Erakundeak

Antonio Vaíllo eta Juan Luis Irigarai arkitektoek diseinatuko dute Bilboko Euskal Museo berria

Eko-nekta proiektuarekin irabazi du estudioak lehiaketa publikoa, eta lau hilabete izango ditu orain exekuzio proiektua idazteko. Berrikuntzarekin bisitariak hirukoiztea da erakundeen asmoa

Bilboko Euskal museoko irudi. MARISOL RAMIREZ/FOKU
Inigo Astiz
2020ko ekainaren 17a
11:46
Entzun

Barru eta kanpo, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak oso-osorik berritu nahi dute Bilboko Euskal Museoa. Nazioarteko lehiaketa publiko bat antolatu zuten horretarako proposamenak jasotzeko, eta orain jakinarazi dute irabazlea. Antoni Vaíllo eta Juan Luis Irigarai arkitektoen estudioaren Eko-nekta proiektua hautatu du epaimahaiak, azkenean, eta, guztira, 20 milioi euroko aurrekontua izango dute eraikuntza egokitu eta haren diskurtso museografikoa berritzeko lanek. 18.000 euroko saria jaso dute horregatik Vaíllok eta Irigaraik, eta lau hilabeteko epea dute orain exekuzio proiektua aurkezteko. Jordi Garcesen Hasieraren hazia eta Juan Beldarrain Santosen Sustraia biziak izan dira bigarren eta hirugarren gelditu diren proiektuak, eta, hurrenez hurren. 12.000 eta 6.000 euro jasoko dituzte.

Euskal Museoa «Euskadiko museo nazionala» bilakatzea da asmoa, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak otsailean berritze integralaren berri emateko antolatutako prentsaurrekoan esandakoaren arabera, eta euskara izango da guztiaren ardatza. Euskal Museoa euskal kulturaren nazioarteko ate bihurtzea da erakundeen helburu orokorra, baina horrekin batera hiru helburu zehatz ere badituzte buruan. Bat: bisitari kopurua hirukoiztea. Bi: 2023ko museoaren mendeurren ekitaldiak sendotzea. Eta hiru: museo berriak Urteko Europako Museoa (EMYA) saria eskuratzeko hautagai izatea. 

Euskara ardatz

Horiek guztiak nola lortuko dituen azaltzen duten «zertzelada orokor batzuk» baino ez ditu ematen Vaílloren eta Irigarairen proiektuak oraindik, eta hurrengo faseetan joango dira zehaztasun gehiago emanez. XVII. mendeko eraikinaren egitura leheneratzeko asmoa azaldu dute oraingoz, eta, diotenez, klaustroa bilakatu nahi dute erakusketa espazioaren erdigune.

Lehenago ere museoekin lan egindakoa da estudioa. Besteak beste, haien sinadura daramate Bilboko Athletic museoak, Altzuzako Oteiza museoak, Israelgo Holy Land Museum-ak eta Iruñeko Katedraleko Occidens izeneko erakusketak ere..

Lanak hasita

Proiektua erdi hasita topatuko dute arkitektoek, bestalde. Berez, 2016an hasi zuten berritze arkitektonikoa. Orduan estali zuten eraikineko atrioa, eta Unamuno plazara ematen duen izkinan dagoen eta museoari atxikita dagoen Kurtze eraikina ere erosi zuten aldundiak eta udalak, bost milioi euroren truke. Berritze lanekin, beraz, %57 eta %85 artean haziko da museoak erabilera publikorako duen eremua, eta 6.400 metro koadroren bueltan izango dituela kalkulatu dute arduradunek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.