu. 1975. urteaz geroztik, ez da hildakorik izan bi herrialdeen arteko gatazka batean, gaur arte.

Indiak azaldu duenez, bi aldeetako buruzagi militarrek elkarrizketak abiatu dituzte gertakarien ostean, «egoera baretzeko» eta gatazka larriago bat eragozteko. New Delhik adierazi du aurrez aurreko erasoak izan zirela astelehenean Indiako armadaren eta Txinakoaren artean. «Galwan haranean tentsioa baretzeko prozesua abian zela, konfrontazio zuzena izan zen atzo [astelehen] gauean, eta biktimak izan ziren bi aldeetan». Txinak, ordea, ez du jakinarazi bere armadan zauritutako edo hildako soldadurik izan denik.

The New York Times hedabideak adierazi duenez, lehenengo ikerketek diote hildako soldaduei ez dietela tiro egin, bi aldeetako armadek elkarri harriak jaurti dizkiotela, eta makilekin ere eraso diotela batak besteari. Urte hasieraz geroztik, gisa bereko hainbat liskar izan dira bi herrialdeetako soldaduen artean: muturrekoak, makilakadak eta harri jaurtiketak. Baita behin-behineko atxilotzeak ere. Mugako kodeak baztertu egiten du eremu horretan armak erabiltzea.

Asteetako tentsio gorakadaren ostean, India eta Txina elkarrizketetan ari ziren mugen gaineko desadostasuna diplomaziaren bidez konpontzeko. Indiako hedabideek joan den astean argitaratutakoaren arabera, bi aldeetako soldaduak mugatik urruntzen hasiak zeuden pixkanaka. Txinako Gobernuak Indiari eskatu dio bazter dezala alde bakarreko ekintza oro, eta eutsi diezaiola elkarrizketaren bideari.

Pekinen arabera, Indiarena da gertatu denaren gaineko ardura. Zhao Lijian Txinako Atzerri ministroaren bozeramaileak ziurtatu du Indiako soldaduek Txinako muga zeharkatu dutela «legez kanpoko jardunetarako», eta Txinako armada «probokatu» eta hari eraso diotela. «Konfrontazio fisiko larria» eragin izana leporatu dio New Delhiri.

Elkarri erantzuten

Maiatzean izan zen azken tentsio gorakada Txinaren eta Indiaren arteko mugan. Hil horren hasieran, Indiak salatu zuen Txinak ehunka soldadu bidali zituela muga inguruko Galwan haranera. Indiak ere tropa gehiago bidali zituen aste batzuk geroago. Maiatzean bertan, New Delhik ohartarazi zuen Txinako hainbat soldaduk muga gurutzatu zutela eta Indiako lurraldean sartu zirela baimenik gabe. Txinako armada Indiako soldaduak kanporatzen ahalegindu izana gaitzetsi zuen. Txinako armadak mugaz bestalde kanpaleku bat altxa zuela ere jakinarazi zuen. Txinak, berriz, Indiari egotzi dio bere armadaren patruila ariketak oztopatzea.

Analista ugariren esanetan, Txinaren haserrea dago mugari buruzko azken tira-biren atzean. Pekinek ez du begi onez ikusi New Delhik Ladakh eskualdean egin duen 255 kilometroko errepidea, Depsang lautada, Galwan harana eta Karakorum mendilerroa lotzen dituena. Azpiegiturak aukera emango lioke Indiari baliabide militarrak azkarrago garraiatzeko, gatazka armatu bat piztuko balitz inguruan. 2017an ere harremanak gaiztotu egin ziren Txinak errepide bat egin nahi izan zuelako bi estatuek beren lurralde gisa aldarrikatzen duten lautada batean.

Asiako bi herrialde handiek ez dute lortu hamarkadetako gatazka amaitzea. Biek dute beretzat Kaxemira eta Ladakh iparraldeko eremu menditsu bat eta Himalaiaren ekialdeko beste eremu bat, Arunachal Pradesh eskualdean. Ondorioz, zehaztugabea da bi estatuen arteko muga ofiziala.

Txina eta India gerra labur batean borrokatu ziren 1962an, muga inguruko lurren lehia tarteko. 1993an eta 1996an, bakea bermatzeko akordioak sinatu zituzten. Kontrol lerro bat zehaztu zuten orduan. 1996an, lerro hori ez gainditzeko konpromisoa hartu zuten biek, eta, 2018an, komunikazio militarra hobetzeko akordioa sinatu zuten. Azken hiru hamarkadetan hainbat elkarrizketa saio egin dituzten arren, ez dute irtenbiderik adostu, eta gatazka bizirik dago oraindik ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.