Euskal dantza

Gurpil aulkian dantzan

Iruñeko San Lorentzoko dantzariek koreografia bat egokitu dute elbarriek ere dantzatzeko aukera izan dezaten

San Lorentzoko dantzanteek dantza bat egokitu dute gurpildun aulkian dantzatzeko. BERRIA
Iker Tubia.
2020ko ekainaren 19a
17:45
Entzun

Elbarritasunak ez du zertan muga izan dantzatzeko, baina normalki ez dira gurpil aulkiak ikusten euskal dantza tradizionaletan. Aukera horri buruz gogoeta egin ondoren, bere taldekoekin, Iruñeko San Lorentzoko dantzariekin probatzea erabaki zuen Juan Ramon Sainz dantzariak. Emaitza bideo batean bildu dute: zortzi dantzari ageri dira brokelekin eta ezpatekin Fangina dantzatzen, eta haietako bat gurpil aulkian ari da.

Emaitzarekin kontent dago Sainz: "Emaitza ona da, eta aukera asko zabaltzen ditu inklusibitatearen alorrean". Are, beste dantza batzuekin gauza bera egiteko deia egin du: "Gustatuko litzaidake beste batzuek kopiatzea San Lorentzoko dantzariek bideo honetan egiten dutena, balio dezala inspirazio gisa inklusioaren alde lan egiteko". Irakasletza ikasketetako Gradu Amaierako Lana prestatzen ari zela bururatu zitzaion ideia hori. Bere lanean Nafarroako Erriberako dantzak erabili zituen tresna pedagogiko gisa.

Sainzek urte anitz daramatza euskal dantzaren munduan, baita dantzak irakasten ere. Tarte horretan tokatu zaio elbarritasunen bat zuen jendearekin aritzea, baita gorrekin ere, baina esan duenez, askotan bazter geratu ohi dira. Horretaz gainera, unibertsitatean "etengabe" hitz egiten zieten inklusibitatearen garrantziaz, eta horrek eraman zuen gogoeta egitera. "Bideoaren garrantzitsuena da horretan pentsatzea. Orain arte ez dugu horretan pentsatu. Ikusi izan dut dantza gurpil aulkian, baina ez euskal dantza tradizionala", azaldu du. "Ohartu behar dugu inklusioa beharrezkoa dela".

[Youtube]https://youtu.be/93IqL4O3s1g[/Youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.