Musika

«Jazzaldia egin egingo da, hori da notizia»

Egoera berrira moldatutako neurriak hartuta eta eskaintza murriztuta, baina aurtengo egitaraua aurrera ateratzea lortu dute Donostiako Jazzaldiko antolatzaileek: Mariza, Jorge Pardo, Chano Dominguez, Lina, Carles Benavent eta beste izango dira 55. jaialdiko  protagonistetako batzuk.

Joseba Larratxe 'Josevisky'-k egin du Donostiako 55. Jazzaldiaren kartela. JON URBE / FOKU
itziar ugarte irizar
2020ko ekainaren 16a
15:05
Entzun

Egitaraua xehe aurkezten hasi aurretik eta amaitu berritan errepikatu du Miguel Martin Donostiako Jazzaldiko zuzendariak zein den nabarmendu beharreko ideia: hasieran beltz ikusi bazuten ere, azkenean Donostiako Jazzaldia egin egingo dela. «Beste guztiak detaileak dira», adierazi du. Uztailaren 22tik 26ra bitartean egingo da, eta Viktoria Eugenia antzokian, Kursaalean, San Telmo museoan eta Trinitate plazan izango dira emanaldiak. Aurrez iragarria zuten bezala, hondartzan ez da kontzerturik izango aurten.

Gaur goizean aurkeztu dute aurtengo jaialdiaren egitaraua, Viktoria Eugenia Club aretoan. Bertan izan da Eneko Goia Donostiako alkatea ere, eta «normaltasunerako bidean» Jazzaldia egin ahal izatearen garrantzia azpimarratu du. Hiriko kultur eskaintzari eusteko lanetan aritu direla esan du, eta esker bereziak eman dizkio Martinek ere horregatik. Donostiakoa izan da uztailerako egitaraua aurkeztu duen lehenengo nazioarteko jaialdia, eta, horregatik, «inoiz baino gehiago, jazz onenaren erakusleiho» izango dela adierazi du Goiak.

Martinek azaldu duenez, «lokaletik maila europarrera» eraiki dute aurtengo egitaraua, Europa barruko mugak irekiko dituztela ziurtatu denean. Halere, inguruko musikari asko izango dira aurten Jazzaldian, eta datozen asteetan gehiago lotzen saiatuko direla iragarri dute antolatzaileek.

Bost egun eta bost gau

Uztailaren 22an abiatuko da jaialdia, asteazkenez, 12:30ean, jazzaren izen handienetako bati egindako omenaldiarekin: Charlie Parker. Eta aurten entzun ahalko diren hiru kantari portugaldarretan lehena etorriko da ondoren: Lina, zeinak Raul Refreerekin batera egindako disko arrakastatsua aurkeztuko duen. Mariza eta Salvador Sobral izango dira Portugaldik helduko diren beste bi musikariak.  

Trinitate plazak segituko du kontzertuen agertoki nagusia izaten, egunero, 21:00etan. Han arituko dira, besteak beste, Chano Dominguez, Oreka TX, Michel Portal, Mariza, Marco Mezquida eta Rymden taldea.

Iñaki Salvadorren izena klasiko bat da ia jaialdiaren egitarauan. Bi kontzertu emango ditu aurten: Chano Dominguezekin bata (Kursaalean, uztailaren 23an) eta Jorge Prado saxofoi eta flauta jotzailearekin laukotean bestea (Viktoria Eugenian, uztailaren 25ean). Aipatzekoa da, halaber, piano hutsezko hiru kontzertu hartuko dituela San Telmo Museoko Klaustroak: Bojan Z, Paul San Martin eta Mikel Azpirozen eskutik.

Egitaraua osoa jaialdiaren webgunean dago kontsultagai. Sarrerak, berriz, ostegunetik aurrera jarriko dituzte salgai. Trinitate plazako kontzertuen kasuan, lau edo sei lagunentzako abonamenduak salduko dituzte uztailaren 1era bitartean, eta hurrengo egunetik aurrera eskuratu ahalko dira sarrera solteak. Edukierari lotutako neurria dela azaldu du Martinek; legeak ezarritako gehienezko eserlekuak eskainiko dituztela aipatu du, eta kasu guztietan jarlekuak zenbakituak izango direla argitu.

Jazzaldia sariari dagokionez, egitarauan ageri direnen arteko batek jasoko duela aipatu du Martinek: «Lau izenen artean gabiltza».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.