MIGRATZAILEAK

Hamar pertsona atxilotu dituzte, migratzaileak Frantziako Estatura igarotzen zituztela egotzita

Espainiako Poliziak sare bat desegin du Bilbon

Migratzaile batzuk, Irunen (Gipuzkoa). GORKA RUBIO / FOKU
Igor Susaeta.
2020ko ekainaren 16a
12:42
Entzun

Pertsonekin trafikatzen zutela egotzita, Espainiako Poliziak sare bat desegin du Bilbon. Agenteek hamar pertsona atxilotu dituzte, Saharaz hegoaldeko Afrikako migratzaileak Frantziako Estatura igarotzen zituztela leporatuta.

Efe berri agentziaren arabera, sareko kideek Bizkaiko hiriburura iritsitako etorkinekin jartzen ziren harremanetan, eta 150 eta 200 euro artean eskatzen zizkieten Donostiara edo Irunera eramateagatik. Ondoren, bi hiri horietatik garraio publikoan iristen ziren Frantziako Estatura.

Pertsona batek salaketa bat jarri zuen, eta sarearen berri eman. Agenteek egiaztatu zuten sareko kideek Bilboko garraio publikoko geltokietara jotzen zutela, eta migratzaileekin hartu-emanetan jartzen zirela. Autoetan edo garraio publikoan lekualdatzen zituzten Irunera edo Donostiara, eta, gero, Bilboko sarearekin lotutako beste sare bateko kideek, Frantziako Estatura bultzatzen zituzten.

Espainiako Poliziaren esanetan, atxilotutakoek behartzen zituzten migratzaileak Espainiako Estatuarekin lot zitzakeen edozein dokumentu desegitera —izan mediku txosten bat edo, besteak beste, erosketa txartel bat—, hartara, gero Frantziako Poliziak atzematekotan, Espainiako Estatura itzularaz ez zitzaten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.