Irekiera asinkronikoak (eguneko laburpena)

Azkeneko orduetan 21 positibo berri izan dira, atzo baino zazpi kasu gehiago. Nafarroak Gobernuak hildakoen kopurua eguneratu du, eta hamar heriotza gehiago zenbatu ditu.

Miguel Angel Revilla Kantabriako lehendakaria eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Muskizen. MIGUEL TOñA / EFE
Pello Urzelai.
2020ko ekainaren 19a
19:07
Entzun

Euskal lurraldeak zeharkatzeko mugak larunbat gauerdian amaituko dira. Igandean libre mugitu ahalko da Euskal Herri osoan. Pirinio Atlantikoetako prefeturak jakinarazi du larunbat gauerditik aurrera zabalik egongo direla Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko pasabideak. Halaber, Maria Txibite lehendakariak berak jakinarazi duenez, Nafarroan larunbat gauerdian geldituko da bertan behera alarma egoera, eta, ondorioz, batetik bestera ibiltzeko murrizketak amaituko dira. 

Euskal lurraldeen arteko sinkronia sustatu beharrean, Eusko Jaurlaritzako Iñigo Urkullu lehendakariak nahiago izan du hirugarren fasearen amaiera bi egun aurreratu eta Kantabriarekiko mugikortasuna berreskuratzea ahalbidetu. Ez hori bakarrik. Kantabriako mugaren irekierari garrantzi mediatikoa eman dio, nolabaiteko sintonia irudikatuz, Muskizko Kobaron auzoan Miguel Angel Revilla Kantabriako lehendakariaren egin duen topaketaren bidez. 

Nafarroako Gobernuak normaltasun berria arautuko duen foru dekretua onartu du gaur. Dekretuan arloz arloko arauak zehaztu dituzte. Esate baterako, edukiera muga: %50koa beilatokietan, %75koa gurtza eremuetan, txikizkako merkataritzan, ostalaritzako lokalen barnean, elkarte gastronomikoetan edo kanpoaldean egin beharreko jardueretan (mila pertsonako mugaraino). Hirugarren fasea amaitutzat eman eta "normaltasun berrirako" bidea irekitzean, erantzukizuna eta zuhurtzia ekarri ditu gogora Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak, birusa presente dagoelako eta berriz ager litekeelako.

21 positibo. Birusa ez da joan, PCR proben bidez kasu gehiago atzematen jarraitzen dute. Azkeneko orduetan, 21 positibo berri (atzo baino zazpi kasu gehiago). Bi Araban, zazpi Bizkaian, bat Gipuzkoan eta zazpi Nafarroan. EAEko oinarrizko birsorkuntza tasa igo da 0,98ra. 

Hildakoen kopuruari dagokionez, azken orduetan heriotza bat gertatu da (EAEn). Baina Nafarroako Gobernuak orain arteko datuak berrikusi ondoren hamar hildako gehiago zenbatu ditu. Gaurko eguneraketarekin, Nafarroan guztira 528 pertsona hil dira koronabirusa dela eta. Euskal Herrian, guztira, 2.142 hildako. Horrez gain, aipatu behar da hiru pertsona ospitaleratu behar izan dituztela, eta ZIUetan hamabost pertsona daudela (atzo baino bi gutxiago).

Agian honek ere merezi du

Ezin dut, ama. Hiru hilabete eta gero, berriro hurkoekin aurrez aurre topatzeko uneak izaten ari dira pertsona askorentzat. Bereziki itxialdia adinekoen egoitzetan pasatu behar izan dutenentzat. Joxerra Senar kazetaria Iruñeko Erruki Etxea adinekoen egoitzara hurbildu da. Birusak gogor jo du bertan. 575 egoiliarretatik 170ek hartu dute birusa, eta 68 hil dira. Bizipen gogorrak bildu ditu. "Kartzela bezain gogorra izan da".  Ia hiru hilabetez ama ikusi gabe egon ondorengo topaketa kontatu du BERRIAn Karmele Jaio idazleak. Artikulu hunkigarria. Besarkatzeko ezintasunaren kronika, Ezin dut, ama izenburuan laburtuta.  

Hezkuntza lehen mailan. Koronabirusaren krisiak hautsi du hezkuntzaren ohiko martxa. Hezkuntza komunitateak bat-batean moldatu behar izan du egoera berrira. Ahuleziak eta auziak agerian gelditu dira. Baita hezkuntzak bizitzan duen garrantzia. Azken hilabete hauetako esperientziaz hitz egiteko, Amaia Urzelai Donostiako Zubiri-Manteo institutuko irakaslea eta Leire Saez Erandioko Altzaga ikastolako Haur Hezkuntzako koordinatzaile eta tutorea. "Nolatan ez dugu hezkuntzaren eztabaida lehen mailan jartzen?", gogoetatu dute. Ikasgaien artean, ikasleengan zein garrantzitsua den alde emozionala ikustea edo eskolaren funtzio soziala egiaztatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.