Bielorrusia

Lukaxenkoren aurkari politiko nagusia atxilotu dute

Delitu ekonomikoak leporatzen dizkiote Viktor Babariko oposizioko buru eta bankariari. Salatu du atxiloketa trikimailu bat dela bera hauteskundeetatik kanpo uzteko. Lukaxenkoren esanetan, herrialdea "ezegonkortzeko plana" eragotzi dute.

Viktor Babariko bankari bielorrusiarra, artxiboko irudi batean. PAVEL KRITCHKO / EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko ekainaren 19a
11:16
Entzun

Alexandr Lukaxenko Bielorrusiako presidentearen aurkari politiko nagusia atxilotu zuen atzo Bielorrusiako Poliziak. Viktor Babariko bankaria zerga iruzurragatik eta diru zuriketagatik atxilotu zuten, abuztuaren 9an egitekoak diren hauteskundeetan presidentegai aurkezteko behar zituen sinadurak aurkeztu eta berehala.

Estatuaren Kontrolerako Batzordeak (CEC) adierazi duenez, Babariko bere kontrako auzi penaleko frogak ezkutatzen ahalegindu da, baita lekukoengan eragiten ere. Akusazioak leporatzen dio gaizkile talde bat eratzea kapitalak legez kanpo atzerrira mugitzeko, Belgazprombank bankuko zuzendari zen garaian. Ustezko gaizkile talde horretako hogei bat kide atxilotuak izan ziren aurretik, eta bankariaren kontra deklaratu dute. Batzordearen ikerketaren arabera, 380 milioi euro atera zituen herrialdetik atzerriko dirutan, Letoniako ABLV bankura.

Bestelako jarduera ustelen eta legez kontrako ingeniaritza fiskalaren artean, CECk Babarikori egozten dio enpresari batzuei justifikatu gabeko kredituak ematea eroskeriaren bidez.

Bi hautagai bakarrik

Babarikoren hauteskunde kanpainaren arduradunak azaldu duenez, bankaria Hauteskunde Batzorde Nazionalean izan zen atzo, presidentegai izateko beharrezkoak diren sinadurak aurkezten, eta, segidan, Babariko eta haren semea CEC-ren egoitza batera eraman zituzten. Kanpainaren buruak gaineratu du Babariko kanpoan zen bitartean haren etxea miatu zuela Poliziak. Justu aurretik, hauteskundeetara aurkezteko baldintzak bi hautagaik soilik betetzen dituztela jakinarazi zuen CECk: Lukaxenkok eta Babarikok berak. Hautagaitza aurkezteko epea gaur amaitzen da.

Babarikok salatu du atxiloketa trikimailu bat dela Lukaxenkoren hauteskunde garaipena ziurtatzeko. "Nire bekatu guztiak ez dira nahikoa krimen bat egozteko eta, nolabait, bakartzeko eta hauteskundeen lasterketatik erretiratzeko".

Lukaxenkok aurretik ohartarazi zuen Babarikori buruzko informazio konprometitua zuela esku artean, eta, egun gutxiren buruan, ekainaren 12an, haren kontrako bi auzi ireki zituen CECk, zerga iruzurragatik eta diru zuriketagatik. Presidenteak ziurtatu zuen bere aurkariak zigorgabetasuna eskuratzeko eta epaiketa saihesteko nahi zuela presidente kargua.

Ezkutuko indarrak

Babarikok maiatzean utzi zuen Belgazprombankeko zuzendariaren kargua, eta Bielorrusiako Banku Nazionalak hartu zuen haren gidaritza. Bankuko akzioen %49 dituzten enpresa errusiarrek, Gazprom Bank eta Gazprom-ek, salatu zuten Bielorrusiak nazioarteko legedia urratu zuela esku hartzearekin. Hain justu, Lukuxenkoren gobernuak enpresa horiei egotzi die Babarikoren hautagaitzaren bidez Bielorrusia kontrolatu nahi izatea.

Presidenteak ziurtatu du Babariko atxilotuz "Bielorrusia ezegonkortzeko plan handi bat" eragotzi dutela. "Txontxongilo batzuk atzemateaz gain, Bielorrusiako mugetatik kanpo hariak mugitzen dituztenak ere atzeman ditugu".

CECko buru Ivan Tertelek erreferentzia zuzenagoa egin die Errusiako enpresa horiei. Babarikoren atzean petrolio enpresa errusiarraren "agintari handiak" daudela adierazi du, baita "agian goragokoak ere".

Lukaxenkok oposizioaren kontrako diskurtsoa gogortu du azken asteetan. Ziurtatu du oposizioa "oligarka errusiarrek" kontrolatzen dutela, eta "erdipurdiko iraultzaileei" ohartarazi die Bielorrusian ez dela Ukrainan bezalako "Maidanik" izango.

Babarikoren gisara, hauteskundeetara aurkezteko asmoa agertu zuen Serguei Tijanovski herrialdeko blogaririk ezagunenak ere, eta hura maiatzaren amaieran atxilotu zuten.

Akusazio "funsgabeak"

Errusiako Gobernuak adierazi du herrialdeko enpresen interesak babesten dituela, eta Dmitri Peskov bozeramailearen ahotik ohartarazi du nazioarteko talde ekonomikoen kontrako akusazioak ezin direla "funsgabeak" izan. Gezurtatu egin du Kremlinek Bielorrusiako hautagai bat babesten duela.

Lukaxenkok mende laurden baino gehiago darama boterean. 1994an hartu zuen presidente kargua. 2015ean, bere bosgarren agintaldirako aukeratu zuten, botoen %87rekin. Nazioarteko begiraleek hainbat irregulartasun salatu zituzten. Abuztuaren 9an egingo dituzte hurrengo bozak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.