Hezkuntza

Datorren urtean Mendigorrian D eredua ezartzea aztertuko du Nafarroako Gobernuak

Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak beharrezkotzat jo du araudi berri bat onartzea, indarrean sartzeko aurrematrikulen aurretik onartu beharko litzatekeena.

Mendigorrian D eredua nahi duten gurasoak, Hezkuntza Departamentuaren aurrean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Iosu Alberdi.
2020ko ekainaren 23a
19:53
Entzun

Mendigorrian (Nafarroa) D eredua ezartzeko aukera aztertzen ari da Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentua. Herriko Julian Maria Espinal ikastetxean ezarriko litzateke, 2021-2022ko ikasturtetik aurrera. Horretarako, ordea, Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak beharrezkotzat jo du foru arau berri baten onarpena, 2020-2021eko ikasturterako egin ezingo litzatekeena, «aurrematrikulak egin aurretik» onartu beharko litzatekeelako.

Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilaria gaur bildu da eskaera luzatu duten familiekin eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiko kideekin. Gimenok adierazi du Mendigorrian D eredua ezartzea ez dagoela aurreikusita Nafarroako egungo ikastetxeen mapan, baina nabarmendu du euskaraz ikasi ahal izateko lerro bat eratzeko bide legalak ikertzen ari direla: «2021-2022ko ikasturtean ireki liteke, eskaeraren eboluzioaren aurreikuspena kontuan izanik». Moldaketa gauzatzeko, ordea, Gimenok beharrezkotzat jo du foru arau baten onarpena: «Legeak eskatzen dituen prozesuak jarraituz egin behar da».

Hezkuntza Departamentuak aldaketak egiteko jarraitu beharreko prozesuaren inguruko txostena eskatu du. Horren arabera, 80/2019 Foru Dekretuan moldaketak egiteko «ikastetxe maparen moldaketari dagokion espediente administratiboa jarraitu behar da, Hezkuntza kontseilariaren beharrezko Foru Aginduaren onarpenarekin amaituz». Dekretu horrek arautzen du ikastetxeen mapa, ikasle bakoitzari dagokion eskola zehaztuz, haren bizilekua, ikasketen maila eta aukeratutako hizkuntza eredua kontuan izanik. Eta dekretu hori da, Nafarroako Gobernuaren arabera, «familiek euren seme-alabak Mendigorrian aurrematrikulatzea eragotzi duena». Izan ere, D ereduan ikasi ahal izateko, Garesera joan behar dute ikasle horiek.

Araudi berria ikasleek aurrematrikula egin aurretik onartzea «komeni» dela azpimarratzen du txostenak. Gimenoren iritziz, ordea, ezinbestekoa da hala egitea, «hezkuntza komunitateak aurretiaz jakin ahal izateko zein hizkuntza eredu eskainiko den zentro bakoitzean».

Mendigorriko guraso talde batek euren sei haurrak euskarazko hezkuntza ereduan matrikulatu ahal izateko hasitako bidea ez da laburra. Azken pausoa duela bi aste eman zuten. Euren eskaerak kontuan hartu ez direla argudiatuta, Hezkuntza Departamentuan gora jotzeko errekurtso bat aurkeztu zuten. «Ez dugu ez ezezkorik, ez baiezkorik jaso. Familiak asko sufritzen ari gara», salatu zuten, eta gaineratu, hiru hilabeteren buruan erantzun egokirik eman ezean, auzitara jotzeko asmoa dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.