EUSKARA

Kontseiluak «erabaki estrategikoak» eskatu dizkie Euskal Herriko erakunde publikoei

Krisiak eragindako kalteei aurre egiteko «urgentziazko neurriak» identifikatu ditu.

Kontseiluak agerraldia egin du, gaur, Donostian, 'Geroa Euskaratik' adierazpena aurkezteko. KONTSEILUAK
Igor Susaeta.
2020ko ekainaren 23a
12:16
Entzun

Bazkideekin batera adostutako Geroa Euskaratik dinamikaren adierazpena plazaratu du Kontseiluak gaur, Donostian. «Urgentziazko neurriak» biltzen ditu «euskara eta hizkuntz eskubideak» errespetatuko dituen gero «berdinzaleago bat» eraikitzen hasteko eta lortzeko, eta Euskal Herriko erakunde publikoei helaraziko die. Kontseiluarentzat, COVID-19ak eragindako krisiak «zaurgarrienei eta gutxitutakoei» egin die kalterik handiena. «Euskal hiztun komunitateon eskubideak zapalduak izan dira ustezko berehalakotasunaren eta lehentasunaren izenean, eta are begi bistakoagoa izan da euskalgintzarekiko erakundeen babes falta», kritikatu du Kontseiluak. «Erabaki estrategikoak» hartzeko eskatu die erakunde publikoei.

Kontseiluaren zenbait bazkidek parte hartu dute Donostian egindako agerraldian; besteak beste, BERRIAk, Elkarrek, Elhuyarrek, Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak, UEUk, Osasungintza Euskalduntzen elkarteak, Euskaltzaleen Topaguneak eta Bertsozale Elkarteak.

Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiaren esanetan, «eskakizun ekonomiko zehatzetatik haratago» doazen neurriak jaso dituzte adierazpenean. «Bide berriak urratzen hasteko erabaki eraikitzaileak eta egingarriak dira proposatutakoak». Erabaki horiek guztiak «lehenbailehen» hartu beharrekoak dira. Kontseiluarentzat, «bereziki» erakunde publikoek hartu behar dituzte, krisiak sortu dituen «kalteei aurre egiteko», eta hizkuntz politikak «birpentsatzeko». «Hurrengo 100 egunak garrantzitsuak izango dira gobernuen aldetik egoera honi erantzun ahal izateko zer neurri hartuko diren ikusteko», nabarmendu du Bilbaok. Bide batez, «elkarlanerako» deia egin die gizarteko bestelako eragileei, «adostasun zabalak eta berriak» lortze aldera.

Hauek dira Kontseiluak esparruz esparru eskatzen dituen neurriak.

Hezkuntza

Hurrengo ikasturteko eskolaratzean hizkuntza ardatz izatea, besteak beste hizkuntza beharrei erantzuteko errefortzuak indartuz, bitarteko materialak gehituz, eta euskaraz hitz egitea helburu duten programen bidez ikasleen arlo emozionala landuz.

Hezkuntza ez-formala

Administrazioak aurrerantzean euskaraz eskaintzea haur, gazte eta nerabeentzat antolatutako eskolaz kanpoko jarduera guztiak. Administrazioaren laguntzak jasotzen dituzten hezkuntza ez-formaleko ekinbide guztietan hizkuntz irizpideak ezartzea, euskara lehenetsiz.

Helduen euskalduntzea

Helduen euskalduntzea doan izateko prozesuak azkartzea, ikasleek matrikula gastuak aurreratu behar ez izatea lehenetsita.

Euskal kultur sistema

Euskarazko sortzaileen lana aitortzeko eta babesteko araudia lantzen hastea.

Lan mundua

Hizkuntz eskubideak bermatzeko klausula sozialak ezartzea eta betetzea ekonomia berraktibatzeko programa eta laguntza deialdi guztietan, baita administrazioak aurrerantzean argitaratuko dituen kontratu edo lizitazio guztietan ere.

Sustapena

Ekonomia berraktibatzeko programa eta laguntza deialdi guztietan onura publikotzat jotako jarduera guztiek —besteak beste, euskararen normalizaziora bideratutakoek— lehentasuna izatea laguntzak jasotzeko orduan.

Hedabideak

Erakundeen eta enpresa publikoen publizitate kanpainak areagotzea, publizitate instituzionala euskarazko hedabideetan ere eskainiz. Haur eta gazteentzako edukia, informazioa, fikzioa eta entretenitzeko edukiak sortzeko inbertsioa handitzea euskarazko ikus-entzunezko edukien sorrera nabarmenki areagotzeko eta ETB1 kalitatezko edukiz hornitzeko.

Ingurune digitala

Krisiak agerian jarritako behar teknologikoetatik abiatuz, burujabetza teknologikoan sakontzea, euskarak behar dituen teknologiak garatzeko programa edo proiektu berriak abian jarriz. Era berean, ingurune digitala euskarazko edukiz osatzea, eskaintza etengabe handitzeko baliabideak jarriz.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.