Jaurlaritzak 100 eta 150 eurorekin osatuko ditu enplegu erregulazio txikien sariak

Urtean 20.000 euro baino gutxiagoko soldata dutenek jasoko dute, uztailaren 1etik irailaren 30ra arte. Adostutakoa gutxietsi egin dute sindikatu abertzaleek.

Elkarrizketa Sozialaren Mahaiko kideak, gaur. ASIER BASTIDA / IREKIA
Iker Aranburu.
2020ko ekainaren 18a
14:12
Entzun

Langabezia sari apalekin geratu diren langabeek Eusko Jaurlaritzaren laguntza izango dute uztailetik irailera. Gasteizko gobernuak hilero 100 euro emango dizkie ABEE enplegua aldi baterako erregulatzeko espediente baten ondorioz lanaldi erdia baino gutxiago txikitu behar izan duten langileei, eta 150 euroko saria, berriz, lanaldia %50 eta %100 artean galdu dutenei. Laguntza horrek ez du izango atzerako eraginik —martxotik ekainera arte erregulazioan izan direnek ez dute jasoko—, eta urtean 20.000 euroko soldata gordina baino txikiagoa dutenentzat izango da —1.666 euroko kotizazio oinarria—.

Elkarrizketa Sozialaren Mahaiaren eraginkortasunaren ondorio gisa azaldu du neurria Maria Jesus San Jose Lan sailburuak, eta Confebasken eta CCOOren eta UGTren babesa nabarmendu du. Edonola ere, negoziazio prozesua luzea izan den arren —maiatzean egin zuen bere proposamena Iñigo Urkullu lehendakariak—, Jaurlaritzak ez du lortu bere helburuetako bat: enpresek ere beren ekarpena egitea osagarri horretan. Enpresa batzuek jada osatzen dituztela eta enpresa guztiak behartzerik ez zutela erantzun zion Confebask patronalak Urkulluren eskaerari.

44.000 langilek jasoko dute

San Josek eta Beatriz Artolazabal Enplegukoak azaldu dutenez, Jaurlaritzaren osagarriak balioko du «normaltasunera pixkanaka itzultzeko fasean enplegua sendotzeko eta kalteberatasun handieneko egoeran dauden pertsonak babesteko». Kalkulatu duenez, 44.000 langile inguruk jaso dezakete laguntza, eta hilero sei milioi euro jarri beharko ditu sariaren osagarria ordaintzeko.  

Osagarriaren zenbatekoa finkoa izango da, eta onuradunaren lan kontratuaren izaera gorabehera emango da. Langileak ezingo du jaso aldi baterako erregulazio aktiboan duen ordainsaria baino handiagoa den laguntzarik. Lanbidek kudeatuko du osagarria, eta ahal dela hurrengo bileran onartuko du Jaurlaritzak.
Akordioa izenpetu duen arren, motz geratu dela ziurtatu du Confebaskek: «Enpresei espresuki laguntzeko neurriak falta dira, ulertzen baitugu enplegua babesteko modurik onena dela enplegua sortzen duten enpresak babestea».  

Ñabardura gutxiago egin dizkio Loli Garcia EAEko CCOOko idazkari nagusiak. «Berri ona da euskal langileentzat, eta bereziki soldata txikienak dituztenentzat», batzuek beren soldataren ia %100 jaso ahal izango dutelako erregulazioan dauden bitartean. Garciak ziurtatu du aldi baterako erregulazioan dauden langileen erdiek-edo jasoko dutela Jaurlaritzaren osagarria. Neurri handi batean, ostalaritzarekin eta turismoaren beste sektorearekin lotura duten langileak izango dira, industrian langile askok 20.000 euroko soldata gordina gainditzen dutelako.

Garciak gogorarazi du bere sindikatuak duela bi hilabete proposatu zuela langabezia sariak osatzea, eta orain onartu izanak erakusten duela kontzertazioak balio handia duela. «Elkarrizketa Sozialaren Mahaiak erabilgarrita dela erakutsi du, proposamenetatik ekintzetara igaro delako, langile klaseari mesede egiten dioten akordioen bidez».

Garciaren mezua kritika garbia da sindikatu abertzaleentzat, uko egiten diotelako foro horretan parte hartzeari, argudiatuta ez dituela pisuzko erabakiak hartzen eta «Jaurlaritzak patronalaren alde hartutako neurriak zuritzeko» baizik ez duela balio.

«Aukerarik merkeena»

Gaurko akordioak ez du, ordea, ELAren eta LABen jarrera aldaraziko, batek zein besteak gutxietsi egin baitute. «Gure herriko langile klasearen soldatak osatzeko zeuden aukeren artean merkeena da. Kostua langileei leporatuko zaie, ordaintzen dituzten zergen bidez, eta ez enpresariei».

ELAk proposatu zuen 300 milioi euroko funts publiko bat sor zedila, eta sozietate zergari errekargu bat eginez finantzatzea. «ELA prest zegoen akordio on bat egiteko, baina Eusko Jaurlaritzak oraingoan ere bere estilo sektarioa erakutsi du, baztertu egin baitu euskal gehiengo sindikala, jakinik Elkarrizketa Sozialeko Mahaian ez zuela aurkako iritzirik topatuko eta emaitza merkeena izango zela».

LABek ere kritikatu du enpresek beren ekarpena ez egitea. «Patronalak ez du ezer jarriko. Azken urteetan lorturiko irabaziak beraientzat gordeko dituzte». Sindikatuak ziurtatu du hitzartutakoa ez dela nahikoa: «Ez du zehazten langileen etorkizuneko enplegua bermatzeko inongo neurririk. Beharrezkoak dira aldi baterako erregulazioak bukatzen direnerako enplegua bermatzeko neurriak, kaleratzerik ez egiteko konpromisoak, aldi baterako kontratua duten langileen egoera zuzentzeko neurriak, 1.200 euroko gutxieneko soldata». Proposamen horiek eta beste batzuk egin zizkien joan den astean Jaurlaritzari  eta Confebaski.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.