Prostituitzera behartutako lau emakume atzeman dituzte Barakaldon

Sexu esplotazioaren kontrako hiru polizia operazio egin dituzte abendutik Bizkaiko herrian. Azkena, gaur: sei pertsona atxilotu eta lau emakume «askatu» dituzte Barakaldon eta Bilbon. Azkeneko sei hilabeteetan hogei bat emakume atzeman dituzte.

Polizia operazioan atxilotuetako bat. MIGEL TOÑA / EFE
2020ko ekainaren 17a
19:54
Entzun

Argitan elkarteak elkarretaratze batera deitu du biharko. 18:00etan elkartuko dira, Barakaldoko Herriko plazan (Bizkaia). Nabarmendu dute sei hilabetean emakumeak salerosi eta prostituitzera behartzen zituzten hiru talde desegin dituztela. Udalari ikerketa bat eta neurriak «berehala» hartzeko eskatu dio taldeak: «Zergatik daude mafia hauek herrian, eta nola da posible halako inpunitatez jokatzea?».

Abenduaren 16an, Erroma eta Barakaldo artean operazio bat egin zuen Guardia Zibilak. Nazioarteko sare bat zen, eta hamabost pertsona atxilotu eta hamabi emakume «askatu» zituzten. Taldeak atzerritik ekartzen zituen emakumeak, eta Barakaldoko eta Erromako pisu batzuen artean mugitzen zituen. Operazioa egin zutenean ez zuten argitu zenbat emakume zeuzkaten Barakaldon eta zenbat Erroman.

Urtarrilaren 27an, beste operazio batean, Barakaldon bertan, hiru pertsona atxilotu eta lau emakume atera zituzten gatibutzatik. Eta gaur beste operazio bat egin dute Espainiako Poliziak eta Ertzaintzak, Barakaldo eta Bilbo artean: sei pertsona atxilotu dituzte, eta lau emakume «askatu».

Udalak gaitzetsi egin du emakumeen sexu esplotazioa, gaurko polizia operazioaren berri izan duenean. Agiri bat kaleratu du, eta bahituta eduki dituzten emakumeei bere baliabide guztiak eskaini dizkie. Feministek biharko antolatu duten protestarekin bat egin du udalak. Argitan elkarteak, berriz, bere baliabideak martxan jartzeko eta azalpenak emateko eskatu dio udalari.

Gaurko polizia operazioan bi etxebizitza miatu dituzte gutxienez —Bilboko Bolueta auzoan bat, eta Barakaldoko Lasesarre auzoan beste bat—, eta baita lonja bat ere, Bilboko Errekalde auzoan. Operazioa ez dela bukatu adierazi diete polizia iturriek berri agentziei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.