Autoak erosteko laguntzak ez dira bateragarriak izango

Eusko Jaurlaritzak ala Espainiako Gobernuak emandakoen artean aukeratu beharko dute bezeroek; erregai fosilekoak ere lagunduko dituzte biek

Autoak garraiatzen, Bilboko kontzesionario batean, maiatz hasieran. LUIS JAUREGIALTZO (FOKU)
jokin sagarzazu
2020ko ekainaren 17a
18:12
Entzun

Azkenean ez dira bateragarriak izango auto berriak erosteko Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak emango dituzten diru laguntzak. Asteartean aurkeztu zituen bereak Madrilek, eta Reyes Maroto Industria ministroak esan zuen bi administrazioek emandakoak gehitu ahalko zirela. Bada, hori ez da horrela izango, BOE Espainiako Aldizkari Ofizialean asteazken honetan argitaratutako errege dekretuak jasotzen duenez. Espainiako Gobernuaren laguntzak ez dira bateragarriak beste edozein erakundek emandakoekin, ezta Europakoekin ere.

Dekretuan ere zehazten da Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak Espainiako Gobernuaren planetik zenbat jasoko duten banatzeko: aurrenekoak, 4,6 milioi euro, eta bigarrenak, 1,4. Jaurlaritzak aurreko astean aurkeztu zuen bere plana, 10 milioi eurokoa. Guztira, beraz, 14,6 milioi emango ditu autoak berritzeko laguntzetan. Nafarroako Gobernuak ez du plan propiorik egin.

Jada eska daitezke Jaurlaritzaren eta Madrilen laguntzak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Energiaren Euskal Erakundeak tramitatuko ditu biak, eskaerak jaso ahala. Hau da, lehenik eskatzen dutenek aukera handiagoa izango dute. Bi laguntzak ez direnez bateragarriak, pentsatzekoa da elektrikoa nahi duten gehienek Espainiakoak hobetsiko dituztela, oro har hobeak direlako; 90 kilometro baino gehiagoko autonomia duten autoen kasuan, bereziki —beheko koadroan kontsulta daitezke—.

Bi planen arteko aldeak

Kopuruetan ez ezik, bi planen artean ere badaude beste alde batzuk. Adibidez, Jaurlaritzarenak atzerako eragina du, eta urtarrilaren 30etik aurrera auto berria erosi dutenek eskatu ahal izango dituzte laguntzak; Espainiako Gobernuarenak, berriz, atzotik aurrera erosi dutenek. Jaurlaritzak, halaber, auto zaharra txatartegira eramatea exijitzen du, eta Espainiakoak, ez: hori egitea saritzen du, baina ez du derrigortzen. Erabaki horrek polemika piztu du, halako planen helburua izan ohi delako autoen parkea berritzea, ez-kutsagarrien alde egiteko.

Aldea ere badago lagunduko dituzten auto berriek izan dezaketen gehienezko prezioan: 25.000 euro Jaurlaritzaren programan, eta 35.000 Espainiakoan. Bietan sartu dira, halaber, zero kilometroko autoak; alegia, urtarrilaren 1etik aurrera matrikulatutakoak: Jaurlaritzaren planean 100 kilometroko muga izango dute; Espainiakoan ez dute mugarik ezarri.

Biek onartu dituzte, halaber, erregai fosilak erabiltzen dituzten autoak, baina zero emisioko edo errekuntza garbiko labeldunak soilik. Jaurlaritzak 1.000 eurotik 2.000ra igo ditu laguntza horiek, eta Espainiako Gobernuarenak apalagoak dira. Urtea hasi denetik saldutako autoen %54 izan dira gasolinazkoak, iazko lehen bost hilabeteetan baino %11 gutxiago. Kuota pixka bat berreskuratu du dieselak —%23,4tik %24,6ra igo da—, eta nabarmen hobetu dute motor alternatiboek, %10,7tik %18,5era.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.