EUSKARA

Alarma egoera hasi zenetik ekainaren 1era arte 205 kexa jaso ditu Behatokiak

Iaz garai berean baino %47 gehiago izan dira hizkuntz eskubideekin lotutako kexak. Behatokiak salatu du erakunde publikoek «bigarren mailakotzat» dutela euskara: haiekin loturikoak dira hamar kexatik sei.

Hizkuntz eskubideen aldeko protesta bat, Bilbon, iaz. MARISOL RAMIREZ / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2020ko ekainaren 17a
11:42
Entzun

Iragarria zuten, eta hala gertatu da: konfinamendu garaian inoiz baino kexa gehiago jaso ditu Hizkuntz Eskubideen Behatokiak; zehazki, 205. Iaz garai berean baino %47 kexa gehiago dira, eta erakunde publikoei zuzendutakoak dira hamarretik sei (115 kexa). Behatokiak salatu du «gizartearen egoera bere gordinean» erakutsi duela alarma egoerak, eta euskarak ez duela «balio izan herritarrei osasunari zein segurtasunari buruzko berehalako mezu garrantzitsuak igortzeko». Hala, salatu dute euskara «bigarren mailakotzat» jo dutela erakunde publikoek.

Eusko Jaurlaritzari eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiei zuzendurikoak dira lau kexatik bat: «Herritarrek salatu dute gaztelera hutsean jaso dituztela Jaurlaritzako ordezkarien adierazpenak eta sareko zein herritarrentzako prestatutako argibideak», Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak azaldu duenez. Nafarroako Gobernuari ere egin diote herritarrek protesta, nahiz eta kexak gutxiago izan. Gaubekak ohartarazi du, ordea, horrek ez duela erran nahi urraketa gutxiago gertatu direnik Nafarroan: «Nafarroan urraketak 'ohikoak' dira, zoritxarrez, eta herritarrek ere gutxiago salatzen dituzte, babesgabeago sentitzen direlako». Ipar Euskal Herrian ere berdina gertatzen dela uste du Behatokiak.

Tokika, udalek ere jaso dituzte kexak, eta, sektoreka, osasungintzan jarri du arreta Behatokiak, COVID-19ari buruzko informazioa eta adierazpenak gazteleraz eta frantsesez jaso baitituzte maiz herritarrek. Hezkuntzan eta komunikabideetan ere antzekoa gertatu da, Behatokiaren arabera. Gaubekaren ustez, «kezka handiz» hartu behar dira salaketok, «herritarren ongizatea dagoelako jokoan». Dena den, argi utzi nahi izan dute jasotako salaketak «izozmendiaren punta» baino ez direla: «Egoeraren larritasunagatik eta arduradunen jokaera ikusita, herritarrentzat ez da erraza izan osasungintzan nahiz bestelako sektoreetan gertatutako urraketak salatzea, ezta bertako langileentzat ere».

Eskutitzak erakundeei

Urraketen berri eman eta egoera salatzeko Behatokiak gutunak bidali dizkie erakunde publikoetako ordezkariei: Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariari, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuari, Bernadette Soule EEPko zuzendariari, baita Nafarroako eta EAEko Arartekoei ere. Argibideak eta neurri zuzentzaileak eskatu dizkiete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.