ACB liga

Bigarren partida ere galdu egin du Bilbo Basketek

Luzapenean hartu du mendean Joventutek (79-86) ACB ligako azken kanporaketako bigarren jardunaldian, eta oso aukera gutxi dauzka Alex Mumbruren taldeak finalerdietara sailkatzeko.

jarraia183086.jpg
Aitor Manterola Garate.
2020ko ekainaren 19a
18:22
Entzun

Garaipenik lortu gabe segitzen du Retabet Bilbo Basketek ACB ligako azken fasean, Valentzian. Joventut izan du parean gaur, A multzoko aurkari samurrena hasiera batean, eta kale egin dute Alex Mumbruren jokalariek. Luzapenean egin die ihes partidak: 79-86. Horrenbestez, bi jardunalditan kale eginda, oso zaila dauka finalerdietara sailkatzea. 

Gogorra izan da partida hasieratik. Defentsan oinarrituz saiatu da Bilbo Basket garaipena bideratzen, eta aurreneko laurdenean lortu egin du nahi izan duen horretara jokatzea. Trabatuta izan du Badalonako taldearen erasoa, eta defentsa onari esker, korrika azkar ateratzeko aukera izan du. Bosgarren minutuan bost goitik zen taldea (11-6). Orduan atera du jokatzera Carles Duran bilbotarren entrenatzaile ohiak Klemen Prepelic jaurtitzailea, lehen jardunaldian jokatu ez zuena lesioagatik, eta haren ekarpenari esker, 17-18 aurretik jarri da Joventut, laurdena bukatzeko minutu eta erdia falta zela. Lau minutu eta erdi jokatu ditu segidan laurden horretan, eta zortzi puntu sartu. Hala ere, amaieran 22-21 aurretik zen Mumbruren taldea. 

Jaurtitzaile esloveniarrak berean jarraitu badu ere bigarren laurdenaren hasieran, emaitza euskal herritarren aldekoa zen oraindik. Bizpahiru puntuko aldea izan du, eta berriz ere defentsan oinarritu du lana. Alor horretan, nabarmentzekoa izan da Ben Lammers pibotak jarritako hiru txapelak. Badalonakoek ezinean segitu dute erasoan, eta bigarren laurdeneko bukaera aldera bakarrik jarri dira aurretik: 37-40, bi minutu falta zirenean. Baina berriz ere, aurreneko laurdenean bezala, Bilbo Basketek hartu du aurrea, eta 45-43 izan da emaitza lehen zatiaren amaieran. Bilbotarrek biko jaurtiketetan izandako eraginkortasun nabarmentzekoa izan da, %60 asmatu baitute lehen hogei minutu horietan. 

Puntu gutxi eta luzapena

Bigarren zatian, Joventuten defentsa hobetu egin da, eta aurkariaren pare jarri da intentsitatean eta sendotasunean. Ondorioa izan da ikaragarri pila kosta zaiela bi taldeei saskiratzea, eta hiru minutu igaro dituzte saskia zulatu gabe. Sartzen bilbotarrak hasi dira, eta zazpi puntuko koska izan dute alde (50-43). Joventutek lehen saskiratzea 4.45 minutu falta zirenean sartu du, baina Mumbrurenek ez dute baliatu egoera hori emaitzan zuloa egiteko, eta sei puntukoa baina ez da izan laurdenaren amaieran. Nabarmentzekoa izan da 11-7ko partziala izan dela hamar minutu horietan. 56-50 aurretik zen Bilbo Basket. 

Azkeneko laurdenean, oraindik eta gehiago estutu du defentsako lana Joventutek, eta Mumbruren jokalarien ekarpena erasoan oso apala izan da. 3-13ko partziala jaso dute laugarren laurdeneko lehen bost minutuetan, eta zazpi goitik Joventut jarri da. Gero, berriz, bilbotarrek eman diote buelta egoerari, eta 6-0eko partzialaren bidez, 67-66 aurreratu dira. Hiru minutu eta erdi falta ziren. Partida amaitzeko minutu eta erdi geratzen zirenean, bi goitik zen Bilbo Basket, eta eskura izan du garaipena, hamalau segundoren faltan, baloiaren jabe zelako, bi goitik zela. Baina asmatu ez, eta Conor Morganen biko jaurtiketak berdinketa jarri du gero (73-73). 

Luzapenean, Morgan berak bost puntu segidan sartu ditu, eta bosteko aldea eman dio bere taldeari. 2.35 minutu falta zirenean ere, horixe zen aldea, baina batera ere jarri da Bilbo Basket minutu eta erdi falta zela (79-80). 35 segundoren faltan, baloia galdu du Joventutek, eta Lammersek bi jaurtiketa libre izan ditu aurretik jartzeko. Baina bietan egin du huts, eta asmatu duena gero Lopez Arostegi izan da. Bilbotarrek azken erasoa izan dute 20 segundo falta zirela, baina Rafa Martinezek baloia galdu du, eta Lammersek kiroltasunaren aurkako falta egin duenez, bi jaurtiketa libreak sartu dituzte kataluniarrek, eta azkeneko baloian ere asmatu egin dutenez, 79-86koa izan da emaitza. 

Bilbotarren saskiratzaile onena Jonathan Rousselle joko antolatzailea izan da, 18 punturekin. Partidakoa Prepelic, 21ekin. Nabarmentzeko beste datua hau da: Mumbrurenek %18 bakarrik asmatu dute hiruko jaurtiketetan. 

Bilbo Basketen hurrengo erronka igandean izango da, Txus Vidorretaren Teneriferen aurka (15:30). 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.