AEB-ak

Trump: «Polizia bati aurre egiten badiozu, ondorioak onartu beharko dituzu»

AEBetako presidenteak defendatu egin du Rayshard Brooks hil zuen poliziaren jarrera, eta salatu instituzioarekin «modu bidegabean» jokatzen ari direla

Donald Trump, AEBetako presidentea, Etxe Zurian. CHRIS KLEPONIS, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko ekainaren 19a
09:32
Entzun

Rayshard Brooks 27 urteko afro-amerikarra hil zuen poliziari erailketa egotzi eta hurrengo egunean, haren defentsan atera da Donald Trump AEBetako presidentea. «Ezin diozu aurre egin polizia ofizial bati, eta, aurre egiten badiozu, ondorioak onartu beharko dituzu», esan zuen atzo Fox telebista kateari eskainitako elkarrizketa batean. Estatuburuaren iritziz, gainera, «modu bidegabean» jokatzen ari dira Polizia Departamentuekin: «Zuzen jokatu beharra dago. Espero dut [Garrett Rolfe] justiziaz tratatuko dutela, Polizia ez baita ondo tratatua izan herrialde honetan».

Rolfek, Brooksi tiro egin zion poliziak, bizi osorako kartzela zigorra edo heriotza zigorra jaso dezake hilketagatik. Poliziak bere burua entregatu zuen atzo, bere aurkako karguak zeintzuk ziren jakin zenean. Auziak eragina izan du Atlantako Polizia Departamentuan. Segurtasun indarretako arduradunek aitortu dute azken egunetan normalean baino gehiago izan direla lanera joan ez diren poliziak. Hiriko alkate Keisha Lancek ere onartu du hori bera, baina nabarmendu du behar izanez gero inguruko departamentuei eskatuko dietela laguntza, segurtasuna bermatu ahal izateko.

Brooks duela astebete hil zuten, tiroz. Atlantako jatetxe bateko deiari erantzunez joan ziren bi poliziak hura zegoen tokiraino, haren autoak bidea oztopatzen zuelako. Afro-amerikarrak alkoholemia frogan positibo eman ondotik piztu zen liskarra; bi poliziak hari eskuburdinak jartzen ahalegindu ziren, eta hark aurre egin eta taser pistola kendu zion Rolferi, eta ihesari eman. Rolfek, orduan, tiro egin zion. Fiskaltzaren txostenaren arabera, baina, taser pistola deskargatuta zegoen, eta horren jakitun zeuden poliziak.

Atlantako eta Minneapolisko hilketek azken urteetan ikusi gabeko protestak piztu dituzte AEBetan. Horren ondotik eta arrazakeria salaketei erantzunez, hainbat hirik neurri zorrotzak hartu dituzte; Minneapolisen, esaterako, Polizia Departamentu osoa desegitea erabaki du Udal Gobernuak.

Facebook

Giza eskubideen aldeko mugimenduen presioei erantzunez, Facebookek kendu egin zituen atzo Trumpen kanpainarekin lotutako hainbat idatzi, horietan eskuin muturraren iragarkiak ageri zirelako. Testuek  «gorroto antolatuaren aurkako politikak» urratzen zituztela argudiatu zuen Facebookek.

Kendutako iragarkietan alderantziz jarritako hiruki gorri bat ageri zen —irudi hori Naziek erabiltzen zuten preso politikoak identifikatzeko—, mezu batekin: «Ezker muturreko talde arriskutsuak indarkeria zabaltzen ari dira gure kaleetan. Gure hiriak suntsitzen eta istiluak eragiten ari dira. Eromena da. Mesedez, eman zure izena presidentearen alde egiteko, eta egin bat Antifa talde terrorista izendatzeko haren ekimenarekin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.