Izurriaren «kudeaketa kaxkarra» salatu dute adinekoen senideek

Covid-19ak eragin duen krisi egoera «latzaren» azterketa zehatza egiteko, batzorde bat eratzeko eskatu dute Donostian.

Adinekoen egoitzetan senideak dituztenen elkartea Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean, Donostian. BERRIA
Edu Lartzanguren.
2020ko ekainaren 20a
16:44
Entzun

Ahotsen aurretik, isiltasuna nagusitu da Donostiako Gipuzkoa enparantzan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean zahar etxeetan dauden egoiliarren senideek egin duten agerraldian. Izan ere, minutu bateko isil-unea egin dute Covid-19 gaitzaren eraginez hil diren guztien oroimenez.

Aldundiari konponbideak eskatzen zizkion pankarta baten atzean bildu dira protestan. Zaharren egoitzetako lan gatazka «berehala» konpontzeko neurriak hartzeko galdegin dute. ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek babestu dute ekitaldia, baita Duintasuna eta Gaur-geroa pentsiodunen elkarteek, EH bildu eta Elkarrekin Podemos alderdiekin batera.

Esan dutenez, Change.org plataforman 1136 sinadura jaso dituzte, lan gatazka konpontzeko eskatzeko. Ekitaldian esan dutenez, aste honetan alderdiei proposamen bat eman diete. Horretan eskatu diete Gipuzkoako adinekoen egoitzetan «Covid-19ak eragin duen krisi egoera latzaren azterketa zehatza egiteaz arduratuko den mahai, batzorde, lan talde bat» eratzeko. Azterketa egin ondoren, batzordeak «ondorioak atera eta aurrera begira antzeko egoerei aurrea hartzeko moduak eta hobetzeko neurriak» proposatuko lituzke.

«Nahigabea eta haserrea» adierazi dute, izurriak eragindako krisian egin den «kudeaketa kaxkarragatik». Langileei «esker ona» adierazi diete, krisiari aurre egiteko urtebeteko greba bertan behera utzi zutelako, eta «ia babes neurririk gabe» eta euren osasuna «arriskuan» jarrita euren senideak zaintzen «bere onena» eman dutelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.